“Les hommes n’acceptent le changement que dans la nécessité et ils ne voient la nécessité que dans la crise» (Gizonek aldaketa, beharra dagoenean soilik onartzen dute, eta beharra, krisialdian soilik onartzen dute)
Esaldi hau Jean Monnetek 1976an idatzi zituen memorietan biltzen, du, hil baino 3 urte lehenago.
1888an jaioa, gerora Nazio Batuen Erakundea bilakatuko zen Nazioen Ligako buruetako honen helburu politiko nagusia izan zen Herrien arteko aliantzak sortzea, ongizate eta bake egoera iraunkorrak ernal zitezen. Berak idatzitakoa da « Schuman Adierazpena », 1950eko maiatzaren 9an Parisen Robert Schuman Frantziako kanpo gaietarako ministroak handikiro irakurria. Konrad Adenauer Alemaniako Errepublika Federaleko kantziller eta Alcide de Gasperi Italiako gobernu buruarekin batera, lau politikari hauek Europar Batasunaren arkitekto nagusienetarikoak eta “aita sortzaile”ak izan ziren. Jean Monneten politika ulertzeko moduaren erakusle da hau; garrantzi gehiago eman zion bizitzea tokatu zitzaion garaiko aurrerakuntzari, titulu edo ohore pertsonalei baino.
Gaur bizirik balitz, uste dut Monnetek esaldia errepikatuko zukeela, aldaketa txiki baina esanguratsu batekin akaso: “Gizakiek aldaketa, beharra dagoenean soilik onartzen dute, eta beharra, krisialdian soilik onartzen dute”.
Egun, europar guztiok argi dugu Europar Batasuna bidegurutzean dagoela. Aldaketa behar-beharrezkoa du, baina borondate eta ausardia falta zaie erosotasun burokratikoaren zorroan dauden buruzagi gehienei. Bitartean, herritarrak eta Herriak gara adore, konpromezu eta eskuzabaltasun ez horren ondorio ankerrak pairatzen ditugunak, jada Europan ahaztuak genituen estutasun eta gabezia mailak berriz jasanez.
Estatu kideak kolektiboki galduta sentitzen dira ere, eta ez dakite nondik eta nora jo bistakoa den paradigma aldaketa honen aurrean.
Europaren desberdintasun sozialaren inguruko datuak kezkagarriak dira; emigrazioaren kudeaketa, lotsagorritzekoa; erro soziala duten arazoei aurre egiteko militarizazioa, burugabea; eskasia duten askori austeritatea exijitzea gutxi batzuren mesederako, onartezina; Europaren mugetan ematen diren gatazkei konponbiderik ez eman –nahi- izatea, eramangaitza.
Europar Estatuak krisi guzti hauei aurre egin ordez, atzera egiteko politikan dabiltza, boterea kontzentratzen, eskuduntzen birzentralizazioan, Demokrazia bera larrutan eta izanik gabe utziz ia.
Demokrazia al da Europak Turkia edo Libiarekin negoziotan ibiltzea, errefuxiatuen arazoa gainetik kentzeko?
Demokrazia al da Europa gormutu geratzea espainiar estatuak darabilen ibilbide antidemokratikoaren aurrean, politikaren judizializazioaren aurrean, politikari –hauen artean europarlamentari izandako bi-, militante edo ekintzaileen kartzelaratzearen aurrean, bake prozesuaren muzinaren aurrean, ustelkeria kirasdunaren aurrean, eta abar luzeegi baten aurrean?
Erantzun luze eta zaila izan dezaketen galdera hauei, beste bi erantsiko dizkiogu, erantzun labur eta errazekoak:
Beharrezkoa al da Europar Batasuna? Bai.
Zilegi al da itsasontzia eskuin muturrera zuzentzen dabilenean, eta pilotua eskuin “xamurrekoa” izanik, muturrekoei men egiten diela ikusirik, ontzia lagatzea? Ez.
Ezkerrak ezin du salto egin; haatik, timoia hartu behar du lehen bait lehen, Giza Eskubideak, justizia soziala eta Demokrazia bera ezin direlako biharko utzi; igarotzen den egun bakoitzeko, zailagoa izango baita norabidea zuzentzea.
Europa arrakalatzen ari da. Albo batetik, bere Herri batzuen eraikuntza nazionalaren ernalketagatik, eta bestetik, estatu gehienen lan eta gizarte arloko prekarietateagatik. Horregatik, kemenez ekiteko garaia heldu zaigu, Jean Monnetek bere garaian bezala.
Beste Europa bat eraiki behar dugu, berau osatzen duten Herrien ahotsa entzun eta erritmoa errespetatuko duena; batzuek independentziarako bidea hartuko dute, beste askok burujabetza gehiagorakoa.
Gainera, Europako gizarte zibilak goitik beherako aldaketa eskatzen du hamaika modutara. Gazte langabezia, pentsio lotsagarri edo ezdeusak zein emakumeen inbisibilizazioa eta zokoratzea ezin dira erantzun gabe geratu. Mugimenduan dagoen eta mugiarazten gaituen gizarte zibilak erakutsi du borrokak kaleetan ere irabazten direla; autogestioa, antolakuntza eta elkartasun bidez.
Jean Monneten beste aipu batekin bukatuko dut: “Bakea eta oparotasuna gizakion elkartasunarekin soilik ziurtatu daitezke”.
Lorena Lopez de Lacalle Arizti
EAko nazioarteko idazkaria
Aliantza Libre Europarreko presidente ordea