Adingabeen Epaitegiek emandako neurriak betearazteko 2004-2007 Plana Legebiltzarrean aurkeztu du, gaur, Joseba Azkarragak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, eta ondorengoa azaldu: “berebiziko garrantzia ematen diogun arloa da hori, adingabeengan eragin zuzena duelako”.

Bere hitzaldian, EAEko gazte justiziaren ereduaren egoeraren deskribapen laburra egin eta gero, Azkarragak aipatu duenez, 5/2000 Lege Organikoa indarrean sartu zenetik nabarmen igo da adingabeen epaitegiek ezarritako neurri kopurua, %224, hain zuzen ere, 2000an eta 2003an. Zehazki, 2000ko 335 neurrietatik, 2003ko 761era. Barneratzeko neurriei dagokienean, berriz, igoera %72ko izan zen. Horien artean, bereziki barneratze kautelarrek egin zuten gora. Kasuen %40 adiskidetzeko eta egindako kaltea konpontzeko prozesu baten bidez ebatzi dira; aitzitik, bitartekotza prozesuen proportzioa jaitsi egin da. Barneratze-neurriak %72 igo dira.

Hortaz, 2000-2003 epean metatutako esperientziari esker baieztatu dezakegu badagoela neurrien kopuruaren etengabeko hazkundea —delituen kopurua hazi da, baita horien larritasuna ere—, eta horren arrazoia zigor-arduraren adin-tartea 14 urtetik 18ra bitartera hedatu izana dela. Aipagarria da, baita ere, lagundutako pertsonen kopuruaren igoera nabarmena. Ehuneko 80 baino gehiago 16 urtetik gorakoak dira.

Horretaz gainera, datuen arabera berresten da arazo berriak dituzten pertsonak agertu direla, hala nola, laguntzailerik gabeko adingabe atzerritarrak edo osasun arazoak dituzten gazteak eta erakundeen esku denbora luzean egondakoak. Era berean, kautelazko barneratze-neurrien igoera nabarmentzen da (sarreren %40 dira). Kasu gehienetan, %60, laguntzailerik gabeko atzerritarrak dira.

PRINTZIPIO NAGUSIAK

Euskal Autonomia Erkidegoan neurriak betearazteko ereduaren abiapuntua zera da: gazte justiziak ematen dituen erantzunak ez dira izan behar helduen zigor-justiziak ematen dituen berberak. Argi daukagu heldu-bizitzarako trantsizio garaian dauden gazte eta nerabeak direla haren jomuga, eta garai horri gatazkak, borroka eta egokitzeko zailtasunak datxezkiola. Esku-hartzeko programak zuzentzen eta gidatzen dituzten printzipioak zortzi dira. Printzipio horiek azken urteotan izandako esperientziaren, lanaren eta gogoeten ondorio dira. Era berean, globala izan nahi duen abiapuntu dinamiko gisa aurkezten dira, etorkizunak ekar litzakeen errealitate berriei irekiak.

1.- Lehena gazte eta nerabeek dituzten eskubide guztien errespetu zorrotza da. Oso argi eduki behar da adingabearen interesa beste edozeinen gainetik jarri behar dela, eta herri erakundeek hori eraginkortasunez babesteko betebeharra dutela.

2.- Bigarren printzipio nagusiak dio esku-hartzeen subjektua zigor-zuzenbidean jasotzen diren ekintzen erantzule diren gazte eta nerabeak direla. Haien ekintzen jabe egitea ezinbestekoa da haien eraikuntza eta haziera pertsonalerako.

3.- Hirugarren printzipio hauxe da: garatzen diren programak eta ekimenak heziketa-arlokoak izango dira.

4.- Gure ustez, gazte justiziak albait eta esku-hartzerik txikien izan behar du. Printzipio horri jarraiki, beste garai bateko ereduak, eredu protekzionista eta asistentzialistatik datozenak, bazter utzi behar ditugu; izan ere, horien arabera, pertsona batek delitu bat egin badu, zilegi da haren bizitzaren edozein eremutan esku hartzea. Hau dugu abiapuntu: baldin eta esku hartu behar bada, besteak beste hezkuntzaren, babesaren eta osasunaren eremuetatik egin behar da, eta arlo horietako erakundeek egin behar dute, eta ez zigor-arloko sistemak.

5.- Bitartekotzaren, gatazka konpontzearen eta adiskidetzearen alde egiten dugu, egileak erantzukizuna hartzeko eta biktimari bere protagonismoa bueltatzeko bideak direlakoan.

