´Gutxiengoak aintzat hartu behar dira, baina horrek ez du esan nahi gehiengoak nahi duena baliogabetu daitekeenik. Horixe da, gure ustez, eztabaidaren gakoa´, adierazi dio Begoña Lasagabasterrek Espainiako Gobernuko presidenteari. Etorkizunean Euskal Herrian foro bat edo negoziazio politikorako mahai bat eratzen bada, ´inor´ ezin daitekeela ´baztertu´ esan dio Eusko Alkartasunak Madrileko Kongresuan duen bozeramaileak Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteari. Gainera, foro edo mahai horrek gizartearen gehiengoak onartzen duela errespetatu behar duela adierazi dio.

´Gutxiengoak aintzat hartu behar dira, baina horrek ez du esan nahi gehiengoak nahi duena baliogabetu daitekeenik. Horixe da, gure ustez, eztabaidaren gakoa´, azaldu du Lasagabasterrek.

Zapaterok Moncloa Jauregian hartu du Begoña Lasagabaster ETAren su-etenaren ondoren Kongresuko bozeramaile guztiekin egiten ari den bilera-sortaren baitan.

Eusko Alkartasuneko bozeramaileak azpimarratu duenez, ezinbestekoa da gehiengo eta gutxiengoaren artean ´oreka justu´ bat lortzea eta oreka hori ´argi´ geratzea. ´Elkarrizketetan parte hartzea´ Euskal Herriko alderdi politikoen ´eskubidea eta betebeharra da, eta adostasun zabalena bilatu behar dugu´, esan du.

Bestalde, Fernando Moraleda Estatuko Komunikazio idazkariak ez ditu gai hauek aipatu bere mintzaldian, izan ere, Gobernuaren eginkizuna oraingoz su-etena ´egiaztatzea da eta politika ondoren etorriko da´, adierazi du.

Gatazka konpontzeko gakoak

Prozesu honetan aztertu beharreko kontzeptuak zeintzuk diren azaldu dizkio Lasagabasterrek Zapaterori. Eusko Alkartasunaren arabera, baketzea, normalkuntza politikoa eta adiskidetzea dira euskal gatazka konpontzeko aintzat hartu beharreko hiru gakoak. Hori bai, bakoitzak bere ´denborak, agenteak, ordezkariak…´ dituela nabarmendu dute.

´Ez dira nahastu behar, baina erabakitasunez jorratu behar dira´, berretsi du Lasagabasterrek. ´Gakoetako bat biktimen gaia da, hots, nola hartu dezaketen parte adiskidetzean´; Gobernuaren espetxe-politika ere izan du hizpide eta ´lege betetzea´ baino ez dagoela esan du.

Normalkuntza politikoari dagokionez, asteburuan izandako erasoen harira Batasunak egindako adierazpenak ´urrats´ garrantzitsutzat jo ditu, ´politikaren bidea aukeratzea delako, gainerako estrategiak alboratuta´.

Laburbilduz, Begoña Lasagabasterrentzat ´oso positiboa´ izan da Zapaterorekin egindako bilera. Biak bat etorri dira ´arduragabekeria handia´ izango litzatekeela ´bakea eta normalkuntza politikoa´ erdiesteko aukera hau ez aprobetxatzea.
Jatorria: Webmaster