Eba Blanco, idazkari nagusiak proiektu politiko sozialdemokrata defendatu eta hori indartzeko indarrak batzeko deia egin du

Prentsaurrekoa eman du gaur goizean Eba Blancok, atzoko epaia baloratzeko, eta “Eusko Alkartasunaren barne demokrazia” berretsi duela adierazi du. Auzian alderdiko abokatua izan den Rikardo Burutaran; Bego Landa, Batzar Nagusiko presidentea; Nerea Martinez, Bermapide Batzordeko kidea, eta Iker Rahona, Bizkaiko koordinatzailearekin batera egin du Eba Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak agerraldia. Epaia baloratzeaz gain, aurrera ere begiratu du Blancok, Eusko Alkartasunaren proiektua defendatuz eta hori indartzeko indarrak gehitzera deituz.

“Artez eta moldez” Eusko Alkartasunako idazkari nagusia dela aldarrikatu du Blancok eta “alderdiko zuzendaritzak emandako pauso guztiak zuhurrak eta zorrotzak” izan direla defendatu du: “Pauso bakoitza gardena izan da, afiliazioa ordezkatzen duen Nazio Batzarrak berrestua. Pauso bakoitza demokratikoa izan da, momentu oro afiliazioaren eskubide guztiak defendatuz, eta inoren oinarrizko eskubiderik urratu gabe”. Horren aurrean, “4 salatzaileek pauso horiei emandako erantzuna Eusko Alkartasuna, eakideak, gure proiektua eta EA zuzendu duten pertsonen izen ona zikintzea izan da, Maiorga Ramirezen sektoreak kanpotik irabazi ezin duenetik alderdi barruan galtzen duena”.

Eusko Alkartasunako egungo zuzendaritzak, azaldu du Eba Blancok, “sozialdemokraziatik, independentismotik, bakezaletasunetik eta justizia sozialetik ekarpenak egiten jarraitzeko, eta horrela herri hau hobetzeko”, gidatuko du alderdia.

Hemen, Blancoren hitzaldi osoa:
Egun on guztioi, eta mila esker Alkartetxera gerturatzeagatik, are gehiago Coronavirus garai hauetan.
Prentsaurrekoarekin hasi baino lehen, Mahaian nire inguruan dauden pertsonak aurkeztuko dizkizuet:
Ricardo Burutaran, Alderdiaren abokatua
Bego Landa, EAko Batzar Nagusiko Mahaiburua
Nerea Martinez, Bermapide Batzordeko kidea
Iker Rahona, Bizkaiako koordinatzailea eta
Ni neu, Eba Blanco, Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusia
Eta ondo diot, Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusi naiz, artez eta moldez.
Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusi naiz baldintza argiak zituen Primarietako prozesu batera aurkeztu nintzelako;
Prozesu honen arauak EAko Nazio Batzarrak egikaritu, emendatu eta onartu zituen. Prozesu honetara aurre hautagai gehiago aurkeztu ziren; aukera eta arau berdinekin, baina haietako inork ez zituen baldintzak bete. Horrela ebatsi zuen lehenik Hauteskunde Antolaketa Batzordeak, eta honela ebatsi du orain sententziak.
Ez dugu ez nik pertsonalki, eta are gutxiago alderdi gisa, inongo iruzurrik egin. Guztiz aurkakoa; berme guztiak jarri dira alderditik prozesu osoa neutrala, argia eta barne araudiak dioenari jarraikiz eman zedin.
Ez dugu inongo amarrurik erabili. Berriz diot, primarien araudiari dagokionez – afiliazioak berak ebatsia, eztabaidatua, emendatua eta onartua-, nik bertan argi azaltzen diren baldintzak bete baino ez dut egin. Norberak ez du bere burua alderdi bateko Idazkari Nagusi izateko aurkezten alderdikideak zirikatzea helburu izanik; guztiz kontrakoa.
Euskal Lurralde guztietan- eta baita diasporan ere- EAko alderdikideengandik jasotako babesak eraman ninduen nire burua alderdiko idazkaritza nagusirako aurkeztera, eta jardun horretan aritzea izan da ordutik nire zeregina; maila pertsonal, politiko eta profesionalean nirekiko eta nire aurka bota diren gezur eta irain guztien gainetik.
Primarietako prozesua abian jarri zenetik, eta EAko buru naizenetik – orain arte jardunean, 4 afiliatuk onartzen ez zuten hautaketa prozesua eta datu baseen kudeaketa auzitara eraman zutelako- ondo dakit Eusko Alkartasunak gai hauen inguruan emandako pauso bakoitza zuhurtziaz eta zehazki emana izan dela.

Pauso bakoitza gardena izan da, afiliazioa ordezkatzen duen Nazio Batzarrak berrestua. Pauso bakoitza demokratikoa izan da, momentu oro afiliazioaren eskubide guztiak defendatuz, eta inoren oinarrizko eskubiderik urratu gabe. INORENAK. Hala dio epaiak ere.