6.- Integrazioa eta normalizazioa defendatzen ditugu, gaztearen beharrei komunitateak berak erantzun diezazkien. Azken finean, komunitatean baitaude arazoa azaltzeko eta irtenbideak aurkitzeko gakoak.

7.- Hona zazpigarren printzipioa: erantzunaren berehalakotasunaren eta elkarrekikotasunaren beharra. Jokabideen eta haien ondorioen arteko denborazko tarteak oso laburra izan behar duelakoan gaude; izan ere, hori horrela izan ezean, erantzunaren kutsu hezigarri gehiena galtzen baita. Gainera, esku-hartzearen mamiak gertakizunarekin lotuta egon behar du, zigorra birtualtasun hezigarria izan dezan.

8.- Azkenik, zortzigarren printzipioa komunitatean eta komunitatearekin lan egiteko beharrean datza, eta gazteekin eta gazteentzat egiten diren ekimenetan partaidetza eta inplikazio soziala garatzea du helburu. Lan hori egin ezean, bitartekotzak, ingurune irekiko programek, arazoak gainditzeko prozesuek, besteak beste, porrot egingo lukete.

ILDO ESTRATEGIKOAK

Gure ustez, epaileen erabakien pean dauden nerabeekin esku hartzeko eredu integral bat sortzeak lau ildo estrategiko ditu oinarri.

1.- Erantzunek integralak eta nerabe bakoitzaren egoerari egokituak izan behar dute; zigor-arloan tipifikatutatako gertakarien egileak izateagatik justizia-sistemarekin harremanetan dauden gazteez ari garelarik.

2.- Bigarrenez, plan honetan definitzen diren zerbitzu, programa eta jarduera guztiak hezigarriak direla ezarrita geratzen da.

3.- Orobat, eta, hirugarrenez, onartu egiten da Justizia Saila dela Euskal Autonomia Erkidegoan plana gauzatzeaz arduratu behar dena, Gazte Justiziaren zerbitzuaren bitartez.

4.- Laugarren eta azken ildo estrategikoaren arabera, planaren helburua da Adingabekoen epaileek emandako neurriak gauzatzeko gaur egungo eskaerei erantzutea eta eskaera berriei eta etorkizunean arlo honetan emango diren aldaketa sozialei eta legegintzakoei erantzuteko beharrezkoak diren oinarriak ezartzea, planifikazioaren bidez, azken hori espezifikoa, kuantifikatua eta ebaluatzeko modukoa izan behar delarik.

HELBURUAK ETA JARDUERAK

Helburu orokorra Euskal Autonomia Erkidegoko adingabekoen epaitegiek ezartzen dituzten neurriak betearaziko direla bermatzea da, ez besterik. Eta, horretarako, hauek izango dira abiapuntu: nerabearen interesik nagusiena, bere eskubide guztiekiko errespetua eta hori guztia gizarteratzeko eta hezteko ikuspuntu batetik. Dena den, eta eraginkorra izate aldera, planak zazpi helburu bereizten ditu:

1. HELBURUA: Justizia Administrazioarekin harremanetan hasten diren nerabeak euren egitateen kargu hartzeko, baliabide baliotsu gisa hartuta, bitartekotza, adiskidetze eta epaitegitik kanpoko konponketaren programak bultzatuko dira Gainera, programa horiek biktimei gatazkak bide baketsuaz konpontzeko protagonismoa bueltatzeko balio dutela ulertzen da, baita albait eta esku-hartzerik txikienaren aldeko printzipioari mamia emateko ere. Baitan aurreikusitako jardueren helburu da espediente judizial guztien ehuneko 35 baino gehiago izatea. Era berean, helburua da erakunde laguntzaile berriak sartzea, profesionalak prestatzea eta fiskalekiko koordinazioa bultzatzea.

2. HELBURUA: Ingurune irekiko jarduteko eredu integrala eratzea ezartzen da, esku hartzeko lehentasunezko aukera gisa. Eta hori guztia nerabeekin lan egiten duten gainerako sistemekin eta erakundeekin lankidetzan ibilita. Planaren helburu da adingabekoen epaitegiek ezarritako neurrien ehuneko 90aren inguruan kokatzea. Horrenbestez, barneratzeko neurriak ehuneko 10aren inguruan leudeke.

