Martin Aranburu Carrera – Legebiltzarkidea

Aberri guztiek dituzte nortasun nazionala baieztatzeko beharrezkoak diren sinboloak, eta beren funtzioa kolektibo nazionalaren nortasun politikoa berrestea eta sendotzea da. Ikurrinak, ereserkiak eta festa nazionalak dira, besteak beste, funtzio hori betetzen duten elementu sinbolikoak. Logika horren baitan, normaltzat jotzen dut Espainiak ere bere egun nazionala ospatu nahi izatea, ulergarria suerta dakidake baita indar militarra harrotasun nazionalaren ezinbesteko elementutzat jotzea ere. Negatiboa eta triste samarra iruditzen zait aberri baten irudia armadan oinarritzea; izan ere, lehenaldiko estatalismo indarzale eta zaharkituen ondorioa baita, nire aburuz, baina ez noa ni besteen etxeko gaiak konpontzera. Halere, nahiz eta herenegungo eguna jarrera ulerkor batekin analizatu nahi, badira azalduko ditudan bi kritika.

Lehendabizikoa eta nagusia gerrate zibileko bi soldadu parekatzea. Inork imajina al dezake Alemaniako egun nazionalean soldadu hitleriano bat Berlindik zehar desfilatzen? Edo Italiako egunean fascio bat Erroman? Ez da gertatu, ezta gertatuko ere. Egun nazionalaren desfilean lehenaldiko errejimenen oinordekoak diren nazi, fascio edo frankista bati lekua egiten dioten demokraziek, edo ustezko demokraziek, errejimen horiek zilegitzat jotzen dituzte, lehenaldiaren parte direla onartuz eta kontziliazioa lortu dela antzeztu nahirik. Zer kontziliazio, baina? Naziak eta fascioak pairamendu askorekin garaitu zituzten, eta garai horietan Alemanian eta Italian gertatutakoa ezin da inolaz ahaztu, eta are gutxiago, zilegitasun izpirik eman. Espainian, ordea, diktaduratik abiatutako prozesu demokratiko baten zaindari Armadak frankisten eta Division Azuleko kide izan zen bati leku egiten dio. Errepublikarrak eta frankistak leku berean uzten ditu. Erasotzaileak eta biktimak parean jarriz. Errepublikar horren baitan zebilen mina ez zen nolanahikoa izango. Bere gudakide piloa hil zituen armadaren desfilean.

Maragallen gaia da aztertu beharreko bigarrena. Zer egiten zuen Maragallek Madrilen? Hispanitatea ospatzen? Hiru premiazko gauza ahaztu zituen Maragallek herenegun: hispanitatearen oinarrian dauden balio diskriminatzaile, inperialista eta arrazistak, batetik; kataluniar independentismoa kide deneko gobernu baten ordezkari legez joan zela, bigarrenik; eta hirugarrenik, kataluniar guztien ordezkari gisa joan zela, kataluniarren gehiengo oso zabal batek hispanitatearen inguruan duen iritziari muzin eginez. ERC, PSC, CiU eta IC alderdiek, hau da, legebiltzar osoak PPk salbu, egun horretaz duten iritzia kontuan hartuta, PSOE pozteko egindako zerbait ez bada, ulertezina gertatzen zait berak hartutako erabakia ulertzea. Hala izanik ere, tristea da gero alderdi interesak kontuan hartzea herri baten ordezkari legez izan behar duen jarrera alde batera utzita.

Jatorria: Martin Aranburu