Arratsaldean aurkeztuko du Pedro Sánchezek Ciudadanosekin lortutako “Acuerdo de Gobierno Reformista y de Progreso”. Handinahiko titulua, 66 orri, intentzio on ugari eta zehaztasun gutxi. Gutxienez, ekonomia arloan. Arlo honek neurri batean bakarrik eragiten digu Hego Euskal Herriko herritarrok; nahi baino gehiago, dena den.
Baina arlo ekonomikoari buruz hitz egiten eta finantza publikoak eta zerga kontuei buruz, gogoratu behar da europar neoliberalismoak bultzatutako neurrien helburu bakarra eskubide sozial eta ongizate estatuaren oinarria murrizten joatea izan dela. Ba akordio honekin PSOEk eta Ciudadanosek akats horretan sakontzen dute eta europar egonkortasun akordioa mantentzearen aldeko apustua egiten dute, defizit helburu berriak negoziatuko dituztela argi utzita baina zertan oinarrituta azaldu gabe. Osasungintzan, hezkuntzan eta eskubide sozialak murrizteko aitzakia izan den akordioarekin konpromisoa mantentzen dute. Eta, gainera, ikusi dugu murrizketa horiek ez direla krisi egoera edo langabeziaren kontrako errezeta izan; kontrakoa, gizartearen zati handi bat txiroago bihurtu dute, gutxi batzuk inoiz baino aberatsago egin diren bitartean.
Eta, esaten dutenez, hau guztia gizarte politiketan murrizketak egin gabe eta oso gutxi zehaztu duten zerga sistemaren bitartez egingo dute. Baina elektoralismoa eta epe laburrera begiratzea egotzi dakieke. Adibidez, fortuna handien gaineko zerga berezia planteatzea aurrekontuetan oreka lortzeko bide bezala, zerga sistemari liberalismoaren ikuspegitik begiratzen diotela erakusten du. Nolatan zerga berezia? Gehien dutenek ez al dute beti ekarpen handiagoa egin behar beti sistemari? Eta PFEZ i buruz esaten dutena elektoralismo hutsa da: “lan errenten zergak jaitsi, egoerak posible egiten duenean, eta bitartean, igoerarik ez”. Kultur arloko BEZa jaitsiko dutela argi dute, baina ahaztu egiten dute hainbat oinarrizko produktuei ere luxuzko zerga ezartzen zaiela. Eta hori guztia “zerga sistemaren eraginkortasuna eta progresibitatea nola hobetu” aztertuko dutela esaten duten bitartean, eta iruzur fiskala eta ezkutuko ekonomiaren kontrako zehazgabeko neurriekin batera.
Finantza publikoen kontuan argi dago eskuin eta ezkerreko sektoreekin ondo geratzeko ahalegina dela, eta hori ezinezkoa da bakoitzak ongizateko estatua mantentzeko egin behar dugun ekarpenari buruz hitz egiten badugu. Baina batzuek ez dute Ongizateko estatuan sinisten. Zaila da ere eskuin eta ezkerrarekin ondo geratzea gastu publikoari buruz ari bagara, eta horregatik orokorkeriak esaten dituzte: “gastu publikoaren eraginkortasuna hobetzea” edo “gastu publikoaren ebaluaketa egitea”.
Ekonomia erreala edo produkzio ekonomiari buruz ari bagara, gauza bera esan dezakegu. “Gehitu”, “erraztu”, “hobetu” edo “apustu egin” bezalako aditzak neurrigabe erabiltzen dituzte I+G bezalako gai garrantzitsuetan. Baina ez dute berrikuntzaren aldeko beharrezko apustu hori nola egingo den ere ez dute zehazten, nahiz eta ekonomia errealak horren behar larria izan.
Enpresa ereduari buruz, testuak ETEi buruzko kontradikzioak ditu. Batetik lagunduko dituztela diote, eta bestetik enpresen handitzea bultzatzeko pizgarriak emango dituztela esan. Gizarte ekonomiari buruz ere hitz egiten dute, kooperatibei buruz, langileek enpresetan parte hartzeari buruz, … pizgarriei lotuta eta horrek ekoizpen eredu alternatiboen aldeko epelkeria erakusten du.
Akordio hau oso zehaztugabea dela esan dezakegu eta ezker-eskuin begiratzean kontradikzioak egiten dituela. Oso ekarpen eskasa egiten dio Euskal Herriko ekonomiari. Izan ere, gure autogobernua ez errespetatzeaz gain, egiten dituen proposamen apurrak euskal eredu produktiboan erabat gaindituta daude. Gure eredua Estatukoa baino anitzagoa da eta kooperatiba edo gizarte ekonomiaren mugimendu handiagoarekin.