Gizarteratze arloak, 247 milioi eurorekin, izango du aurrekontu-igoera handiena ekitaldi honetan, %26,15koa, hain zuzen ere. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak gaur aurkeztu du, Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Gaietako Batzordean, bere Sailaren aurrekontu proiektua 2006. urterako. Aurrekontu horien guztizko kopurua 478,5 miloi eurotik gorakoa da, eta %19,76ko igoera izan du aurtengo ekitaldiko aurrekontuarekiko. Kopuru horri gaineratu behar zaizkio Osalan eta Egailanen aurrekontuei dagozkien 20 milioi euroak.

Aurrekontuaren %96,85 (463 milioi euro baino gehiago) gastu arruntari dagokio, eta epigrafe garrantzitsuena “Transferentziak eta diru-laguntzak” izenburukoa da. Gainerakoa, %3,15, Inbertsioen atalari dagokio.

Justizia sailburuak baieztatu duenez, gaur goizean aurkeztutako aurrekontu-proiektuaren xedeetako bat Euskadiren hazkunde ekonomikoari laguntzea da, herritarren ongizatea hobetzeko helburu zehatzarekin. “Gizartea eraikitzen lagundu nahi dugu, ahalik eta modu justu eta orekatsuenean, elkartasuna eta gizarte kohesioa baitira gure konpromisoak”, esan du.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu orokorra lau arlotan banatzen da: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza; Gizarteratze eta Familia; eta Egitura eta Laguntza.

Justizia arloan, Azkarraga sailburuak adierazi duenez, “demokraziarentzat eta herritarrentzat ezinbestekoa” den zerbitzu hori etengabe hobetzen ahaleginduko da Saila. Arlo horretarako 126,7 milioi euroko aurrekontua dago (%18,19ko igoera aurreko ekitaldiaren aldean), eta bi aurrekontu-programatan oinarritzen da:

Justizia administrazioaren Programa, 104.895.439 euroz hornitua (2005ean baino %16,39 gehiago). Programa horretan, langileen ordainsariez gain, honakoak ere sartzen dira: egoitza judizialetako segurtasuna; horien mantentze-lanak; zerbitzu informatikoak; kalitate esperientziak; Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea; eta Hizkuntza Normalkuntza. Inbertsioen kopurua 8.809.594 eurokoa izango da, eta Bake Epaitegientzako laguntza 1.334.300 eurokoa.

Justizia Programarako (Giza Eskubideen Zuzendaritza eta Zigor Betearazpenaren Zuzendaritza horren barruan daude) 21.852.728 euro erabiliko dira. Atal horretan nabarmen igo dira langileen gastuak, transferentzia eta diru-laguntza arruntei dagokienaz gainera. Sailburuak adierazi duenez, “%54,8ko igoera ikusgarria dago, eta ia guztia doako laguntza juridikoaren atalerako erabiliko da.

Zigor Betearazpenaren Zuzendaritzaren bidez honakoei erantzuten zaie: adingabeen inguruko neurri judizialen betearazpenari, 4011.860 eurorekin; justizia administrazioarekiko lankidetzari (helduen arloan), biktimari laguntzeko zerbitzuetarako, atxilotuari laguntzeko zerbitzurako, zigor betearazpenerako eta gizarteratzerako, 1.080.892 eurorekin. Horrez gain, presoen egoera hobetzen jarraitzeko helburuarekin, 306.000 euro jarriko dira arlo horretan lan egiten duten elkarteentzako diru-laguntza gisa. Doako justiziarako, bestalde, 8,4 milioi euro erabiliko dira, aurreko ekitaldian baino %95,33 gehiago. Etxeko biolentziari buruzko ofiziozko txandarako ere 500.000 euro daude. Eta “Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundea” sustatzen jarraituko dugu, 692.400 eurorekin.

Giza Eskubideen Zuzendaritzak 1,8 milioi euro izango ditu, eta haren egiteko nagusiak Giza Eskubideak eta Bakearen Kultura sustatzea, Bake eta Elkarbizitzari buruzko azterlanak egitea eta Giza Eskubideen Institutuekin eta nazioarteko erakundeekin hitzarmenak sinatu kudeatzea izango dira.

Lan eta Gizarte Segurantza arloari dagokionez, 97 milioi euroko aurrekontua eman zaio haren programetarako. “%8,64ko igoera izan du aurreko ekitaldiarekiko”, nabarmendu du Azkarragak Sailburuordetza horren aurrekontua aipatzeko. Igoera nabarmenena lana eta familia bateragarri egiteko kontu-sailek izan dute, %51,7koa, hain zuzen ere.

Azkarragak azpimarratu duenez, Sailaren jarduna lau programatan gauzatuko da arlo horretan: Gizarte Segurantza eta Lan Osasuna, Enplegua, Gizarte Ekonomia eta Prestakuntza.

