Azkarraga sailburuak azpimarratu zuenez, atzo inauguratutako instalazioetan emango diren zerbitzu horiek tresna laudagarria dira gizalegezko Justizia Administrazioa lortzeko.
Justiziarekiko Lankidetzarako Zerbitzuek 3.582 pertsonari eman zieten arreta 2002 urtean Euskal Autonomia Erkidegoan, ia 28.000 esku-hartzeen bitartez.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak Justiziarekiko Lankidetzarako Zerbitzuen instalazio berrien inaugurazioan, Bilbon, jakinarazitako kopuru horrek islatzen du, haren ustez, “egoera zailean dauden gure Erkidegoko herritarrei eta Justizia egiteko ardura dutenei emandako laguntzaren garrantzia”.

Azkarragaren iritziz, zerbitzu horiek “gizalegezko Justizia Administrazio bat lortzeko tresna laudagarria dira, erabiltzaileen (biktimak, auzipetuak edo epaituak) beharrak eta itxaropenak ulertzen laguntzen dutelako, eta haien egoeraren araberako konponbide juridikoak errazten dituztelako”.

Adierazi zuenez, Justiziarekiko Lankidetzarako Zerbitzuak “Gutxieneko Zuzenbide Penal” gisa definitutako eredu batean eta zigor-justizia leheneratzaile, gizarteratzaile, erabakitzaile eta bermatzailean oinarritzen dira. Horretaz gain, azpimarratu zituen justiziaren, herritarren eta komunitatearen zerbitzuen arteko elkarrizketan dituzten egitekoak.

Delituaren biktimak, atxilotuak edota epaituak izan daitezkeen EAEko herritarrei eta Justizia Administrazioari Administrazioak ematen dizkien zerbitzuen funtzioak aipatu zituen sailburuak, eta horien jardueraren balorazioa ere egin zuen.

a) Atxilotuari Laguntza Emateko Zerbitzua (ALEZ)

b) Zigor Betearazpenari eta Gizarteratzeari Laguntzeko Zerbitzua (ZBGLZ)

c) Biktimari Laguntzeko Zerbitzua (BLZ)

ALEZ

Eusko Jaurlaritzaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arteko lankidetza hitzarmen baten babespean sortu zen 1987an. Atxilotuari Laguntza Emateko Zerbitzuak honako bi egitekoak ditu:

· Lehenengoa: atxilotu edo auzipetuari laguntzea, edo, beharrezkoa bada, tratamendua ematea, gizarteratzeko prozesuan sostengua emanez.

· Bigarrena: Instrukzioko edo Penaleko Epaitegiari informazioa ematea atxilotu edo auzipetuaren egoera pertsonala eta sozialari buruz.

Horietako lehenengoa egiteko, Atxilotuari Laguntza Emateko Zerbitzuak atxilotuarekin hitz egiten du, hark hala eskatzen badu, eta berehalako laguntza ematen dio Justizia Jauregian bertan, erabiltzaile eta familiei egoera judizialaren berri emanez. Gizarteratzeari begira atxilotuarekin lan-plan bat sortzeaz gainera, letratu defentsariari informazioa ematen dio, eta, beharrezkoa denean, kasua gizarte-zerbitzu eskumendunei helarazten die.

Bere bigarren funtzioa osatzeko, zigor arloko erabakiak hartzeko kontuan hartu beharrekoak izan daitezkeen datu pertsonalak ematen dizkio epaitegiari, eta, gainera, atxilotua espetxetik ateratzen denerako, eta gizarteratze-programetan parte hartzen duenerako dauden baliabideen berri ematen dio. Prozeduraren fase bakoitzean gizarte-txostenak egiten dira eta aldizkako bilerak izaten dira epaile eta fiskal eskumendunekin, kasuak aztertu eta baloratzeko.

Zerbitzu honetan ari den lan-taldea 10 pertsonez osatuta dago, zazpi gizarte-langile eta hiru administrari laguntzaile Vitoria-Gasteizko, Donostiako, Bilboko eta Barakaldoko Justizia Jauregietan.

