Zonifikazioarekin bukatzea eta hizkuntz-eskubideak herrialde osoan bermatzea eskatzen du

Eusko Alkartasunak Maria Chivite sozialistak buru duen koalizioko exekutibo berriari eskatu dio legegintzaldi berri honetan 40 urteko zonifikazioarekin bukatzea, euskara nafar guztiona dela aitortzea eta herrialde osoan hizkuntz eskubideak bermatzea.

Aurreko legealdi atzerakoiaren aurrean, eta Kontseiluaren arabera, euskararen alorrean inolako aurrerapenik gabe, hizkuntza-eskubideak bermatzea Nafarroako gobernu berriarentzat lehentasuna izan behar dela uste du EAk. “2020-2027ko Euskararen Bigarren Plan Estrategikoa ezin da inondik inora desadostasun bat izan, batez ere gobernukideen artean euskararen inguruan gaur egun dagoen akordioa oso eskasa delako”, azpimarratu dute.

Nerea Gartzia Eusko Alkartasunako Nafarroako koordinatzaileak adierazi duenez, “hizkuntza-eskubideak urratzen dituen gobernu batek ezin du bere burua progresistatzat hartu, hizkuntza-eskubideak giza-eskubideak dira eta Nafarroa osoan bermatu behar dira nafar guztientzat”.

Espainiako Gobernuak Europar Batasuneko Kontseiluari euskara hizkuntza ofizial gisa onartzeko eskaria egin du eta Espainiako Kongresuan diputatuek euskara erabiltzeko aukera izango dute. “Urrats hauek ikusita, ulertezina eta erabat lotsagarria litzateke Chiviterekin, Madrilen eta Bruselan posible dena Nafarroako erakunde guztietan posiblea ez izatea”, esan du Gartziak.