Titular ugari eta eztabaida handietarako eman zuen EGKko ordezkariek aste honetan Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldiak baina ez dugu beti arazoaren mamira jotzen asmatu. Eta arazoa da, arazo garrantzitsua da, ez baikaude gazteriari buruz bakarrik hitz egiten ari, herriaren etorkizunari buruz baizik.
Krisia eta eredu neoliberalaren ondorioak bereziki pairatzen ari da euskal gazteria, eta horrek gizarte osoan du eragina, bere garapena eta etorkizuna baldintzatzen baitu. Horregatik, konponbide integrala emateko gai izan behar gara. Gazteriari buruzko politika alde batera utzi da gehiegitan erakunde askotan, Eusko Jaurlaritzan gehien bat, aisialdirako eskaintza txikia eskaintzera mugatu baitira.
Errezeta eraldatzaile eta aurreratuen bidez gainditu behar dugu eredu neoliberal eta patriarkala, gizartearen bizitza kalitatea hobetzeko, eta hori urgentea da gazteriaren kasuan. Horrela bakarrik lortuko dugu gazteek bizitza independentea eta, hala nahi badute, Euskal Herrian garatu ahal izan dezaten. Gizarte osoari begira da garrantzitsua pertsona helburu duen eredu sozioekonomikoa garatzea eta are gehiago gazteriari buruz hitz egitean, gizartearen etorkizunari buruz hitz egitean.
Eta hori aberastasuna, baliabide eta lanaren banaketaren bidez bakarrik egin daiteke, horregatik gazteriari buruzko politika integratzaileak eta zeharkakoak izan behar dira, gune, ekimen eta programa guztietara iristeko: hezkuntzatik, industria politikara, etxebizitza, berdintasuna, sektore publikoa,…
EAEn duela urte batzuk baino gazte gutxiago daudela izan zen EGKko ordezkarien agerraldiaren ondoren gehien errepikatu zen datua. Argi dago hori ez dela atzerrira joan den gazte kopuruarengatik, baizik eta baby boomeko belaunaldiak dagoeneko ez direlako gazteak. Hau da, alderantziz dagoen gizarte piramidearen erakusgarri kezkagarria da: gazte gutxi eta hirugarren adineko asko.

Gai hauek publiko egitearekin ia batera Urkullu agertu zitzaigun, gazteei kanpora irteteko eskatuz, “formazioa hartzera”, beti ere itzuli behar direla kontutan hartuta gainera. Zaila da lehendakariak proposatzen duena: etxea, familia eta lagunak atzean utzi kanpoan aukera ona izanda ere zer aurkituko duzun jakin gabe; eta itzultzea ere ez da erreza izaten sarri, berriro lagunak atzean utzita, bikotea akaso, eta berriro bueltatzean zer aurkituko duzun inkognitarekin.
Baina logikoagoa izango litzateke galdetzea gazteriari horrelako ahalegina eskatu beharrean zergatik ez duen gazteak atzerrira joan behar ez izateko neurriak proposatzen galdetu behar zaio Urkulluri, edo, gutxienez, joaten direnek bueltatzea erakargarri ikusteko: emantzipazio, etxebizitza eta lan politikak, doaneko zaintza zerbitzuak, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko neurriak,..
Denboraldi bat atzerrian ematea omen Eusko Jaurlaritzaren iritziz arduraz jokatzea, baina ez du esaten zer egingo duen emigratzera bultzatzen duten baldintzak aldatu eta joan direnak bueltatu ahal izateko.
EGKak eskainitako datu batzuk: gazteen langabezi tasa %30koa da; emakumeek gizonek baino %25 gutxiago kobratzen dute eta azken horiek mila euro baino zertxobait gehiago bakarrik; gazteen %60ak ez du inolako diru sarrerarik. Baina, gainera, lana dutenen artean ezegonkortasna eta behin behinekotasuna da nagusi. Izan ere, ia gazteei egiten zaizkion kontratu guztiak horrelakoak dira eta lanean daudenen laurden batek ezin du hilabete osoa pasa duen soldatarekin.
EGKk emandako datuen aurrean neurriak hartu behar dira, berehala gainera eta gazteria Euskal Herritik kanpora joateko animatzeaz askoz ere haratagoa doazenak. Orain egiten ez dugunak etorkizuna baldintzatuko du, izan ere, zer nolako etorkizuna izango du pobrezian bizi direnen %60a 35 urte baino gutxiago izanda?