Atxilotuari Laguntzeko Zerbitzuaren 2002ko balantzeak 26.204 esku-hartze jasotzen ditu, horietako gehienak Bizkaian (16.791)

ZBGLZ

2002ko abuztuan sortutako zerbitzu honek oinarrizko bi egiteko ditu:

- Organo judizial eskumendunei informazioa ematea, zigorrak eta segurtasun neurriak betearazi daitezen.

- Zigor edo neurri horien betearazpen materiala.

Horrek esan nahi du Zigor Betearazpenari eta Gizarteratzeari Laguntzeko Zerbitzuak epaileari edo zigorra ezartzen duen epaimahaiari informazio eguneratua ematea, pertsona epaituaren familia-, gizarte-, lan- eta osasun-egoerari zein egoera pertsonalari buruz.

Era berean, zerbitzuak jarraipena egin behar du, organo judizial eskumendunak ezarritako betebeharrak betetzen ari direla edo lan-planaren betearazpen materiala garatzen ari dela egiaztatzeko. Ekidinezineko beste neurrietako bat izango da pertsona zigortuari edo gizarteratze prozesuaren barruan segurtasun-neurri baten pean dagoenari laguntzea.

Une hauetan, lan-taldea bost gizarte-langilez osatuta dago –bat Araban, bat Gipuzkoan eta hiru Bizkaian-.

Balantze bat egiteko, kontuan hartu behar da sei hilabete baino ez direla pasa lanean hasi denetik. Epe horretan 429 esku-hartze izan dira, honakoen inguruan: zigor-etendurak (384), segurtasun-neurriak (43) eta indultuak (2).

BLZ

1990ean sortu zen EAEn, eta une honetan bere jarduera oso finkatuta dago generoko biolentziaren arloan. Bere egiteko nagusiak lau dira:

1.- Pertsonari laguntza, edota, beharrezkoa bada, tratamendu psikologikoa ematea, hark eskatzen badu.

2.- Biktimari bere eskubideen berri ematea, eta eskubide horietaz baliatzeko laguntza.

3.- Biktimaren baimenarekin, organo judizialei eta fiskaltzei informazioa ematea haiek eskatzen dutenean, biktima horrek duen egoerari buruz: soziala, familiarena, pertsonala, psikologikoa…

4.- Biktima bihurtzearen prebentzioaren eta biktimen eskubideen eta baliabideen inguruan gizartea sentsibilizatzea.

Laguntza zuzena eta pertsonalizatua ematen duen zerbitzu hau beti saiatzen da biktimaren segurtasunik eza leuntzen irekitako lege-prozeduraren aurrean, eta beste edozein arlotan bigarren mailako biktima-bihurtzea ekiditen.

Oso garrantzitsutzat jotzen da zerbitzu horren eta egiten duen lanaren berri ematea, ematen duen ezinbesteko laguntzagatik ez ezik, gizarteari eta Biktimologiari egiten dien ekarpen gaitzagatik ere, azken hori gehienentzat nahiko zientzia berria eta ezezaguna delako.

Lan-taldea 13 pertsonez osatuta dago –lau Araban, lau Gipuzkoan eta bost Bizkaian-. Horietatik lau legelariak dira, hiru psikologoak, hiru gizarte-laguntzaileak eta hiru administrariak.

Jardunaren balantzeari dagokionez, 2002an delituaren biktima zuzenak ziren 673 emakumeri eman zien arreta zerbitzu honek, eta 167 gizoni. BLZtik pasatu ziren zeharkako biktimak 223 emakume eta 71 gizon izan ziren. Hau da, 1.134 pertsona guztira, biktima zuzenak eta zeharkakoak. Horiei erantsi behar zaie zigor arlotik kanpoko arazoengatik arreta jasotako beste 276 pertsona.Gainera, eta etxeko biolentziaren biktima gisa, 611 pertsonari eman zitzaien laguntza. Zerbitzuak 238 txosten egin zituen, besteak beste juridikoak eta psikologikoak.

Jatorria: Joseba Azkarraga