Danimarkak Groenlandiako herritarren burujabetza eskubidea onartu du

Groenlandiar alderdi subiranistak zoriondu ditu Eusko Alkartasunak, aste honetako hauteskundeetan arrakasta handia izan baitute, bereziki herritarren babes handiena duen alderdia, ideologia sozialdemokrata duena eta eduki sozial sakona duen programa aurkeztu duena. Alderdia pozik agertu da irlako herritarren bozkek Europar Batasuneko politikaren erdigunean jarri duelako erabakitzeko eskubidea berriro ere.

Eusko Alkartasunak azpimarratu duenez, Groenlandiako herritarrek hala erabakitzen badute, independentzia prozesua egingo da Europar Batasunean, normaltasun politiko eta sozial osoz, eta Danimarkako Estatuaren errespetuarekin. Hauteskundeetako emaitzei begira, epe ertainean hiritarren galdeketarekin amaituko den prozesu subiranista egingo dela aurreikusi daiteke. Eskoziako erreferendumaren ostea, Europar Batasunaren barruan bigarren kasua izango da.

Eusko Alkartasunak azpimarratu duenez, Espainiaren antzeko ezaugarriak dituen estatu batean -monarkia parlamentarioa eta nazioanitza, eta EBko kidea- prozesu independentista bat egingo da. Horrek argi uzten du Euskal Herriko eta Kataluniako burujabetza prozesuetarako oztopoek Espainiako Estatuaren gabezia demokratikoei erantzuten dietela; ez datoz Europar Batasuneko kide izatetik, Madrilek askotan hala adierazi duen arren.