Gorka Knörr. Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia Gorka Knörr
Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia da 1999ko azaroaren 21etik, «ETAk
su-etena hautsi baino astebete lehenagotik». Eusko Legebiltzarreko bulegoan
egiten ditu, hala ere, lanordu gehienak, Mahaiko lehendakariorde baita legegintzaldi
hasieratik.

Egoera politiko
orokorragatik ezkor dagoela aitortzen du Gorka Knörrek, eta «itxaropen
bakarra» AB, Aralar, Zutik eta Batzarrekin abiatutako ekimenak ematen
diola. Gaur Urruñan izango da, beste lau alderdiotako ordezkariekin batera.

•Indarrak
uztartzen zubiak eraikitzen agiria abiapuntua dela adierazi duzue. Norako abiapuntua?

Guretzat garrantzi
handiena daukan hitza erantzukizuna da. ‘Agiri hau sinatzen dugunok erantzukizun
osoz jokatu behar dugula uste dugu’. Hori da gakoa.
•Zer zentzutan,
erantzukizuna?

Ezin gara nor bere
erakundeetan egon, nor bere esparru propioetan, begira. Mugitu behar dugu. Ez
bakarrik mugitu behar dugula esan, eta elkarrizketa bultzatu behar dugula esan,
baizik eta benetan mugitu, eta gure artean elkarrizketa bultzatu. Gertuen daukagun
jendearekin bildu eta gogoeta komuna egiteko modu eraginkor bat izan da agiriarena.
Orain jarraipena eman nahi diogu, ardatz horietan. Izan dira irakurketa elektorala
egin dutenak, edo ea noren kontra doan nabarmendu dutenak, baina era positiboan
irakurri behar da. Bost indar, nahiz batzuk oso txikiak izan, biltzeko gauza
izan gara, elkarrekin hausnarketa egin, eta agiri bat sinatu dugu. Eta agiri
horretan gauza sakon batzuk esaten dira, guretzat ezinbestekoak direnak.
•Besteak
beste, burujabetza prozesu bat abiatzeko konpromisoa hartzen duzuela diozue.

Konpromisoa hartua
dugu. Bai lehen, Lizarra-Garaziren garaian, eta bai gaur egun, oso garbi ikusten
dugu inolako prozesurik ezin dela aurrera atera, baldin eta aurrez baldintza
batzuk ez badira. Eta baldintza horietatik garrantzitsuena bake giro lasai bat
da, batzuek eta besteek beren proposamenak aurkez eta truka ditzaten.
•Su-etena
eskatu izana gogor kritikatu die ETAk beste lau alderdiei, baina EA aipatu ere
ez du egin.

Bakoitzak bere
irakurketak egingo ditu. Ez da lehenengo aldia ETAk EArekin bereizketa egiten
duena.
•Zuk zer
irakurketa egiten duzu?

Oso nabarmena da.
Boston artean EA da alderdirik handiena, eta ETAk ezkutatu nahi du hor EA dagoela.

•Batasuna
eta EAJ gabe abiatu duzue ekimena.

Gertuen gauden
indarren arteko adostasuna da. Batasunarekin badago arazo bat: Batasunak esana
du ez diola eskatuko ETAri su-etena, eta hori ezinbesteko gogoeta da agiri horren
inguruan biltzen garenontzat.
•Eta EAJ?
Zuek, gainera, koaliziokide duzue hainbat erakundetan.

Gertuen esaten
dudanean, independentismo garbia, autodeterminazio eskubidearen aldeko apustua,
progresismoa eta bakezaletasuna esan nahi dut. Esparrua hori da. Ikusirik AB,
Aralar, Zutik eta Batzarrek hartutako bidea, gauzak nahiko argi daude.
•EA, beraz,
lau alderdiokin elkarlanean ari da burujabetza prozesua bultzatzeko engaiamendua
hartuta, batetik, eta EAJren koaliziokide gisa Ibarretxek gidatzen duen estrategiari
leial zaio, bestetik. Bateragarriak dira bi bideak?

Ez dira kontrajarriak.
Alderdiak alderdi dira, eta gobernuak gobernu. Gobernu akordioak markatzen du
bidea gobernuan. Baina gobernutik kanpo gauza asko egin ditzake ez bakarrik
EAk, baita besteek ere. Eta gero, agiri horretan esaten duguna garbia da: ez
bakarrik konpromisoa hartuta dugula, baizik eta esaten dugu baita ere ez dela
posible halako prozesu bat abiatzea, eta prozesu biltzailea izatea, baldin eta
ez bada lan egiten bakezko jokaleku bat egon dadin. Ez dugu egiten hemen burujabetzaren
alde elkartu eta gero gobernuan beste gauza bat esan. Gobernuan ez dugu ezer
diferenterik esaten. Gobernu eta hauteskunde programetan jasota dago autodeterminazio
eskubidea, oso garbi. Beste gauza bat da nola gauzatzen den.
•Maiatzaren
13az geroztik Jaurlaritzak egindako bideaz zer balantze egiten duzu, gatazkaren
konponbideari dagokionez?

