Joseba Azkarraga Sailburuak eta EHUko errektore Manuel Montero jaunak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Donostian; kontsulta handiko hainbat legezko testu euskaratzeko aukera emango du, eta horien artean daude, besteak beste, Askatasun Sindikaleko Legea, Langileen Estatutua, Jabetza Horizontalaren Legea, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioarena, eta Konstituzionalarena.

Akordioak ezartzen duenari jarraiki, Euskal Herriko Unibertsitateak bere irakasleak eta ikertzaileak jarriko ditu aholkatu eta lan horiek egiteko, eta Justizia Sailak, berriz, horien finantzaketa hartuko du bere gain. 2004rako aurrekontua 90.152 eurokoa da.

Joseba Azkarragak adierazi duenez, irmo jarraituko du ?beharrezkoak diren ahaleginak baliatuta Justiziaren eremuan hizkuntza-normalizazioko prozesua dinamizatuz eta sendotuz?. ?Urratsak egin dira ?esan du sailburuak-, baina oraindik egiteko asko dago?.

Hizkuntza-normalizazioko prozesu honetan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak abiarazitako jardueren eta ekimenen artean 1998an sorturiko Erakunde arteko Batzordean eginiko eztabaidak eta lanak azpimarratu behar dira; 1999an euskararen erabileraren normalizazioari buruz Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiak (AJKN) eta Eusko Jaurlaritzak sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren garapena; euskara erabiltzeko esperientziak zabaltzea, eta Justizia Administrazioko langileen artean euskalduntze-mailak sendotzea.

Justizia Administrazioko bostehun funtzionario inguru, karrera judizialeko beste 24 kidez gain, ari dira aurten zerbitzu publikoaren euskalduntze-programaren barruan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bultzatzen dituen euskara-ikastaroetan.

Jatorria: Joseba Azkarraga