PISA txostenaren emaitzak ustekabean harrapatu gaitu batik bat Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikastetxeak eskaini dituzten datuengatik. EAEn eskolan dabiltzan gure seme alabek behera egin dute nabarmen aztertutako hiru eremuetan (gaitasun zientifikoa, gaitasun matematikoa eta irakurmena), aldiz Nafarroako ikasleak taulako goi partean mantentzen dira. Baina, inork ez zituen emaitza hauek espero? Bizi dugun autokonplazentzia egoeratik ateratzeko balio badu txostenak, gaitz-erdi!

Sarri, gure ongizateko zerbitzuak beste batzuekin alboratzeko garaian ustez espainiar Estatuan okerrago daudenekin egiten dugu eta inoiz ez kalitatezko zerbitzuak dituzten ipar Europako beste herriekin. Badirudi, sinistu egin dugula EAEn ditugun zerbitzuak espainiar Estatukoak baina askoz hobeagoak direla; eta garai batean horrela izan bazen ere, egun baieztapen hau errealitatetik urrun dago.

Egia da urteetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban izan dugun hezkuntza sistema punta puntakoa izan dela, baina argi dago azken urteetan egon diren murrizketa eta inbertsio gabeziak eragina izan dutela atzerapauso honetan. Horrez gain, Jaurlaritzak egindako azken neurketan badaude kontutan hartu behar diren zenbait adierazle eta argi gorriak piztu zituztenak. Benetan ustekabean hartu ditu txosten honek Hezkuntza saileko arduradunak?

PISA txostenaren datuak larriak dira ez soilik oinarrizkoak diren gaitasunetan gure ikasleek emaitza txarrak lortu dituztelako, baita ere Hezkuntza Sailak sorpresaz hartu dituelako. Uriarte sailburuak Urkulluk egunero saltzen digun oasian sinesten al du? Txostena ondo aztertu eta emaitza hauetara zein eragileek eraman gaituzten sakon aztertzeko garaia da.

Ezinezkoa da lerro gutxi batzuetan arazoari aurre egin eta hau konponduko duen neurriak aurkitzea; ez da gure intentzioa! Baina ezinezkoa izango da datu hauei buelta eman eta etorkizuneko hezkuntza sistema on bat izatea, akordio politiko, sindikal eta sozial zabalak lortzen ez badira.

Finlandiako hezkuntza sistema erreferente moduan hartu izan dugu beti eta etxeko-lanak nolakoak eta dituzten ala ez, gelako ratioak, lehenesten dituzten edukiak… izaten ditugu hizpide, duten hezkuntza sistemaren inguruko akordio zabala ahaztuaz. Finlandian hezkuntza sistema ez da Helsinkin egon daitezken gobernu ezberdinen arabera eztabaidan ipintzen, akordioan oinarritutako sistema iraunkorra dute eta negoziazio politikoetatik urrun dagoena.

Hori da hemen falta zaiguna. Ezinbestekoa da nahi dugun hezkuntza sistemaren inguruan akordio zabalak lortu eta Madrilgo gobernuak suposatzen duen kortse eta inposatzen dizkigun murrizketetatik urruntzea aurrera egiteko.

PISA txostenak gure ikasleek irakurritakoa nekez ulertzen dutela eta matematika eta zientzietan maila kaxkarra lortzen dutela esaten duen bitartean, hemen betiko eztabaidatan murgilduta gaude: hizkuntza ereduak, zientzietara eta gorputz hezkuntzara gure seme alabek eskaini behar dizkieten orduak, kontzertazioa edota ikastetxe bakoitzean bazkaria nork prestatu behar duen.
Gai hauek ere garrantzitsuak dira eta adostu beharrekok, noski! Baina benetako eztabaida gure hezkuntza sisteman datza. Zer nolako hezkuntza sistema nahi dugun zehaztu behar da eta eztabaida hauek ezin dira gobernu aldaketa bat dagoen bakoitzean eman. Hezkuntzak eta euskarak akordio zabal eta luzarokoak behar ditu; oinarrizko herri akordioak behar ditu. Alternatiba latza da: kaxkartasunean oinarritutako gizartea eraiki nahi dugu?