EH Bilduk bere historian izan duen zinegotzi kopuru handiena eskuratu du azken hauteskundeetan eta hori baikortasunerako datua da, baita Europar erakundeetan olioa bezala zabaltzen ari den ultraeskuinak euskal erakundeetan lekurik ez lortzea ere. Horrek gainera Euskal Herria politiko eta soziologikoki ezberdina dela erakusten du; bide onetik goazela. Aurreikusitako emaitza onetan eta, batez ere udaletan, EH Bilduk egindako lanak jaso duen babesean oinarrituta, ez gara aurreikuspenetara heldu, baina, hala ere, EH Bilduren emaitzak zenbakiei begira baikorrak dira.

Euskal jendarteak perfil propioa erakutsi duten Udal Gobernuetako lana saritu du eta horrek ere baikortasunera garamatza. Hori bereziki nabaritu da parte hartze sozialean sakondu duten udalerrietako kasuan, hiritarrei, lau urtean behin botoa ematera deitu beharrean, egunerokotasuneko gaietan parte hartzeko aukera eman dieten horietan.

Hala ere, tamalgarria da Gasteiz eta Araban aldaketa ezin garatzea; hastear dagoen legegintzaldirako Gipuzkoak jasangarria den Gobernua ezin lortzea, eta Bizkaian aldarrikapenetan egon diren sektoreetara ezin iristea, gizarte justiziaren kontrako ereduaren alde egin dutenak sarituz. Era berean, etsigarria da ere Iruñea eta Nafarroako aldaketak ez duela jarraitzeko beharrezkoak zituen babesak lortu, nahiz eta Joseba Asironek eta berak aurrera eramandako proiektu politiko eta instituzionalak babes zabala izan.

Galdera ezinbestekoa da: Zergatik Euskal Herriak bizi izan dituen eta bizi dituen mobilizazioak ez dira indarrean dagoen ereduaren kontrako botoetan gorpuztu? Zergatik EAJ eta PSE –mobilizazio horiek aldatzea helburu duten egoera sortu duten indarretako bi- dira gizartearen gehiengo batentzat balore segurua? Galdera horien aurrean, gobernatu ditugun erakundeetan egindako lan ona azalerazteko gai izan beharko ginateke, jendarteak EH Bildurengan konfiantza izateko ez bakarrik pankartari heltzeko baizik eta erakundeetako lana bermatzeko ere. EH Bildurekiko dagoen beldurra –EAJ eta bere komunikabideek bultzatutakoa- konfiantza bilakatzeko modua aurkitu beha dugu.

Subiranotasun esparruari buruzko hausnarketa ere egin behar da. EAEn batez ere, indar abertzaleak gehiengo absolutua bagara ere, ez dirudi EH Bildu eta EAJren arteko hitzarmenak, gobernatzeko eta egungo marko politikoa aldatzeko, aukera bat direnik. Emaitzak ikusita, EH Bildu eta EAJren arteko elkarlana eraikitzaileagoa izango litzateke beraien arteko konfrontazioa baino, helburua estatutismo epelenean eroso dauden jeltzaleak burujabetzarantz, edo, zergatik ez, subiranotasunera mugitzeko. Bere garaian EAk egindako lana egiten jarraitu behar da, orain EH Bildutik.

Egin berri diren udal, foru eta europar hauteskundeak 2011etik EH Bildu aniztasunean eta gizarte justizian oinarritutako Euskal Herria abegikoagoa eta libreagoa lortzeko egiten ari den karrera luzearen urrats berria dira. Bizitza zentroan jartzen duen Euskal Herria lortu nahi dugu, bertan bizi den jendea eta ingurua errespetatzen duena. Udaletan, Batzar Nagusietan, Kongresuan, Senatuan eta Europar Parlamentuan lan egiten jarraituko dugu, gero eta sendoagoa, indartsuagoa eta euskal gizartean errotuagoa dagoen proiektuan oinarrituta.