3. HELBURUA: Horren arabera, Gazte Justiziaren sistema ikastegietako sare bat ez hornitu da, barneratzeko neurriak behar bezala beteko direla bermatzeko, betiere hezteko eta gizarteratzeko ikuspuntutik. Ikastegien ezaugarriak, plan honen printzipio nagusien arabera, ondorengo hauek dira:

- Nerabeei laguntzeko gainerako zerbitzuekin batera sarean sartuta egon behar dute.-Txikiak izan behar dute, horrela gazteek izango baitute aukera parte eta euren funtzionamenduko partaide sentitzeko, eta banan-banako laguntza ere bermatuko da.
- Malguak izan behar dute, eskabide berriei egokitzeko gauza.
- Profesionalizaturik egon behar dute, eta langile kualifikatuek eramanda.
- Heziketa-proiektu integralez eta ebaluatzeko modukoez hornituta egon behar dute.
- Balio anitzak izan behar dute, pertsonak hartzeko gaitasunari dagokionez, eta programa desberdinak ezartzeari dagokionez ere bai.
Eta beharrezkoa da, azkenik, hartutako pertsonen beharrei arlo guztietan (prestakuntzan, osasunean, bizitzeko ohituretan, enpleguan, aisialdian, gizarte eta familiarekiko harremanetan) erantzuteko gauza izatea, berez edo beste batzuekin lankidetzan:
Aldi berean, planean sareak hiru mailako egitura izango duela ulertu da:

1. MAILA. Lehenengoak kanpoarekiko kontaktuari dagokionez neurririk murriztaileagoak eta denboran luzeagoak bete behar dituzten pertsonentzako ikastegiak hartzen ditu. Ikastegitik bertatik jarduteko arlo guztiak hartzeko behar diren zerbitzu guztiak izango dituzte. Maila honetan betebeharreko neurrien izaera bera dela-eta, komeni da zuzeneko kudeaketa bere gain hartzea. Ibaiondo ikastegiaz ari gara, zeinak 36 leku dituen.

2. MAILA. Bigarrenean, sare komunitarioko baliabideak egunero erabili beharra dakarten neurriak bete behar dituzten pertsonentzat zuzendutako ikastegiak sartzen dira. Ikastegi txikiak dira, euren lurraldeari lotuak, orokortasunaren bokazioaz eta inguru gertukoenarekin etengabe lotuak. Andoiuko (7 leku), Mendixolako (12 leku), Landako (14 leku) eta Miguel Angel Remirez (8 leku) ikastegiak dira.

3. MAILA. Azkenik, hirugarren mailan, ikastegi txiki-txikiak sartzen dira, non gazteak autonomia maila handiagoa lortzen saiatzen diren, heziketa-programaren faseak gainditu ostean. Autonomia-Bilboko (4 eta 6 leku bitarte), Gasteizkoa (4 leku) eta Donostiakoa (4 leku) dira.

4. HELBURUA: Zigor penala dituzten adin txikiko atzerritarrei arreta berezia jartzea proposatzen da, duten babes eza dela eta.

5. HELBURUA: Beste erakunde batzuekiko lankidetza areagotu nahi da, batez ere Gazte Justizia sistemarekin harremanetan hasten diren nerabeen bizitzan parte hartzen dutenekin. Horrenbestez, besteak beste, epaitegiekin, foru aldundiekin, fiskaltzarekin, erakunde pribatu zein publikoekin, gobernuko sailekin hobeto koordinatzeaz ari gara.

6. HELBURUA: Kontua da Gazte Justiziaren Zerbitzuari behar diren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak ematea emanda dituen funtzioak bete ditzan. Saila organigrama amaitzen ari da prestakuntza-jarduerak areagotzeko. Era berean, euskarri informatiko bat sortu nahi da, baita zerbitzua kanpotik ebaluatu eta adierazleak sakondu eta berriro aztertu ere.

7. HELBURUA: Gazte-neurriak betearazteko baliabide propioak antolatzeari eta kudeatzeari buruzko arau-garapenari ekiteko beharrari erantzuten dio.

ZENBATZE EKONOMIKOAREN ETA GIZA BALIABIDEEN GAINEKOA

Sailburuen esanetan, beharrezkoa da giza baliabideak zein bitartekoak ipintzea, gure Gazte Justiziaren sistemaz harro egoteko. Hala, programen hazkundeak horretarako zuzendutako baliabide materialen eta giza baliabideen hazkundea ekarri du. Ebaluazioak aurreikusi zuenez, ingurune irekiko programetan 2004an 780.000 euro gastatuko ziren, eta, 2007an, ehuneko 18 gehiago, hau da, 921.000 euro .

