JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalaren iritziz, PSEren Gobernua bide onean doa Patxi Gomez Ortuellako presoari Parot Doktrina aplikatzearekin desadostasuna adieraziz. Espetxe politika malgutzeko aurrerapauso gehiago emateko eskatu dio lehendakariari.

Juanjo Agirrezabalak aintzat hartu du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Patxi Gomez Ortuellako bizilaguna, Parot Doktrinaren aplikazioaren ondorioz, atxilotzeko eta espetxeratzeko aginduaz gaurko osoko bilkuran EAri emandako erantzunaz. EAko legebiltzarkidearen ustez, positiboa da Jaurlaritzak Auzitegi Gorenaren erabaki horrekiko desadostasuna adieraztea, “modu horretan euskal gizartearen gehiengoarekin bat egin duelako, euskal gizarteak ez baitu onartzen Parot Doktrinaren atzean dagoen mendeku gosea”.

Agirrezabalak PSEren eta Jaurlaritzaren aurrerapausoa ikusi du Aresen erantzunean, bai Parot Doktrinaren inguruan, bai espetxe politika malgu baten beharraren inguruan. EAko legebiltzarkideak espero du, beraz, lehendakariak ildo horri jarraitzea datorren osteguneko agerraldian. Izan ere, gaurkoa bezalako adierazpenak bide onean doaz, baina benetan behar dena neurri zehatzak proposatzea da, espetxe politika berri bat ahalbidetzeko eta espainar Gobernua norabide horretan lan egitera bultzatzeko”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA