Defentsako abokatuek iragarri dute 18/98 makro sumarioan ebazteke dauden kausak artxiba ditzaten eskatuko dutela. Abokatuek Auzitegi Nazionalaren sententzia oinarririk gabeko “lardaskeriatzat” jo dute eta euren esanetan, “Garzonen tesiei ematen zaien lehen kolpe nagusia da”, izan ere, erakunde hauek ETAren parte zirela zioen Garzonek.
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako jarduneko Justizia sailburuak salatu egin du Jarrai, Haika eta Segiko kideen kasuan behin-behineko espetxealdia gehiegizkoa izan dela eta bere buruari galdetu dio ez ote dituzten absolbitu eskandalua saihesteko.

Azkarragak gogora ekarri duenez, “epaiketa honetan prozesatuta egon diren gehienek zigorrak ezartzen duena baino denbora gehiago eman dute espetxean” eta salatu egin du “behin-behineko espetxealdiaren erabilera eman eta erabaki ez den zigorra aurretiaz bete izana.

Azkarragak salatu egin du PPk PSOEren babesarekin sustatutako “bultzada politikoa”, izan ere, bere esanetan, bultzada horrek “euskal hiritarrekin lotutako Auzitegi Nazionalaren jarduera ugariren hasiera markatu du”.

Hala ere, pozik azaldu da “Auzitegi Nazionalak sententzia honen bitartez interes politikoari inoiz tokia utzi behar izan ez zioten erreferentzia politikoak berreskuratu dituelako”.

Goizean egin duen agerraldian Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Auzitegi Nazionalak emandako sententzia penalei buruzko azterketa bat aipatu du; azterketa horren arabera, sententzia horietako %38 Auzitegi Gorenak baliogabetu egiten ditu eta bere hitzetan, sententziak baliogabetzeko arrazoiak “froga falta eta epaietan izaten den motibazio eskasa dira”.

18/98an ebazteke dauden kausak artxibatzeko eskaera

Bestetik, sententziaren aurrean helegitea aurkezteaz gain, 18/98 makro sumarioan ebazteke dauden kausak artxibatzeko eskaera egingo dutela iragarri dute kasu honetako defentsako abokatuek. Abokatuen esanetan, Auzitegi Nazionalak emandako sententzia oinarririk ez duen “lardaskeria” da, baina, esan dutenez, “Garzonen tesiei emandako lehen kolpe nagusia da”; izan ere, erakunde horiek ETAren parte zirela zioen Garzonek.

Arantza Zulueta abokatuak azaldu du gazte erakunde horietako kide direlakoan inputatutako 16 gazteen defentsak ez direla konformatuko Auzitegi Nazionalak terrorismoa egin beharrean kale istiluetan barneratutako ekintzak egiten dituztela ondorioztatu izanarekin eta froga faltaren aurrean gazteentzako absoluzioa eskatuko dute.

Salatu duenez, “sententzia lotsagarria eta benetako lardaskeria da” izan ere, “inolako irizpide juridikorik gabe idatzi dute eta azkenetik, kondenetatik hasi dira sententzia hori idazten”. Bere esanetan, zigorrak “hitzartu” egin zituzten Gobernuarekin eta “magistratuak (zigor horiek) justifikatzen baino ez dira saiatu epaian”.

Esan duenez, “ezin daiteke kondena minimoez mintzatu 3 urte eta erdiko zigorrak ezartzen direnean” eta “Jarrai, Haika eta Segi bezalako erakundeak inolako kargu frogarik gabe desegiteari buruz hitz egiten denean”.

Zuluetaren hitzetan, epaian ez dute frogatzen aipatutako erakundeek “kale borroka” antolatzen zutenik eta Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea aurkeztuko dutela iragarri du akusatuen “absoluzioak besterik ez daukalako tokia prozedura honetan” eta “Jarrai, haika eta Segiren legitimitatea” eskatzeko.
Jatorria: Joseba Azkarraga