Barneratzeko programetarako, 2004rako, 3.586.000 euroko gastua ezarri da. Exekutaturikoa, berriz, 3.620.249. Aipamen berezia egin behar da, Ibaiondo ikastegiaren kasuan, zeharkako kudeaketa duenez gero: 2004 urtean lanpostuak sortzeko eginbeharrekoak hasita daude, baina 2005. urte honetan ez dira amaituko. Hortaz, 2004 bitartean kudeaketa zeharkakoa izan da, 1.145.000 € gastatu direlarik. Horri gehitzen bazaio mantenua eta segurtasuna, kopurua 1.701.579 eurora heltzen da.

Ikastegietako langileen zerrendei dagokienez, gaur egun guztira 113 langile dituzte (zuzendariak, koordinatzaileak, hezitzaileak, maisu-maistrak eta mantentze-laneko langileak), horiek guztiak zeharkako kudeaketakoak. 2007rako, langile-zerrenda guztira 167 pertsonez osatuko da. Kopuru horretatik, 96 zeharkako kudeaketakoak izango dira eta beste 71k Zumarragako Ibaiondo ikastegiko langile-zerrenda osatuko dute, kudeaketa zuzenekoa. Ingurune irekiko hezitzaileen zerrendari dagokionez, 2004ko amaierarako 23ra heldu zen (lehen, 18 ziren). Ez da aurreikusten, printzipioz, hurrengo urteetan jende gehiago hartzea.

Era berean, azaldu nahi dut Gazte Justiziaren zerbitzuak gaur egun zortzi profesional dituela. Lan berriak hartuko dituenez, beharrezkoa izango da hiru pertsona gehiago hartzea, guztira 11 izan arte. Hauxe da organigraman egiten den aurreikuspena: zerbitzuko arduradun bat; ikastegietako arduradun bat, ingurune irekiko neurrien koordinatzaile arduradun bat, Gazte Justiziako letradu bat, Bizkaiko lurraldeko arduradun 2, 1 Araban, 1 Gipuzkoan eta hiru administrari laguntzaile.

Sailburuak garbi utzi nahi izan zuen Plan honek aurreikusten duela urtero egingo den ebaluaketa. Bertan, gazteek, abokatuek, fiskalek, epaileek, talde teknikoek eta abar parte hartuko dute, sistemaren kalitatea neurtzeko erakusle ugari kontuan izanik.

ONDORIOAK

Planak sailaren lehentasunezko kezka bat islatzen du: hain zuzen ere, eredu propio baten aldeko apustua egin baitu, beti ere 5/2000 Legearen aukerak ahalik eta hoberen baliaturik, giza baliabideak zein bestelako bitartekoak era egokian hornituz.

Gure aburuz, adingabekoa eskubideen subjektua da eta ez babesaren objektua. Horregatik, jarduera guztiek abiapuntu hau dute: eskubide horiek errespetatzea, eta heziketa eta gizarteratzea helburu izatea.

Azkarragaren ustez, jarduera guztiek adingabekoaren interesik gorena hartu behar du lehentasuntzat, beste edozein argudioren gainean, eta, horregatik, heziketa ezinbesteko lanabesa da. “Helduaren bizira igarotze-unean dauden pertsonez ari gara eta parametro pedagogikoen bidez soilik posiblea izango da gaztea bere bizitzaren jabe eta gizarteratzearen protagonista izatea”, esan du.

Sailburuak esan duenez, “ganbara honetan denok oso sentikortuta gaude gure adingabekoen egoerarekin, eta denok kezkaturik, arauak hausten dituzten adingabekoak gero eta gehiago direla berresten dituzten kopuruak ikusita”. Horrela, adierazi duenez, “azaldu dizuedan plana egoera horri erantzun egokiagoa ematen saiatzen da” Gazte Justiziaren Zerbitzua serio eta zorrotz lan egiten du, “oso argi duelako ahalegindu behar dela abian jarritako jarduerak hobetzeko eta borobiltzeko”.

Azkenik, Azkarragak argi utzi du bere agerraldian estatuko legeetan sartutako aldaketen aurka dagoela, batez ere 7/2000 Legean sartutakoen aurka; izan ere, bere hitzetan: “benetako aparteko legea da, eta oinarritzat jotako printzipioen kontra doa, esate baterako, interes hezigarriaren, proportzionaltasunaren, helduen Zigor arloko Zuzenbidearen printzipioei uko egitearen, edo neurrien ezarpenaren malgutasunaren kontra

Ondorengo erreforma ere kritikatu du, biktimaren esku-hartzea prozesuan handitu duena eta zigorrak eta euren gauzatzea gogortzen duen xedapen gehigarria sartu duena, gazte justizian funtsezkoak diren printzipioen aurka egiten duelako, argiro egin ere.

Jatorria: Joseba Azkarraga