Elkarrizketa Begoña Lasagabasterrekin Begoña Lasagabaster abokatua da, eta EAko diputatua, Espainiako Kongresuan; Madrildik honako joan-etorrri batean harrapatu dugu.

Nola doaz negoziazioak EAJrekin?

Badoaz aurrera, eta, nik uste, hori baikorra dela. Esan dezaket bi alderdiok akordioa iristeko lanean jarraitzen dugula, baina askoz gehiago ezin dizut esan.

EAJrekin koalizio orokor bat egiteak ez al luke kaltetuko EAren independentzia?

Identifikatuta sentiaraziko gaituen akordioa lortu nahi dugu, herritarrei aurkeztuko zaien proposamen horretan gure ekarpenak egotea. Esperientziak erakutsi digu ez garela bide txarretik joan; aurreko koalizioak bazituen EAk defenditzen dituen elementuak; autodeterminazio eskubidea zen horietako bat. Eta, noski, akordio bat lortzekotan, guri oinarrizkoak iruditzen zaizkigun elementuak izan beharko ditu. Ez dugu uste kalterako izango denik.

Hauteskunde gauean, Begoña Erraztik independentzia aldarrikatu zuen, eta, segidan, baita Arzalluzek eta Ibarretxek berak ere. Baina Ibarretxeren proposamena beste bide batetik doa.

Guk uste dugu politikan beharrezkoa dela gauzak argi esatea, ez dakit onerako ala txarrerako den; onerako, iruditzen zait. Guk beti esango dugu independentziaren alde gaudela; gure jarrera da: independentzia Europan. Modu baketsuan, demokratikoan, eta betiere jendeak hala nahi badu, noski. Horretarako, herritarrak konbentzitu behar ditugu proposatzen duguna guztiontzat dela ona, ez bakarrik batzuentzat. Eta baldintzak lortu behar dira herri galdeketa egiteko, zaila delako bide baketsuez hitz egitea pertsona batzuen oinarrizko eskubideak mehatxatuta daudenean. Hori da oztopo handiena, eta baita Estatuko alderdiek ez nahi izatea ere. Gure lana da zirrikitu denak bilatzea, galdeketa posible izan dadin.

ETAk armak uztea ezinbesteko baldintza da?

Zerbait esan nahi duenak bide politikoen bitartez egin behar du. Bizikidetza baketsua lortzeko, jokoaren arauak politikoak soilik izan daitezke. Baina beti esan izan duguna: mundu guztiak esan dezala nahi duena, dena izan dadila defendigarria. Eta gehiengo batek hori argi berresten badu, egiteko aukera egon dadila. Ez digu balio independentzia aldarrikatzeak bakarrik; gehiengoak nahi badu, aurrera atera ahal dadila. Bestela, jokoaren arauak ere ez dira berak.

Eta zer diozu Ibarretxeren proposamenaz? Zer bilatzen du?

Ibarretxeren proposamenak prozesu bat irekitzen du; argi dago gobernu batek guztientzat gobernatzen duela, denen jarrerak izan behar dituela kontuan, eta gerturatze saio bat egin du. Orain, alderdioi proposamen zehatzak aurkeztea dagokigu.

Erraztik iragarri zuenez, autodeterminazio eskubidea jasoko duen estatutu bat.

Esparru politiko-juridiko berri baterako proposamena egingo dugu, martxoaren bukaeran edo. Logikoki, ez da asko urrunduko gure ibilbide politikoan planteatu izan dugunetik: ditugun ideiak eta proposamenak antolatu eta zehaztuko ditugu. Autodeterminazio eskubidea bozkatzea da helburua, baina bi zutabe daude: autogobernua eta lurraldetasuna. Ez dago kontraesanean Ibarretxeren proposamenarekin; guk zehaztu egingo dugu. Eta mahaian eseri beharko dugu: ea PPk zer proposatzen duen, PSE-EEk, EAJk, IUk… alderdi denek.

Batasunak ere bai.

Bai, nik uste dut argi dagoela parte hartu behar duela: bere proposamena egin behar du. Guztiok izan behar dugu aukera, proposamenak egiteko, berdintasunez eta negoziazio mahaian. Ikusiko dugu hori nola antolatzen den. Baliteke, hasieran, mahaira ezin denok eseri izatea, eta ahalegina egin beharko da guztiak sartzen joateko. Hori bai, hitz egiteak ez du esan nahi inork bere ideiei uko egin behar dienik. Eta hitz egitea ez da akordio batera iristea.

