Gaur goizean, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak ´Giza Eskubideak´ ipuin-lehiaketaren saria entregatu du. Lehiaketa bere sailak ezarritakoa da, eta 16 urtetik gorakoei zuzendutakoa.

Lakuako areto nagusian eginiko ekitaldian, et ia ehun lagunen aurrean (gehienak lehiaketan parte hartutako ikastetxeetako ikasleak), Azkarragak eman dio saria Xabier Pascual Muñozi, Oñatiko Elkar Hezi institutuko ikasleari, ´Derechos Marcianos´ izeneko lanagatik.

Kontua da aurtengo irabazleak iaz ere irabazi zuela. Aurten, Lurrean egiten diren giza eskubideen urraketez estralurtar batek duen ikuspuntua azaldu du bere idazlanean.

Saridunak erakutsitako originaltasuna nabarmendu du Azkarragak; izan ere, estralurtar baten lekukoaz baliatu baita gizartearen ajeak salatzeko: ´gizartea gaixo dago: dirua jainkotzat hartuta; aberats deitzen dio gogoz behartsua denari; zangar, emaztea jipoitzen duenari; atzerritar, beste kolore batekoa denari; armek ahotsak eta elkarrizketa isilarazten dute, eta guri zer irakatsi handia duten zaharrak zokoratuta ditugu´.

Dena den, sailburuaren ustean, batez ere irabazlearen heldutasuna eta koherentzia nabarmendu beharra dago, sarien dirua Kubako zona behartsu baten aldeko proiektu solidario bati ematea erabaki duelako.

Halaber, gazteak bakearen, giza-eskubideen eta elkartasun-kulturan hez daitezen familia eta eskola inguruak duten garrantzia azpimarratu du, eta azaldu saritutakoaren arrakasta haren gurasoen eta tutoreen arrakasta soziala ere badela.

Orobat, Oier Alberdi Arrieta, Durangoko San Jose Jesuiten ikastetxeko ikaslea, zoriondu du, ´Eta itsuak begiak zabaldu zituen´ izenburuko lanari esker lortutako akzesitagatik. Sailburuaren iritziz, haren idazlana ´giza eskubideen urraketaren aurkako alegatua da´ eta ´arrangura ere bai; maiz gertatzen baita gizakia ez dela sufrimenduaz jabetzen gertuko musu batean antzeman arte´.

Azkarragak animatu zituen gazte guztiak orain duten jarrerari eustera, alegia: bakearen eta justizia sozialaren kulturaren oinarri diren balioak tinko eta etengabe defendatzera. ´Gaur egun guztion artean erein dituzu balio horiek ―esan du―; espero dut ez oso epe luzera bakearen, justiziaren eta askatasunaren uzta ederra jasoko duzuela, herri hau hori lortzeko irrikan dago, eta munduak ere premia handia dauka´.

Jatorria: Joseba Azkarraga