Lehenengo, PP ez
da mugitu eta ez da mugituko. Bi: sozialisten baitan krisia egon da, eta krisi
hori dela medio Redondorenak egin badu ere, ez dezagun espero izan sozialisten
aldetik aldaketa sakonik. Nire aurreikuspena da 2003ko hauteskundeak baino lehenago
ez direla aldatuko. Hiru: maiatzaren 13ko emaitzek bere burua ezker abertzaletzat
duen esparru horretan krisi bat ekarri du, edo birmoldaketa bat. Batasuna prozesuak,
batasuna ekarri beharrean, bakartasuna ekarri du, Batasunaren bakartasuna. Horren
irakurketa egin beharko lukete. Hori ez dut nik esango; bakoitzak egin behar
du irakurketa bere etxean.
•Hori besteei
begira. Baina norberari begira? Alegia, Ibarretxek gidatzen duen autobus hori
nora doa?

Bigarren martxa
jartzeko prest gaudela esan dugu Eusko Alkartasunekoek. Saiatzen ari gara. Bagenekien
ez zela erraza izango. Ia urtebete behar izan dugu hauteskundeen emaitzen lehenengo
digestioa egiteko. Hori gauzatzen ari da. Eta paraleloan beste lan bat joan
da: ezohiko plenoak eta autogobernuaren inguruko batzordea. Ekaina bitartean
lanek jarraituko dute, eta ez dakit ebazpen bat onartzera iristeko gauza izango
garen. Hori lehenengo pausoa izango da, eta ikusiko dugu aurrerantzean.
•Udal hauteskundeetan…

Urruti daude oso!

•Noiz erabakiko
duzue hauteskundeetara nola aurkeztu?

Ez dakit zer erabaki
behar dugun.
•Ez dago
ezer erabakitzeko?

Bat: gu bezalako
alderdi batentzat gauzarik normalena da gure zerrenda propioekin aurkeztea.
Bi: azkenengo hauteskundeetan erabaki bat hartu behar izan genuen batez ere
emergentziako egoera batean geundelako. Ez dut uste udal hauteskundeetan izango
dugun egoera ordukoarekin pareka daitekeenik. Hiru: hala ere, gure kongresuan
hartutako ebazpenaren arabera, betiere aukera bat uzten zaie, behar izanez gero,
bestelako bideei. Baina oso urruti daude hauteskundeak, eta goiz da edozertarako.

•Abertzaleen
Batasuna, Aralar, Zutik, Batzarre eta EAren elkarlana hauteskundeei begira ere
egina dela ulertu duenik bada.

Agian batek baino
gehiagok horri beldurra diolako. Berriro diot: orain arte egin ditugun bileretan
gure kezka nagusia izan da gu guztion erantzukizunetatik nola jokatu gaur egungo
egoerari begira. Ikusten dugu herri hau harrapatuta dagoela bi poloetatik: intransigentzia
edo egoskortasun politikoaren polotik, eta ETAren indarkeriaren polotik. Eta
horren erdian dauden indar politikoek beren erantzukizuna bere gain hartu eta
politikoki jokatu behar dute. Euskal Herriaren proiektua kolokan ikusten dugu,
eta proiektu hori aurrera atera nahi dugu, erantzukizunez.

«Batasunaren ilegalizazioaren aurka borrokatzeko eta beharrezko helegite
guztiak paratzeko prest gaude»

Batasuna legez
kanpo uzteko saioaren aurka borrokatzeko prest dela dio Gorka Knörrek,
baina azkenean ilegalizazioa ez dela gauzatuko uste du.
•Batasuna
legez kanpo uzteko bidean dira.

Astakeria hutsa.

•Adierazia
duzue kontrako iritzia, baina gaiaren larritasunak ez al du eskatzen adierazpen
hutsetatik areago joatea?

Saioa egin dugu
oso irmoki ilegalizazioaren kontra ateratzeko. Eta Batasunak berak ipintzen
ditu zailtasunak. Batasunak beti eskatzen du elkartasuna berekiko, baina inoiz
ez du elkartasunik eskaintzen erasoak bestek jasotzen dituenean. Dena den, astakeria
galanta da. Hori esan dugu, eta ilegalizazioaren aurkako manifestuarekin bat
egin dugu.
Bestalde, Batasunak
nahi badu erregatea egin, Lizarrako foroan orain bi urte sinatu zuten idazkia
berretsi beharko lukete. Han sinatu zuten ez dutela babesten ez justifikatzen
giza eskubideen kontrako erasorik. Nire galdera da ea 2000ko otsailaren 11n
sinatu zuten hura gaur eta hemen izenpetuko zuten.
•Baietz
esango dizute.

Arazoa da Otegik
esaten duela, behin eta berriro, Sinn Feini ez bazitzaion eskatu gaitzespenik,
Batasunari ere ez zaiola eskatu behar. Aipatu dudan testu horren aurrean PPk
arazorik aurkituko duen ez dakit, baina Batasunak hor dauka aitzakiak kentzeko
aukera.
•Jar gaitezen
hipotesi txarrenean: Batasuna legez kanpo jarri dute. Zer egiteko prest dago
EA?

Espero dut astakeria
hori ez gauzatzea.
•Espero.
Uste ere bai?

Uste dut ez dela
gauzatuko. Baina gertatzen bada, gu prest gaude horren kontra borrokatzeko eta
beharrezko helegite guztiak paratzeko.
•Instituzioetatik
ere bai?

Bai. Eta gure Justizia
sailburuak argi eta garbi esan du. Beharbada jipoia jasoko du horregatik, baina
argi eta garbi esan du.

Imanol
Murua Uria /egunkaria.com
Jatorria: Eusko Alkartasuna