Joseba Azkarraga
, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua Estatu Batuetako
Idahoko amerikarrek argi eta garbi esan dute: Euskadin biolentzia segituan gelditzeko
deia egiten dute, eta autodeterminazio-eskubidea errespetatzea eta Madrilgo,
Parisko eta Gasteizko gobernuak zein bakearen alde lan egiten duten taldeak
Euskadi baketzeko prozesuan erabat murgil daitezen eskatu.
Idahoko Ordezkarien
Ganberako Osoko Bilkurak hartu du akordioa eta orain Boisen berretsi beharko
du estatu horretako Senatuak; gainera, Chirac, Aznar eta Juan Carlos Erregeari
bidaliko zaie. Estatu espainoleko presidenteak begirunez eta etengabe Estatu
Batuetatik datorren guztia ontzat eman ohi duela kontuan hartuta, segurua da
berri hau ere babestu eta errespetatuko duela. Kontuz, baina! Hau Bakearen aldeko
ekimena da eta ez, ordea, gudarako deia, PPko liderrak, ia egunero bere ejertzitoak
mota guztietako gerretako eskaintzen dituen berak, hain gustuko dituen Ekialdeko
edo Balkanetako gudetarako deia, esaterako.
Idahoko akordioa
ez da mota horretako lehena. Kennedytarren garaiaz geroztik, zenbait estatu
konfederatuk bultzatu dituzte antzeko ebazpenak Irlandako bakea eta irlandarren
borondatea errespetatzen dituzten elkarrizketa bidezko konponbideak lortze aldera.
Izan ere, lur haietara joandako euskal artzainekin eta ostalariekin gertatu
zen bezala, milaka irlandar errotu ziren han, eta haien ondorengoek ez dute
ahaztu, ez, iparraldeko itsasoko irlarekiko duten konpromisoa.
Ez zen arraroa
izango Idahoko Ordezkarien Ganberaren ekimen hori hedatzea inguruko estatuetan,
haien eguneroko bizitzaren alde guztietan gure lurraren eta gure jendearen aztarnak
baitaude. Zein jarrera izan behar du, ordea, Espainiako gobernuak? Senak esaten
dit ekimenaren berri izan bezain pronto, Atzerri-Arazoetako Ministerioak, Piqué
buru duela, demokraten erabateko onespena lortutako errepublikarren ekimena
‘desarmatzeko’ aginduko ziola Washingtongo enbaxadoreari. Izan ere,
Estatu Batuetako Senatuan horrelako eztabaida egiteak nabarmen utziko bailituzke
euskal gatazka amaitzeko Aznarrek darabiltzan tesiak.
Idahoko proposamenean
lehenengo eta behin biolentzia segituan bertan behera uzteko eskatzen da, eta
hori gogoan hartu beharko dute biolentzia darabiltenek edo haren aurrean isilik
geratzen direnek. Ez da batere erosoa Espainiako Gobernuak temati defendatzen
dituen postulatuetarako, baina arazo bat konpontzeko, finean, gure herriaren
sufrimendu handia saihesteko, leiho bat ireki egin da.

Jatorria: Eusko Alkartasuna