Iñaki Agirrezabalaga eta Irantzu Obieta prentsaurrekoan Iñaki Agirrezabalaga Gipuzkoako EAko koordinatzaileak portu mistoa eraikitzea proposatu du, erabilera sozialak eta portukoak bateragarriak izan daitezen.

Eusko Alkartasunak Pasaiako Badia biziberritzeko proposamena ezagutzera eman du; zonaldea biziberritzeko plana eta kanpoko kaia eraikitzeko proiektua bereiztearen aldeko apustua egin du eta portu mistoa eraikitzea proposatu du, bertan erabilera sozialak eta berez portukoak direnak bateragarriak izan daitezela lortzeko. Iñaki Agirrezabalaga Gipuzkoako EAko koordinatzaileak eta Irantzu Obieta nazio zuzendaritzako Ingurumen idazkariak Pasaian kanpoko kaia egiteko proiektuaren dimentsioa eta eragina Gipuzkoatik baino haratago doazela nabarmendu dute.

Agirrezabalagak zonaldea biziberritzea eta kanpoko kaia eraikitzea bereizi behar direla adierazi du, “badiaren biziberritzea ezin baitugu kanpoko kaiaren menpe utzi, proiektu hori finantzatzeko diru-iturria balitz bezala”. Bere ustez, “Pasaiako badia biziberritzeko prozesua modu interesatuan erabili izan da kanpoko kaia egitearen aldeko iritzi-korrontea sortzeko, ekonomia eta ingurumen ikuspuntu batetik jasanezina den egitasmo bat justifikatu nahian”.

EAko buruzagiak gogorarazi duenez, ikerketa batzuek kanpoko kaiaren alternatiba “posibleen artean txarrena” dela diote. Ildo berari jarraituz, merkantzia-trafikoak kanpoko kaia eraikitzea justifikatzen ez duela azaldu du Agirrezabalagak, egun dagoen portuak ez dituelako bere gaitasun guztiak erabiltzen eta kanpoko kaiarekin eskuratu nahi diren trafiko berrien beharrak Euskal Herrian jada dagoen portuko egiturak asetzen dituelako”.

Kanpoko kaia azpiegitura garestiegia da eta ez die euskal portu-sistemaren beharrei erantzuten; gainera, ingurumenaren kontrako sekulako erasoa litzateke, Jaizkibelen aurkakoa ez ezik, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldearen aurkakoa ere bai.
Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, kanpoko kaia eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du Agirrezabalagak; bere aburuz, instituzioek badia biziberritzen ahalegindu behar dute eta hori lortzeko biderik onena portu mistoa da, hau da, portuko erabilerak mantendu eta aldi berean espazio horren erabilera sozialak ere kontuan hartuko dituena.

EAren ustez, prozesu hori aurrera eramateko ezinbestekoa da Oarsoaldeko biztanlegoaren iritzia aintzat hartzea, zonaldeko ingurumena zorrotz errespetatzea eta Bilboko eta Baionako portuekin elkarlanean aritzeko formulak bilatzea.

Jatorria: Eusko Alkartasuna