Jon Lezak, EH Bilduko batzarkidea Araban, ikasleen garraiorako diru-laguntzen ildoa aldatzeko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari, herrialdeko udalerri sakabanatuenetan bizi direnen beharrari erantzuteko. “Maiz hitz egiten dugu landa eremuaren alde egin beharreko lanaz eta biztanleria mantentzeko neurriak martxan jartzeaz, eta batzuetan dirudiena baino errazagoa da, horrelako neurriekin, adibidez”, adierazi du Lezak.
Gaur egun, gazteak ikasketak egiten ari diren ikastetxea ez den beste udalerri batean bizi badira bakarrik ematen dira laguntzak. Hori arazo bat da Araba bezalako herrialdean, udalerria osatzen duten guneen arteko garraio publikorik ez dagoelako askotan. Horregatik, batzarkide abertzaleak azaldu duenez, “irizpideak aldatzea litzateke egokiena, udalerri ezberdinetan ikasi eta bizi beharrean, gune ezberdinetan izateko”. Irizpide-aldaketa horrek gune txikietan bizi eta udalerri berdineko beste gune batean ikasten duten gazteek diru-laguntzak eskuratzea erraztuko luke: “Trasponte edo Billodan bizi eta Iruña Okan ikasten dutenak, Domaikian edo Ametzagan bizi direnak eta Murgian ikasi, etab”.
Jon Lezak datorren ikasturterako diru-laguntzen deialdian aldaketak egitea eskatu dio diputatuari, eta EH Bilduk irizpideak ezartzeko mozioa aurkeztuko duela iragarri du.