«Ez dira ondo hasi EAJ-EA koalizioa indartu nahi dutenak» IU-EBren sarrerak agerian utzi ditu EAJ eta EAren arteko tirabirak, Eusko Jaurlaritzako
sailen banaketari dagokionez. Gobernu hirukoitza osatzeko negoziazioetan zenbaitek
ez duela «leialtasunez jokatu» dio EAko idazkari nagusi Gorka Knörrek.

– Ez dirudi modu egokienean hasi denik Jaurlaritza hirukoitza, EAko hiru
sailburuen eraldaketa dela eta, EAJ eta EAren arteko ika-mikak agerian geratu
baitira.
– Iragan ekainean osatzeko zorian egon zen gobernu hirukoitza gauzatzea
lortu dugu azkenean, eta hori pozgarria delakoan nago. Ez dut uste EAJ, EA
eta IU-EBk osatzen dugun gobernu hirukoitzak hasiera txarra izan duenik. Egia
da azken orduko aldaketak izan direla, baina ekainetik zeuden aurreikusita.
Dena den, EAJ eta EAren arteko desadostasunei buruz zera esan nahi nuke: negoziazio
prozesu osoan erabateko leialtasun eta zintzotasunez jokatu duela Eusko Alkartasunak,
beste batzuek ez bezala. Bi alderdiok osatu genuen koalizioa, eta Eusko Jaurlaritzan
hirugarren kidea sartzea gure arteko kontua -EAJ eta EArena, alegia- izan
zen. Baina gobernua zabaltzeko negoziaketetan batzuek ez dute jokatu koaliziokide
bezala. Baina tirabira horiek iraganeko kontua dira jada. Gertatutakoa ahantzi
eta aurrera begira jarri behar ditugu gure buruak.

– EA gutxietsi egin al du EAJk negoziazio horietan?
– Gure alderdiaren mugez -tamaina, esaterako- jabetzen gara EAko militanteok.
EA da koaliziokide txikiena; baina koaliziorik osatzen denean bi aldeek errespetatu
behar dute elkar. Eta hori da zenbait kasutan egin ez dena.

– Zer erantzukizun izan du Ibarretxe lehendakariak koaliziokideen arteko
negoziazioetan?
– Ibarretxek argi izan du beti bi alderdiren arteko koalizio baten lehendakaria
dela, edo izan behar dela. Baina badugu zertaz kexaturik, zenbait momentutan
hori ez baita horrela izan, ez dio Ibarretxek jarrera horri eutsi. EAk, berriz,
prozesu osoan leialtasunez jokatu duela erakutsi du.

– Koalizioak eta Eusko Jaurlaritzak EAren nortasuna eta EAJrekiko ezberdintasunak
lausotuko ote dituen beldur al zarete?
– EAJren baitan EA fagozitatzeko, irensteko, gogoa beti izan dela erakutsi
digu azken urte hauetako historiak. Dena den, ziur naiz EAko kideek bere adore
guztia jarriko dutela eurena den egitasmo politikoa aurrera ateratzeko eta
EAren berezko nortasuna bermatzeko. Bi arrazoi nagusik bultzatu gintuzten
EAJrekin koalizioa egitera. Batetik, alderdia baino gehiago herria izan genuen
gogoan; eta, bigarrenik, alderdi gisara gure proposamenak defendatzeko aukera
ematen zigun koalizio formulak. Eta horretan jarraitzen dugu. Gure bideari
eutsiko diogu, zenbaitek hori gustuko ez izan arren.

– Autodeterminazio eta independentzia aldarrikapenak erabiliko al ditu
EAk EAJtik bereizteko?
– Azken egun hauetan horrelakorik entzun dut, baina zentzugabekeriatzat
jotzen ditut iritzi horiek. EAJk eta EAk -eta orain IU-EBk ere- osatzen dugun
gobernuaren programa irakurtzen duen edonork badaki gobernu akordioan honako
puntu hau ageri dela: autodeterminazio eskubideari buruz gobernukide bakoitzak
bere proposamenak defendatuko ditu. Gobernu akordioak herritarren erabakia
bete-betean onartzen du, eta, aldi berean, gobernua osatzen duten alderdiei
proposamen propioak egiteko aukera ematen die gai horri buruz. EAri dagokionez,
alderdi independentista gara eta ez diogu uko egingo independentista izateari.
Horrek ez du zerikusirik EAJrekiko harremanekin edo jeltzaleengandik bereizteko
asmoekin. Gobernu akordioak aske uzten gaitu gure ideiei eta jarrerei eusteko.
Dena den, autodeterminazio gaia dela-eta EA ez da zirika arituko Eusko Jaurlaritzan.

