Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak berriro ere berretsi du gaur egun euskal kooperatibismoaren sarearekiko duen lotura estuari eustea. Gertuagoko etorkizunari begira, Azkarragak esan duenez, “beharrezkoa izango da, adostasuna areagotze aldera, guztion interesekoak diren kontuei erantzuna emateko, bultzada ekonomikoaz gain, sakontzen jarraitzea”.

Azkarragak inauguratu du, gaur, Gasteizen, Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioaren Batzar Nagusia; saioan bazkide ugari izan dira, eta erakundeak iaz egindako jardueren txostena aurkeztu da bertan.

Lan sailburuak esan duenez, “ezinbestekoa da, bai, enpresa-talde indartsuak berritzea eta sortzea, eta horrelaxe ulertu du gure jaurlaritzak orain dela gutxi adietzera eman ditugun industria-politikaren lerro estrategikoak taxutzerakoan, baina, era berean, ezinbestekoa da gizarte-berrikuntzan inbertitzea, eta, horretarako, batez ere pertsonen alde inbertitu behar da”.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eta Kooperatiben Federazioaren arteko lankidetza urtero Gizarte Ekonomia Zuzendaritzak ematen dituen laguntzetatik haratago doa, eta lotuta dago enpresa sortzaile berriak prestatzearekin eta laguntza teknikoarekin. Joseba Azkarragak gogorazi duenez, “lankidetza hori arau-eremura ere zabaldu da”.

Ildo horretatik, Azkarragak adierazi die bazkide kooperatibistei bere eta jaurlaritzaren konpromisoa “hilabete honetan bertan” Euskadiko Kooperatiben Legea garatzeko araudia onartzeko. “Seguru nago araudi berri horrek funtsean hobetuko duela euskal eremu kooperatiboa, eta, batez ere, hori ekonomikoki garatzeko formulak ahalbidetuko dituela. Gainera, segurtasun juridikoa gehituko du, baita ere, enpresa-mota guztietan eragiten duten arazo erkideei “irtenbide kooperatiboak” aplikatzea”, esan duenez.

Orobat, sailburuak egiaztatu du “martxoa amaitu baino lehen” Euskadiko Kooperatiboen Erregistroaren arautze berria onartuko dela.

Aitzitik, azaldu duenez, tamalez, Legebiltzarra bertan behera geratuko denez, nahiz eta legezkotasun eta ekonomiari burukzo txostenak badauden, ez da Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzerik egongo. “Aldaketa hori beharrezkoa eta ezinbestekoa da, eta kooperatibei nazioarteko kontabilitate-arauak aplikatzearen ondoriozkoa”.

Jatorria: Joseba Azkarraga