4 salatzaileek pauso horiei emandako erantzuna baina, Eusko Alkartasuna, eakideak, gure proiektua eta EA zuzendu duten pertsonen izen ona zikintzea izan da, Maiorga Ramirezen sektoreak kanpotik irabazi ezin duenetik alderdi barruan galtzen duena.
Pello Urizarren zuzendaritza ezberdinek, orain neuk gidatzen dudanak moduan, BETI egin dugu elkarrizketaren alde, alderdiaren organu ezberdinak errespetatzen ditugun heinean. Kongresutik eratorritako eta Nazio Batzarrak erabakitako mandatuari men egiten diogu. Eta iritzi ezberdinak agertu direnean, afiliazioari galde egin diogu, bere erantzuna aintzat hartuz eta ahal dugun neurrian berau exekutatuz. Baina 4 kondenatuek ez dute elkartasun horretan sinetsi, gezur eta iruzurrak zabalduz.
Ez dugu ekiteko beste modurik ulertzen hala ez bada. Eta ez dugu beste modurik nahi, modu horiek hedabidetan alderdikideen izen ona zikintzean eta alderdiaren proiektua pozoitzean errotzen baldin badira, onura pertsonala bilatzea helburu izanik.
Zuzendaritza honek ni nauka buru, baina balio askoko jende ugariren esku eta oin, bihotz eta burmuinek gorpuzten dute Eusko Alkartasuna. Eta guzti horiekin nahi dugu EA zuzendu sozialdemokraziatik, independentismotik, bakegintzatik eta justizia sozialetik Herri hau hobetzeko.
Euskal gizarteak apustu hau berretsi berri du hautestontzietan, eta horretarako eta horregatik lan egin behar dugu gaurtik aurrera. Indarrak bildu, pentsamenduak elkartu, mugimenduak batu bizitza duinak bermatuko dituen gizartea bermatzeko.
Gehien duenak ekarpen handiagoa egitea aldarria baino, oinarria izan dadin. Klima larrialdiari behingoagatik eta ausarki aurre egiteko. Bortizkeria matxista gure etxe eta kaleetatik desagerrarazteko eremu guztietatik ekinez. Zaintzak erdigunean jartzeko; nagusien biharra eta gazteen gaurra errespetu eta duintasunez jorratzeko. Finean, herri justuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko.
Ia 34 urtetotako gure ibilbidean aldarrikatu dugun lelo erabilienetakoa, eta oraindik ere aldarrikatzen jarraitu behar dugu begi bistako ideia bat “Eskubide Guztiak Pertsona Guztientzat” da.

Leit motiv honek gidatzen du gure zeregin politikoa erakunde guztietan, eta noski, gure barne jokaera ere. Beti defendatu izan ditugu afiliatuen eskubideak; parte hartze eskubidea, informaziorako eskubidea eta noski, bere datuak eta pribatasuna babesteko eskubidea ere, Datu Babeserako legeak dioenaren arabera, atzoko sententziak berresten duen bezala.
Gure jendearen eskubideak babestu eta zaindu ditugu, pertsona batzuen gogoz kontra. Bai, tamalez, hala da. Afiliatu batzuek eskubide hauek urratu nahi izan dituzte, eta guk jokamolde bera izan ez dugulako iraindu gaituzte. Nola zaindu eta babestu gizarte oso bat, etxean bertan erasoan ibilita?
Eusko Alkartasunako gizon-emakumeok ez gara inoiz izan iskanbilak sortzekoak, are gutxiago epaitegietan. Gehiago gara lan sotila egitearen aldeko, eguneroko lana, txingurri lana. Egon eta egin, arranditu gabe. Gure onena herri honen eta alderdi honen hoberena lortzeko ematen dugunetakoak gara. Eta horretan dihardugu.
Dinamika hau konpartitzen ez duenak ordea, ez digu bidea egiten uzten. Esaera batek dio “Bakean dagoenari Bakean utzi”. Espero dugu benetan, salatzaileek sententzia hau ez errekurritzea, eta inoiz hartu behar ez luketen inorako bide honetatik behingoz eta betirako aldentzea.

Hilabete luze eta astunak izan dira hauek alderdiarentzako, eta baita niretzako ere. Baina beti izan dugu ondo genbiltzanaren ziurtasuna eta lasaitasuna, gauzak gardenki eta zuhurki eginez. Pena da epaitegi batek demostratu behar izatea gure egite ona zelakoa izan den – nahiz eta alderdi barruan beti hala erakutsi-.
Nigan, Zuzendaritza honetan eta Eusko Alkartasunaren proiektuan sinetsi zuten eta sinesten duten pertsona guztiak eskertu nahi ditut. Afiliazioak eman didan eta egunero erakusten didan konfiantza ere izugarri eskertzen dut, haiek baitira alderdi honen benetako altxor eta motor.
Eta bitartean, guk jarraituko dugu, oraingoan bai, eskubide eta eskuduntza osoz, politika ulertzeko modu berria gauzatzen – anitzagoa, zuzenagoa, gizarte zibilarekin engaiatuagoa- Iparraldek erakusten digun bezala, Hegoalden behar duguna bezala, Euskal Herria berria bakean, berdintasunean eta askatasunean eraikitzeko. Ongi etorriak proiketu honetan ekarpena egin nahi duten guztiak.
Eskerrik asko

Hemen, hitzaldiaren bideoa ikusteko linka:

20200716_110558