Auzitegi Nazionalean bihar eta etzi jokoan dagoenaz ohartarazi zuen Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta Babes Taldeko kideak: «Estatuko erakundeen sinesgarritasuna eta aro demokratiko berri baten itxaropena dago jokoan». Dei hori iritzi publikoari eta PSOEri zuzenduz egin zuen. Agerraldia egin zuten atzo Egunkaria auziko auzipetuek, Garaikoetxea bidelagun zutela. Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi izan ziren agerraldian. Pello Zubiria ere auzipetua dago, baina ezin izan zuen atzoko agerraldian egon. Babes Taldearen izenean Carlos Garaikoetxea egon zen. Garaikoetxeak uste du Egunkaria-ren kontrako sumarioa, «beste batzuk bezalaxe», bultzada politiko baten ondorioz eman zela, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuan egon zenean, haren eragite politikoaren bitartez. «Fiskaltzaren gain zuen eragina erabiliz eta lege erreformak ad hoc erabiliz».Gaur egungo Espainiako Gobernuak egoera «irauli» ahal izango lukeela uste du Garaikoetxeak. «Baina errealistak izan behar dugu. Une politiko esanguratsuenetan gertatu ohi baita, erakunde atzerakoiak, esaterako egun biktimen erakunde gisa-edo ezkutatzen direnak, prozesu hauetan aurkeztea eta eragitea». Horien eraginez, talante berriaz ari den Gobernua «neutralizatua» egon daitekeela uste du, «prozesu hauetan erakunde atzerakoiak aurkezten direlako eta eragin egiten dutelako». Horregatik alarma pizteko arrazoia badagoela uste du.Euskal Herriaren etorkizunerako une garrantzitsu batean gaudela esan zuen, «nahiz eta erakunde atzerakoiak badauden eta mila bihurgunetatik barrena ateratzen diren».Baina une prozesal honek itxaropenari bide eman diezaiokeela uste du, «ea bere garaian gobernu atzerakoi batetik eta garai hartako PSOEren konplizitatearekin bultzada eman zen bezala Egunkaria-ren kontra, egun Zapateroren gobernua gai den Fiskaltzari bultzada emateko».Espainiako Gobernuak sinesgarritasuna eduki nahi badu, Egunkaria auziarekin gertatzen dena oso adierazgarria izango da, bere ustez.Bestetik, bere garaian lege erreforma «zapaltzaile eta atzerakoiak» sustatu zituztenen aurka, kontrarreforma bat egiteko dei egin zion Garaikoetxeak Zapaterori, «hori izango da benetako froga». Egunkaria auziko zazpi auzipetuak kezkatuta daude. Kezkatuta, Espainiako Auzitegi Nazionala PPren aginte garaian hartutako erabaki politikoen «bermatzaile eta jarraitzaile sutsu» agertzen ari delako.
Jatorria: Carlos Garaikoetxea