• Larunbatean Euskal Herria Batera elkarteak Donostian egingo duen ekitaldian egongo da eta igandean Iruñean, EH Bilduko gainontzeko kideekin batera, eta Itsasun Bagirarekin.

Eusko Alkartasunak deia zabaldu dio euskal gizarteari igande honetan Aberri Eguna ospatzeko. Hitzordu horren garrantzia nabarmendu du, “agenda politikoan erabakitzeko eskubidea kokatu eta egutegian epe ertainera data bat jartzeko”. Halaber, etorkizunean Aberri Eguna bateratua egitearen alde agertu da.

Alderdi independentistak “euskal herriko gizon eta emakume guztiak, zazpi lurraldeetakoak zein diasporakoak” animatu ditu igande honetan Aberri Eguna ospatzera, eta bide batez dei egin du “balkoiak ikurriñez betetzeko, hemen eta orain bere subiranotasuna ozen aldarrikatzen duen herri bat dagoela gogorarazteko”.

“Mundu globalizatuaren erdian eta Madrileko eta Pariseko gobernuen erresistentzia zentralista eta uniformatzaileen aurrean, pauso berriak emateko unea da, euskal herriaren erabakitzeko eskubideak epe ertainean egutegian data izan dezan”, adierazi du alderdiak.

Eba Blanco, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia, prest agertu da etorkizunean eragile subiranista guztiek deialdi bateratua egitearen alde. “Gustatuko litzaiguke hurrengo edizioetan herri honen subiranotasunean sinesten dugun guztiok Aberri Eguna elkarrekin ospatzea, Euskal Herriak batzen gaituelako desberdintasun politikoen gainetik”, esan du.

Ildo horretatik, Eusko Alkartasunak jakinarazi du larunbatean Miramar Jauregian egongo dela Euskal Herria Baterak deitutako ekitaldian, “Bagara, badugu” lemapean. Gainera, igandean EH Bilduren gainontzeko kideekin batera Iruñeko manifestazioan egongo da eta Bagirak Itsasun (Iparralde) antolatutako ekitaldian ere izango da.