Ezin ulertzekoa da Eusko Alkartasunarentzat Urkulluren Gobernuak ustea pentsiodunek hiru urte itxoin dezaketela 858 € kobratzeko: “Hori da jeltzaleek Ongizate Estatuari buruz duten ikuspegia”
EAJk EAEko jendartearen kezkei emandako “ezezko” borobilaren larritasuna salatu du Eusko Alkartasunak. Ezin ulertzekoa da alderdiarentzat Urkulluren Gobernuak esatea pentsiodunek hiru urte itxaron dezaketela 858 € kobratzeko, eta “EAJk Ongizate Estatuari buruz duen ikuspegi bereziaren erakusgarria da”.
“Porrot egin du EAJren Gobernuak bere kudeaketa lanean duen ardura nagusian, PSE kide mutu eta akritikoa duela: Aurrekontua egitea”, esan du Eusko Alkartasunak eta “kontuak adosteko ardura Gobernuarena” dela gogoratu du, ez oposizioarena. Hala ere, “Gobernuak legeak markatutako epea iritsi baino zortzi egun lehenago amore eman du”.
Okerrena da “gertatutakoa ez dela sorpresa, Urkulluk berak prorrogaren aukera baliatu” zuelako. Horixe izan da aldea: “Gobernua prorrogaren aukeratik abiatu zen; EH Bilduk proiektu soziala zuen abiapuntua eta horretarako eskaintza egin zuen, ez zuen osotasuneko emendakinik aurkeztu eta lehenengo tramitea gainditzea posible egin zuten abstentzioak eman zituen”.
Dezepzioa izan da prozesuaren amaiera Eusko ALkartasunarentzat, baina ez ezustea. Izan ere, esperientziaz daki alderdi sozialdemokratak aurrekontuak PP eta PSErekin adostea nahiago duela EAJk, “kromo aldaketa hutsa eta argazki irribarretsuak diren negoziaketa horiek, eta ez hiritarrentzat benetako aurrerapausoak diren elementuak eztabaidatzen hastea”. Horixe da azken legegintzaldietan gertatutakoa eta baita oraingoan ere diputazioetan eta EAEko hiriburuetan.
Matematika hutsei buruz hitz eginda, “iaz baino 700 milioi gehiago bildu ditu Eusko Jaurlaritzak eta iazko aurrekontutik exekutatu gabeko 500 milioi ditu. EH Bilduk proposatutako 260 milioi € ateratzea borondate kontua besterik ez da”, azpimarratu du EAk. Era berean, azken hilabeteetan egindako bideari ekiteko apustua jarraitzearen aldekoa dela esan du alderdiak: Jendartearen bizitza kalitatea hobetzen saiatzea, maximalismorik gabe, Eusko Legebiltzarreko zenbakien errealitateari begira.