IKERNE BADIOLA EAko Komunikazio idazkariaren iritziz, espainiar Gobernuko kide batzuek eta PPko zenbait agintarik egin berri dituzten adierazpenek “agerian utzi dute haien etsai handia independentismo politikoa dela”.

Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak adierazi duenez, euskal gizartea nekatuta dago legez kanpo uzteko mehatxuekin eta normalizazio politiko egoera batera heltzeko urratsak emateko prest dago, demokraziarik eza gainditze aldera. Egoera horretan “PP ez da bere tokia aurkitzen ari”, erantsi du Badiolak, “eta beti susmatu egin dugun bezala, popularren jokaera agerian uzten ari da euren etsai handia independentismo politikoa dela”.

EAko buruzagiak horrela erantzun die Barne ministro Jorge Fernandez Diezi eta EAEko PPko presidente Antonio Basagoitiri, hauek Bildu legez kanpo uzteaz ari direlako. “Euskal gizarteak -dio Badiolak- aspaldidanik daki benetako politikaren orduan sartu garela, baina PPk ez du horretaz ohartu nahi, independentismo politikoaren indarra ikusita, interesatzen ez zaiolako”. Hori dela eta, EAkoak barregarri geratzeari uzteko eta gizarte bezala aurrez aurre ditugun erronkei heltzeko eskatu die espainiar Gobernuari eta euskal PPri.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA