Eusko Alkartasunak igande honetan, irailak 4, bere 36. urteurrena ospatuko du. Ospakizuna Gasteizen izango da, 1986. urtean alderdia jaio zen hirian.

Efemeride hau dela eta, Eba Blancok gidatzen duen alderdiak kurtso politiko berriari hasiera emango dio. Krisi energetikoagatik, krisi ekonomikoagatik, eta gorantza doazen lan-gatazken ondorioengatik ikasturte politiko honetarako ‘udazken beroa’ aurreikusita dago. Egoera horri aurre egiteko Eusko Alkartasunak arazoaren errora doazen neurri estrukturalak eta eraldatzaileak mahaigaineratuko ditu, Ongizate Estatua indartuz, jendearen bizi-baldintza materialak hobetuz eta sektore ahulenak babestuz.

Gainera, ikasturte politikoa goi-goian bukatuko da, udaletarako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeekin. Eusko Alkartasunak hauteskunde hauetan parte hartuko du EH Bilduko gainontzeko kideekin batera, EAren esperientzia instituzional luzea euskal gizartearen zerbitzura jarriz.