– Jarraituko al du EAJ-EA koalizioak hurrengo udal hauteskundeetan, ala
Jaurlaritzako elkarlanak zer emango zain egongo zarete?
– Koalizioaz hitz egiteko goizegi da oraindik, bi urte falta baitira hurrengo
foru eta udal hauteskundeetarako. Hala ere, norbaitek erraztu nahi izan balu
bi alderdien, EAJ eta EAren, arteko koaliziorako bidea, ikusitakoa ikusirik
ez dela ondo hasi esango nuke. Egoera eta baldintza jakin batzuetan egiten
dira koalizioak. Horren arabera, ikusiko dugu bi urte barru zer egin behar
dugun. Oraingoz ez dugu inongo erabarik hartu. Dena den, Eusko Alderdi Jeltzaleaz
gain egon daiteke beste aukerarik. Hainbat mugimendu ari dira nabaritzen ezker
abertzalean, eta talde horien bilakaera eta gorabeherak ere kontuan hartu
beharko ditugu aurrerantzean.

– Beraz, Aralar, Batzarre eta abarrekin elkarlana areagotzeko eta aurrerago
jotzeko ere prest legoke EA?
– Egia da ezker abertzaleko talde horiekin harremanetan gabiltzala. Mundu
horretan kokapen finkorik gabeko jende asko dago gaur egun. Talde horien bilakaera
gertutik jarraitu behar dugu, gauzak aldatu egin daitezke eta. Prest gaude
ezker abertzalearen inguruan lanean ari diren zenbait talderekin elkarlana
sakontzeko. Eta gero gerokoak.

– EAko hiru sailburuen artean egin den azken sail banaketaren eraginez
Joseba Azkarragak hartu duen pisua ere -Sabin Intxaurragaren lepora- ez da
zenbait alderdikideren gustuko izan. Intxaurragak Justizia Saila berreskuratzeko
aldaketa gehiago izango direla dio zenbaitek…
– Ez naiz gai horretan sartuko. Biak, Azkarraga eta Intxaurraga, estimatzen
ditut. Beti esan dut Intxaurraga balio handiko pertsona dela, miresgarria,
proiekzio eta eskarmentu handiko gizona. Hilaren 14an bildu zen EAko batzorde
eragilea, batzar nazionala egin aurretik, eta sailen aldaketa eztabaidagai
izan zen. Azkenean EAko presidentearen esku geratu zen sailburuekin hitz egin
eta banaketa berria erabakitzea.

– IU-EB aliatu ona izango al du EAk gobernu hirukoitzean?
– IU-EBren parte-hartzeak Eusko Jaurlaritzaren aniztasuna areagotu egiten
du. EA eta IU-EBren artean ez dut uste arazo larririk izango denik, gure ildo
ideologikoetatik gertu mugitzen baitira IU-EBkoak. Nire ustez ez da ekarpen
makala izango gobernu-eskarmenturik gabeko IU-EBk egin dezakeena! Maiatzaren
13ko hauteskundeetatik sortutako gehiengo zabal baten adierazpena da gobernu
hirukoitza. Guregana etorri ziren hainbat boto-emaileren egarria ase egiten
du gobernu hirukoitz honek, giza eskubideen, elkarrizketaren eta herriaren
borondatea onartzearen alde azaldu baitziren herritarrak. Eta hiru zutabe
horiek dira, hain zuzen, gobernu programaren ildo nagusiak: giza eskubideen
defentsa, elkarrizketa konpobide gisara, eta herritarren asmoa errespetatzea.
Ez dira nolanahiko erronkak, baino tinko egingo dugu lan, guztiok bidean aurrera
egiteko.
Zabalik.com
Jatorria: Eusko Alkartasuna