Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak azpimarratu duenez, “biolentzia guztien biktimak kontutan hartu behar dira”, baina horrek ez du esan nahi Ertzaintzaren jarduera Polizia Nazionala edo Guardia Zibilarekin alderatu daitekeenik.

Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak EITBn argitu du gaur goizean alderdiak Arnaldo Otegi eta Iñigo Urkulluren artean piztu den polemikaren inguruan duen iritzia. Urizarrek argi utzi du Eusko Alkartasunak ez duela “Ertzaintzaren jarduera GAL, Polizia Nazionala eta Guardia Zibilarenarekin parekatu daitezkeenik uste”. “Ez ditugu sekulan ere alderatuko”, azpimarratu du.
“Ertzaintzaren jarduerak biktimak eragin dituela ezin da ukatu, are gutxiago Cabacas auzia oraindik itxi gabe dugunean”, adierazi du Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak. “Espainiako polizia ezberdinak eta Ertzaintza parekatzea ezinezkoa dela uste du Eusko Alkartasunak, eta ez dugu sekulan egingo, kontutan izanda Espainiako poliziak gerra zikina egin duen Estatuaren parte direla eta kartzelaratuak izan diren arduradunak izan dituztela”.

Horrek ez du esan nahi –azpimarratu du Urizarrek- “gatazkaren ondorioei aurre egiteko, biktima guztiak, salbuespenik gabe, kontuan hartu behar ez direnik”.

Urizarrek gogora ekarri du nola 1990ko hamarkadan Eusko Alkartasunak, garai horretan Eusko Jaurlaritzako kide, Ertzaintzaren komisaldegietan tortura edo tratu txarrak ekiditeko protokoloa proposatu zuen. Kritika larriak jaso zituen proposamen horrekin “Ertzaintzaren inguruan susmoak sortzen” omen zituelako. Zentzu horretan, Eusko Alkartasunaren ibilbidea azpimarratu du, pertsona guztien eskubideen aldeko defentsan, “baita biktima guztien aldeko defentsan ere, bere jatorria kontuan izan gabe. Horrek ez du esan nahi kasu batzuk besteekin, edo polizia batzuk besteekin, berdindu daitezkeenik”.