Erakundeetako adierazpen batean, Estatuari dagozkion urraketak ere gogorarazi ditu Azkarragak, esaterako, 18/98 sumarioko epaia, tortura, espetxe-politika eta alderdien legea. Joseba Azkarraga (EA) Justizia sailburuak Eusko Jaurlaritzako adierazpen bat irakurri du Gasteizen, bihar Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izango baita.

Hasteko, ETAk su-etena hautsi ondoren, ´gure artean herritarrek duten bizitzeko eskubidea ukatzen dutenak daudela ikusten´ dela salatzen du testuak. Gainera, ETAren azken ekintza ´odoltsuekin taldeak ez du bidegabeko oinazea bakarrik sortzen, Giza Eskubideen Adierazpena erabat ukatzen baitu´.

´Erakunde terroristaren jarraipena azaldu, justifikatu edo babestu egiten duen edozein hitzaldik legitimotasun eta sinesgarritasun osoa galtzen du´, dio adierazpenak.

18/98 sumarioa

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren ustez, ´lehen belaunaldiko´ giza eskubideak ´euren bihotzetan bertan zaurituta daude´ 18/98 sumarioan, prozesu horren inguruan izandako azken atxiloketak eta kartzelaratzeak aipatuta.

Euskal Exekutiboaren iritziz, epaiak komunikatu aurreko azken atxiloketen fasea ´Estatuaren bidegabeko eta gehiegizko ariketa baten atal dramatikoa besterik ez da izan´.

Ildo horretan, ´zigorretako eta prozesuetako bermeak hainbeste arindu dira, bidegabeko eta neurrigabeko kartzelaratzeak gertatzen ari direla´ gaineratu, eta ´XXI. mendean iritzi delituak mantentzea anakronikoa´ dela baieztatu du.

Espetxe-politika, tortura eta alderdien legea

Presoak sakabanatuta izatea mantentzen duen espetxe-politika indarrean egoteak presoentzat eta euren senideentzat zigor bat gehiago dela ere salatzen du adierazpenak.

Giza eskubideen arimari eta edukiei eraso egin ohi zaiela ere aipatzen da testuan, ´espetxeetan ematen jarraitzen den tortura bezala´.

´Elkartzeko eta adierazteko askatasunari, eta prentsa eta ideologia askatasunari dagozkien esparruak´ ezin direla ´alderdien legea edo terrorismoaren aurkako gehiegizko arauak aplikatuta murriztu´ azpimarratu du Azkarraga sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren izenean.
Jatorria: Joseba Azkarraga