Bakea, demokrazia, subiranotasuna eta elkartasuna izango dira Aberri Eguneko mezuaren ardatzak Gernikako ekitaldian

Herriarekin herriarentzat lelopean ospatuko du Eusko Alkartasunak Aberri Eguna, etzi, eta Gernikako Santanape frontoian egingo du ekitaldi nagusia. Jai giroan, baina Euskal Herriko egoera politikoaren eta sozialaren gaineko gogoeta egingo dutela azaldu zuten atzo Gorka Knörr EAko idazkari nagusiak eta Onintza Lasa EAko bozeramaleak. «Gure egitasmoak aurrera eramateko borondatea aldarrikatuko dugu bertan, eta batez ere lau puntu nagusi aintzat hartuta: bakea, demokrazia, subiranotasuna eta alkartasuna», nabarmendu zuten.

Bazkariarekin hasiko dute jaia, eta gero,17:00etan, mitin politikoa egingo dute, Begoña Errazti EAko lehendakariarekin. Ospakizunera, beste herrialde batzuetako ordezkari ak ere gonbidatu dituzte. «Hala nola, gure artean izango ditugu ERCko gure lagunak, Frente Polisariotik ere etorriko dira, eta baita ere Errumaniako Auzitegi Konstituzionalak oraintsu legez kanpo utzi duen Errumaniako Liga Transilbanokoak; eta gainera, beste hainbat lagunen agurrak ere jasoko ditugu, adibidez, BNG, Galesko alderdiarena eta Partido Andaluzistarena», nabarmendu zuen Lasak. «Liga Transilbanoko presidentea egotearekin balio sinboliko handia izango du ekitaldiak; izan ere, Batasunarekin Espainiako Estatuak egindakoa, Europan beste estatu bik egin dute: Turkiak eta Errumaniak».

Lau puntu nagusiak

Gauza guztien artean lehenengo, bakea azpimarratu zuen Knörrek. «Gure herriak bakean jarduteko eta garatzeko duen eskubidea ukaezina eta bazterrezina dela aldarrikatuko dugu». Bakearekin batera, «benetako» demokraziaren beharra defendatzen dutela ere esan zuen. «ETAk ez dio uko egiten indarkeria erabiltzeari, entzurgor egiten dio euskal gizarteak behin eta berriro eskatutakoari. Gaur, lehen bezalaxe, indarkeria , giza ikuspegitik aberrazio hutsa izateaz gain, aparteko aitzakia da gure herriaren etsai politikoentzat, terrorismoaren aurkako borroka aitzakiatzat hartuta ez baitute legalitatea bortxatzeko zalantzarik; eta, zoritxarrez, eskubideen urraketak ugaritu egin dira azken hilabeteetan: adierazpen askatasuna, euskaraz bizi, hitz egin eta komunikatzeko askatasuna, eta beste zenbait eskubide». Hori dela-eta, egungo demokraziak «birtualaren» antz handiagoa daukala esan zuten Knörrek eta Lasak.

Jatorria: Gorka Knörr