Lehenengorako (Gizarte Segurantza eta Lan Osasuna), 21,8 milioi euro erabiliko dira, eta horri esker gizarte-aurreikuspeneko sistemak sustatzeko eta laguntza behar duten giza taldeei eta sindikatuei laguntzeko diru-laguntzak eman ahal izango dira.

Hala ere, lau programa horietako partida garrantzitsuena, 13,77 milioi eurokoa, Osalanen jarduera finantzatzekoa izango da. Joseba Azkarragak gai horri buruz iragarri duenez, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Plan Zuzentzaileak (2003-2006) jasotzen dituen hainbat neurri aplikatuko dira kontrolerako jarduerak indartzeko, eta 5 pertsona gehiago jarriko dira lanean, orain arteko 25ez gain, lantokietan prebentzioaren kontrola egiteko, urte honen amaieratik hasi eta 2006. urte osoan.

Azkarragak gogora ekarri ditu, halaber, sindikatuei eta enpresaburuen elkarteei diru laguntzak emateko partida (1,5 milioi euro), enpresa txiki eta ertainetan arriskuak kudeatzeko sistemak jartzeko 310.000 euroak, eta ikerketan erabiliko diren 260.000 euroak.

Enplegu programaren aurrekontuak, ia 33 milioi eurokoak, %2,06ko igoera izan du. Bestalde, lana eta familia bateragarri egiteko familia-programak ia 15 milioi euroko aurrekontua izango du, %51,70 euroko igoerarekin.
Atal horretako jarduera nagusiak izango dira familia eta lana bateragarri egiteko programak hedatzea, zailtasunak dituzten giza taldeen kontratazioa sustatzea, txanda kontratuaren bidez plantillak berritzen laguntzea, lan-denboraren banaketa bultzatzea, enplegu eta prestakuntzako egitasmoen barruko kontratuak sustatzea, lan merkatua aztertzea eta kultura ekintzaileari laguntzea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baliabideak ordenatzen dituen Egailan sozietate publikoaren aurrekontua 7,7 milioi eurokoa da. Horietatik, 825.000 euro enplegu bulegoetarako hiru lokal egokitzeko erabiliko dira. Langairen partida, bestalde, 1,7 milioi eurokoa izango da.

Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordetzari dagokion atala amaitzeko, Gizarte Ekonomiako programa 5,9 milioi euroz hornituko da, eta Prestakuntzakoak 21,5 milioi izango ditu.

Gizarteratzeari dagokion aurrekontu-sailak izango du igoerarik handiena, 247 milioi eurorekin. Horren barruan, Familia Babesteko Zuzendaritza sortu da. “%26,15eko igoera da hori, eta bazterkeriaren aurkako eta laguntza behar handiena dutenen aldeko jarduerak egiteko erabiliko da”, azpimarratu du Joseba Azkarragak.

Gizarteratzeko programen aurrekontua 227,1 milioi eurokoa da. “Logikoa den bezala, diru-kopuru horren zati handi bat Oinarrizko Errentan (2006. urtean lanbide arteko gutxieneko soldataren %86koa izango da) eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan gastatuko da, 179 eta 30 milioiko kopuruekin hurrenez hurren” esan du sailburuak.

Bestalde, Familia arloak 19,8 milioiko aurrekontua izango du, eta horietatik 18 milioi seme alabak dituzten familiei laguntzeko erabiliko dira. 579.258 euro irabazi asmorik gabeko entitateei laguntzeko erabiliko dira, familia arloko programak eta jarduerak garatu ditzaten.

Eta, azkenik, 204.000 euro EAEtik kanpo espetxe zigorra betetzen ari diren edo prebentziozko presoaldian daudenen familiei diru-laguntzak emateko erabiliko dira.

Azkenik, Egitura eta Laguntza Sailburuordetzak 7 milioi euroko aurrekontua izango du.

Estatutuan jasotzen diren arren transferitu gabe dauden eskumenak ere Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila finantzatzen ari dela azpimarratu du Joseba Azkarragak batzordearen aurrean: “Egoera anomalo hori ezin da justifikatu ikuspuntu politiko batetik, eta kontuetan jasota egon dadin nahi dugu” adierazi du.

Adierazi duenez, “2002. urtean hartu genuen gastu horiek aurrekontuetan islatzeko konpromisoa. Hori dela eta, oraingoan ere, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak argi utzi nahi du 68.8 milioi eurotan baloratzen dugula transferitu gabeko eskumenetan gastatu behar duguna.

Eta, gaineratu duenez, “salatu beharreko kontua da: gobernu zentralak eskumenaren titulartasunari eusten dio, finantza-ahalegin handia eginarazten digun aldi berean. Horrek bere horretan jarraitzen duen bitartean, herritarrei ahalik eta zerbitzurik onenak ematen ahaleginduko gara”.

Gai horiek finantzatzeko Sailak erabiltzen dituen fondoak honako arlotakoak dira: Enplegua(47.738.588 euro), Prestakuntza (20.401.284 euro) eta Justizia (746.028 euro).

Jatorria: Joseba Azkarraga