Anjeles Iztueta Azkue (EAEko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua)
Hezkuntza-sistema, gure gazteen prestakuntza- eta sozializazio-mailako premiei
erantzuten saiatzen da. Gizarte aurreratuak, arlo ekonomiko, politiko eta soziokulturaletan
emandako aldaketa azkarrengatik nabarmentzen dira. Informazioaren eta ezagutzaren
gizartea, osotasuna eta modernitatearen porrota dagoeneko paradigma berri bat
dira. Gure sistemak aldaketa horiek etengabe egin behar ditu, erantzuteko gaitasuna
galdu nahi ez badu. Bizitzaren edozein arlotan ez da aldaketen beldur izan behar
eta are gutxiago hobekuntzaren erronkari. Hala ere edozein aldaketa, behar bezala
justifikatu ondoren egin behar da; aldaketa batek gogoeta partekatu zabala,
eta erantzukizun handia eskatzen du. Planteatuko den edozein aldaketa, behar
bezala justifikatu, eta egoeraren analisi eta diagnostiko zorrotza egin ondoren
burutuko da. EAEn hezkuntza-sistema sendoa eta edozein herrialde garaturen pareko
badugu ere, hori ezin da aitzakia bezala erabili eztabaida saihesteko eta hobekuntza
planteatzeko. Izan ere, oraindik konpondu beharreko egitura- eta kultura–arazoak
daude, eman daitekeen eskola-porrota ahal den neurrian murrizteko.
Lehendabizi, batetik,
gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin beharko genuke, hezkuntza-sistema kokatzen
den testuinguru kultural, sozial eta politikoaren analisia, eta bestetik, hezi
eta prestatzeko erronkari arlo materialean eta pertsonalean ematen ari garen
erantzunarena. Diagnostiko horretatik bi elementu azpimarratu nahiko nituzke:
pertsonaren balioa eta pluraltasuna onartzea. Pertsonengan oinarritutako sistema
behetik gora osatu behar da, eta gure gizartean ematen den aniztasunari erantzun
behar dio. Aktore guztien parte-hartze eta erantzukizun partekatua ardatz hartuta
egindako diagnostikoa da; bertan helburuak, gizarte osoaren zerbitzura lan egitea
izan behar du, eta ez ordea interes politiko eta partidista jakin batzuei erantzutea.
Estatuko Gobernuak aitzitik, goitik hasi eta behera doan erreforma planteatu
du, errealitate anitzari erantzun uniformizatzailea emateko asmoz.
Diagnostikoa egin
ondoren, helburuak argi zehaztu beharko genituzke. Oso garrantzitsua da helburuetan
adostasun zabala lortzea; izan ere, helburu berak ez baditugu ez gara erabakien
erantzule sentituko. Gobernu zentralak planteatutako erreforma, helburu honetatik
urrun dago.
Kalitatea, pertsonak
baloratzea da: konfiantza, erantzukizuna ematea, lankidetza, taldeko lana, integrazioa
eta hurbiltasuna sustatzea. Hezkuntza-komunitateko kideen parte-hartze demokratikoa
baloratzea, eta balioak eta jarrerak sustatzea… Edozein lege, arau eta sistemak,
bertako gazteak hezi eta prestatzearen zerbitzura izan behar du. Legeak eta
sistemak ezin dira euren baitan xede bihurtu.
Kalitatea, testuinguru
pluralera egokitzea da: gure errealitatearen ezaugarri nagusia, pentsatzeko
eta jokatzeko dugun gero eta modu pluralagoa da. Kalitatea, testuinguru plural
hau kontuan hartuta erantzun hezitzailea ematea da. Erreformako edozein planteamenduren
abiapuntua, errealitate plural hau errespetatzearen printzipioa izango litzateke.
Ezin da erantzun uniformizatzailea eman. Estatuko Gobernuak planteatutako legea
ordea, errealitate ez homogeneoari erantzun homogeneoa ematen saiatzen da.
Kalitatea, hezkuntza-sistema
era malguan eta autonomoan egituratzea da: legeak, hezkuntza–sisteman lanean
ari diren aktoreen behetik gorako partaidetza ikusi behar du. Parte-hartze hori
sustatzeak deszentralizatzea eta erantzukizuna testuinguru bakoitzera eramatea
suposatzen du. Guztion parte-hartze demokratikoa ezinbestekoa da; edozein aurrerapauso,
hezitzaile, irakasle, guraso eta ikasleek elkarrekin lan egitetik etorriko da.
Filosofia horrek, Estatuko Gobernuak planteatutako erreformak eskatzen dituen
printzipio ikuskatzaile eta kontrolatzaileekin aurrez aurre topo egiten du.

Kalitatea kultura
da, prozesua da eta ez egiaztagiri soil bat. Laneko prozesuen kalitateak, ondo
egitearen eta kalitatearen kultura gure eguneroko lanean aplikatzea eta aplikazio
hori bermatuko duten burutze-prozesuak ezartzea suposatzen du. Horrek izan behar
du gure helburu nagusi. Kanpoko ziurtagiriak, beharrezkoa izan arren, ez dauka
lehentasunik. Garrantzitsuena gauzak ondo egitea da.
Kalitatea, informazioaren
gizartean sartzea, eta bitarteko materialak eta pertsonalak ezartzea da. Kalitateak,
informazioaren gizartean sartzea, teknologia berrietan sartzea, eta teknologia
horiek hezkuntza eta prestakuntza hobetzeko erabiltzea esan nahi du. Kalitateak,
irakasleen prestakuntza integralaren, etengabeko hobekuntzaren eta etengabeko
autokritikaren aldeko apustua egitea esan nahi du. Gure hezkuntza-sistemak arduratsua
eta malgua izan behar du. Etengabeko aldaketara egokitzeko premia baitugu. Gure
seme-alaben hezkuntzaren hobekuntza gure ingurunearen prestakuntza-premiei erantzun
eraginkorrena ematetik etorriko da.

Jatorria: Eusko Alkartasuna