Joseba Azkarraga. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua
Eibarko Justizia Jauregi berria abian jarrita, Eusko Jaurlaritzak 1990ean hasitako
Egoitza Judizialen Plana amaierara heldu da. Gure gizartearen funtsezko zerbitzu
publiko bati aurpegia aldatzeko, planta berriko hamahiru eraikin egin dira,
eta beste hiru erabat zaharberritu, 180.303.630 eurotik gorako inbertsioaz baliaturik
(30 mila milioi pezeta); baina aldaketa are sakonagoa izan da. Aginte publikoak
herritarrak eskubideen eta obligazioak dituzten pertsonak diren aldetik oso
serio hartu ditu, Justizia Administrazioaren funtzionamendu zuzenaren erantzukizuna
hartu duen moduan, eta, plan hori garatzean, hain zuzen, horretaz konturatzen
lagundu zaie herritarrei.
Oroimenak 1987ko
amaierara eramaten gaitu, urte hartan gure gain hartu baikenuen baliabide ekonomikoen
eta materialen eskumena, Gernikako Estatutuan onartutako berori. Atal horri
estatuak zuzendutako inbertsio eskasa zela-eta, egoera mingarri samarrean geunden,
estutasuna nagusi; eta, oraindik ere, egoera horretan daude beste zenbait erkidego.
Orduan, Euskal Administrazioak argi ikusi zuen adabakiak eta oihal beroak jartzean
oinarritutako politika ez zela nahikoa izango, eta, hortaz, modernizazioaren
aldeko apustu sendoa egin zuen. Modernizazioak honako ardatzok eduki behar zituen:
azpiegitura judizialak erabat zaharberritzea, informatika judizialaren plan
integrala eta zerbitzuen kalitatea.
Gogora ekarri behar
ditut Juan Ramón Guevara, Javier Caño, José Ramón
Recalde, Ramón Jáuregui, Francisco Egea eta Sabin Intxaurraga.
Nire aurreko Justizia sailburuak dira, inbertitzeko ahalegin handia ekarri duen
modernizazioaren aldeko politikaren bultzatzaile. Era berean, une honetan ezin
ahaztu ere, José María Lidón epailea, ETAk erail zuenaren
arte, 2001eko irailaren 7an, Justizia modernizatzeko abiatutako prozesu guztietan
arduraz eta gogo handiz parte hartu baitzuen Sailarekin lankidetzan.
Bultzada eta ahalegin
horiek guztiek merezi izan dute. Justizia arloko profesionalek beraiek oso positibotzat
jo dute Euskal Autonomia Administrazioaren jarduera bere gain hartutako eskumenaren
gainean. Horixe azaldu zuten, hain zuzen, Justizia Administrazioan dihardutenen
iritziak ezagutzeko iaz egindako inkestan.
Baina hemen hurrengoa
nabarmendu nahi dut: justizia herritarrei gerturatzeko asmo bera dagoela garatutako
eta abian dauden plan guztien oinarrian, hala baliabide materialei dagokienez,
nola giza baliabideei. Horra hor, esate baterako, justizia.net orria, hezkuntza
xumea erabilita etxetik Justizia Administrazioaren funtzionamendura hurbiltzeko
eta jaiotze edo ezkontza-ziurtagiriak, enkante judizialen gaineko informazioa
edo zinpeko aritzeko datuak lortzeko baliabidea. Europan ekimen aitzindaria
da, eta lanabes baliagarria Justizia zerbait urrun eta lauso samarra balitz,
ezezaguna izanik, susmoak, mesfidantza eta arbuioa ere ekar ditzakeen zerbait
bezala, irudikatzen duen irudiari aurre egiteko.
Orain Herritarren
Justizia Arloko Eskubideen Gutuna aurkezten ari da. Legez besteko proposamen
gisa sartu da Diputatuen Kongresuko erregistroan ?diotenez? Estatuaren ondoz
ondoko gobernuek justiziarekiko izandako ahanztura historikoa konpondu nahian.
Behar beste baliabide ekonomikorik erabili ez dela aitortzen du, baita zerbitzuaren
erabiltzaileak berak, herritarrak, bazter utzi direla ere.
Justizia, Lan eta
Gizarte Segurantza sailburua naizen aldetik, pozik eta harro ikusten dut gutun
horretan jasotako zenbait helburu dagoeneko gure erkidegoan indarrean daudela.
Ez bakarrik Justizia moderno eta teknologikoki aurreratuaren aldarrikapenari
dagokionez, baizik, batez ere, ezarritako zenbait helburu dagoeneko gure egiteko
moduen baitan daudelako. Delituaren biktimei edo adingabekoei ematen zaien laguntza
bereziak ditut gogoan, hala gomendatzen den gardentasuna, nola kalitatezko doako
justizia.
Egia da helburu
guztiak ez daudela gure esku. Justizia Administrazioan erakunde eskudun ugari
ibiltzea dugu arazo handienetariko bat behar bezalako eraginkortasunik ez lortzeko.
Gogoratu egingo dut epaileak eta magistratuak Aginte Judizialaren Kontseilu
Nagusiaren baitan daudela; idazkari judizialak Justizia Ministeriorenean, eta
Justizia Administrazioko langileak ere ez daudela euskal funtzio publikoan sartuta,
Kidego Nazional deitutakoei baitagokie.
Logikoa da, beraz,
sistemaren funtzionamendu egokiak zailtasunak dituela onartzea. Gure herritarrek
aise baliatu behar dute Justizia Administrazioa, taburik eta erresuminik gabe,
aisialdi edo kultura udal zerbitzuekin edo postetxeekin egiten duten eran. Justizia
jauregi batek ez du zertan izuturik bertan edozein kudeaketa egiten ari den
herritarra, gizarte zerbitzuetako edo etxebizitza ordezkaritza batean egingo
zuen moduan. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan Sailak gaian zerikusirik duten
erakunde guztiekin koordinatzeko ahalegin handiak egiten du, eta horrela jarraitzeko
asmoa dauka, betiere funtsezkotzat dugun deszentralizazioari uko egin gabe.
Zerbitzua baldintza hoberenetan eskaintzea eta bikain ematera heltzeko asmoa
izatea, horra hor arrazoiak; izan ere, beti pentsatu baitut zerbitzu bat eraginkortasunez
emateko herritarrak izan behar duela erreferentzia bakarra.

Jatorria: Eusko Alkartasuna