«Gure lehia Frantzia eta Espainiarekin dugu, baina Europa epaile izango dugu», esan zuen
Carlos Garaikoetxea lehendakaria «bide baketsuak erabiliz, gehiengo nabarmen eta iraunkorra» sortzearen alde agertu zen «Euskal Herriko nazio eskubideen onarpena» lortu ahal izateko. «Espainiako eta Frantziako estatuekin dugu lehia», gaineratu zuen Garaikoetxeak, «baina gure nazio eskubideen aldeko gehiengo iraunkorra osatzen badugu, eta gehiengo horrek Euskal Herriaren eskakizunak mahai gainean jartzen baditu, behin eta berriro erakunde guztietan, orduan, Europa epaile izango dugu, eta Europa, Espainia ez bezala, tradizio demokratiko handiko epailea da».

Hitz horiekin «euskaldunok Europan ahotsa edukitzearen garrantzia» nabarmendu nahi izan zuen Garaikoetxeak. «Gehiengo batek askatasuna behin eta berriro eskatzen badu, eta horren aurrean estatuaren erantzun bakarra errepresioa eta inposizioa bada, Europak ezin du horren aurrean ez ikusiarena egin», gaineratu zuen.Europako herriek Europan «ahotsa» izatearen alde agertu zen Garaikoetxea, eta euskal estatuaren proposamena onetsi zuen: «Batzuek esaten digute estatuak iraganeko egiturak direla eta desagertzera doazela, baina, aldi berean, estatuek euren izaeari irmo eusten diotela ikusten dugu. Estatu handi baten barruan gure interesak hobeto defendatuko dituztela esaten digute, baina Auzitegi Konstituzionalean gure kontzertu ekonomikoaren kontrako helegiteak aurkezten dituena ezin da aldi berean gure interesen defendatzaile izan Europaren aurrean», esan zuen Garaikoetxeak.

Garaikoetxearekin batera, Mikel Irujo Herrien Europa koalizioko hautagaiak eta Josep Huguet ERCko ordezkariak hartu zuten parte mitinean. Huguetek esan zuenez, «Katalunian eta Euskadin ireki diren prozesuek bigarren trantsizioaren atarian jarri gaituzte, eta PSOE ataka estuan paratu dute».

«Orain, PSOEk erabaki bat hartu behar du», gaineratu zuen Huguetek; «irizpide demokratikoen arabera jokatu beharko du edo, bestela, guk geuk geure aldetik gure askatasuna erdietsiko dugu». Huguet bat etorri zen Garaikoetxearekin, eta «lehia nagusia berton» jokatzen dela adierazi zuen: «Europak ez du onartuko Espainako estatuak onartzen ez duen ezer; horregatik, Espainiako estatua gure nazioen eskubideak onartzera behartu behar dugu». Europak «defizit demokratiko, sozial eta aniztasunaren arlokoak» dituela esan zuen Huguetek, eta bera ere estatuaren ereduaren alde agertu zen, «globalizazioak aurrean jartzen dizkigun erronkei erantzun ahal izateko».

Garaikoetxearen ustez, Zapateroren gobernutik ezin da gauza handirik espero, eta, horretan, bat etorri zen Arzalluzek berriki egindako adierazpenekin: «Arzalluzek esan du badakigula zer den PSOEren gobernua, lehen ere hamalau urtez gobernuan egon zirelako. Baina Arzalluzi ahaztu zaio esatea garai hartan EAJ sozialisten kide izan zela, laguntza eman zietela eta hemen elkarrekin egon zirela gobernuan. Euskal presoen sakabanaketaren kontra azaltzen da EAJ, eta hori ondo dago, baina ahaztu egiten zaie sakabanaketaren inguruan ituna egin zutela Mugica Herzogekin. Komeni da oroimen historikoa ez galtzea», esan zuen.

Jatorria: Carlos Garaikoetxea