Pello Urizar eta Joan Puigcercos ERCk mugimendu subiranista baketsua egituratzeko EAren ekimena babestu du.

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari buruz hartutako erabakiaren ondoren, “independentzia da Estaturik gabeko nazioei geratzen zaigun irtenbide bakarra”, adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Bartzelonan. EAko buruzagia han bildu da Joan Puigcercos ERCko presidentearekin eta bileraren ostean prentsaurrekoa egin dute elkarrekin, egungo egoera politikoa aztertu eta gero.

EAko buruzagiak ERCko bere homologoari azaldu dio EAk ezker abertzalearekin hasitako prozesuaren nondik norakoa, Euskal Herriko indar independentista aurrerakoiak bilduko dituen mugimendu subiranista baketsu bat egituratzeari begira, euskal Estatu independentea sortzeko helburuz.

Puigcercosek ERCren babesa eskaini dio EAren ekimenari eta alderdiak legez kanpo uztea demokraziarik ezaren isla dela salatu du; halaber, Euskal Herrian indarkeriak behin betiko amaitu behar duela nabarmendu du.

Azkenik, Urizarrek azaldu du batzuek Euskal Herrian eman nahi duten normaltasun irudia faltsua dela, “batasuna berdintasunarekin nahasten baitute”, eta mugimendu subiranista baketsu bat egituratzeak euskal gehiengo soziala benetan zein den agerian utziko duela ohartarazi du.

Jatorria: Eusko Alkartasuna