Batasuna legez kanpo uzteko prozesua hasi da, froga garaia Espainiako Auzitegi Gorenean. Zer iruditzen zaizu orain arte ikusitakoa?

Hasi den legez kanporatzea politikoa da, judiziala aspaldi hasi baitzen. Nola doan? Ebazpen judizial baten iragarritako kronika da. Ni beti harritu izan naute PPren gobernuko ministroek, eta, bereziki, Justizia ministroak: zein argi dituen epeak, datak, noiz emango den ebazpena… Ni zur eta lur uzten nau ikusteak nola ez duen zalantza izpirik eta nola hitz egiten duen antolatzailea edo ebazlea izango balitz bezala. Ez zaintzeagatik, esateko modua ere ez dute zaintzen. Dekretu bidez jarri nahiko lukete abian, baina ezin da. Eta prozeduran, kontraesanak agerian geratu dira: lehen eguneko testigantzak ikusita, ironiazko irribarrea irteten zaigu. Edonork daki ebazpen judizial bat egon dadin frogak egon behar direla. Prozeduraz ez dira arduratu, dena lotuta zutelako, eta kontraesana agerian geratu da. Horrek erakusten digu hau ez dela serioa, eta oso larria dela hori gertatzea demokratikoa izan nahi duen sistema batean: aniztasun politikoa eta adierazpen askatasuna murriztea.

Eta hauteskundeei begira, nola eragin dezake horrek? Nola berma daiteke aniztasun politikoa?

Ez dakit, egia esan. Gai hori ez dagokit niri, nik ezin diot esan zer egin behar duen. Arazo hori dutenak erabat errespetatzen ditut, eta uste dut hauteskundeetan egoteko modua bilatu beharko luketela. Herritar guztiek izan beharko lukete beraien ordezkari izateko aukera; oinarrizko printzipio bat da.

Beste alderdiek legez kanporatzearen kontra gehiago egin beharko zenuketela dio Batasunak…

Nik uste dut elkartasuna argi eta garbi adierazi diegula gure ekintzekin, alde guztietan. Espainiako Kongresuan eta Senatuan zehazki gure jarrera argia, gardena, erabatekoa izan da, zalantzarako tarterik uzten ez duena. Eta gizarteari begira ere gure desadostasuna agertu dugu hasieratik: EAk elkarretaratzeak egin ditu, bere kabuz, eta manifestazio handi bat antolatzen ere ibili zen. Baina, noski, ni ezin naiz sartu beste alderdi politiko baten bizitzan. Esku-sartze onartezina izango litzateke.

Espainiako Gobernuak espetxe politikarekin lotuta egin nahi dituen lege aldaketen kontra ere agertu da EA.

Bai, guztiz kontra. Neurri multzo horrek eskubideen murrizketa latza dakar. Presoei askatasuna faltako zaie, baina horregatik ez diote eskubideak izateari uzten. Guri oinarrizkoak iruditzen zaizkigun printzipio juridikoen kontra doa: berdintasun printzipioa, bergizarteratze printzioa… Ez daude ados mendekua eta marginazioa bergizarteratzearen gainetik jartzearekin. Zergatiari begira, berriz, ezin izan dute neurrien beharra frogatu ez arrazoitu. Aitzitik, ikerketa guztiek kontrakoa erakusten dute: bergizarteratzen direnek normalean ez dituztela delituak berriro egiten.

Beste arrazoi bat dago, orduan.

Elementu erabat demagogikoa da PPk darabilena, gaizki egiten duen dena estaltzeko politika. Gobernuaren kudeaketa txarra, Prestige-ren kasuko hondamendi ekologikoa, langabezia… estali egiten dituzte, oso maitea duten gai batekin, eta autoritarismoaren bidetik. Terrorismoaren kontrako borroka deituarekin datoz beti. Inoiz ez dute EAEko edo Nafarroako datu ekonomikoez hitz egiten. Beraien akatsak estaltzeko erabiltzen gaituzte, beste gai batzuez ez hitz egiteko. Ez genuke euren jokoan erori beharko. Munduan, oro har, autoritarismoa ahalbidetzen duen giroa dago. Segurtasun handiagoa behar dela faltsua da: ez dago segurtasun handiagoa, askatasun txikiagoa baizik. Eta oso garrantzitsua da gu ez isiltzea, presio politikoa eta mediatikoa handiak izan arren.

Idoia Etxeberria /egunkaria.com

Jatorria: Begoña Lasagabaster