Sistema demokratiko batean, gizarteak bere ordezkaritza politikoa alderdien gain uzten duen neurrian, alderdiak osatzen ditugun gizon eta emakumeok jendartearen baitan ematen diren mugimenduekin bat egin behar dugu derrigorrez. Printzipio orokorra da hau, baina talde politikoen barne funtzionamenduan ere aplikatu beharrekoa ere bai. Eusko Alkartasuna ez da salbuespena; aitzitik, ezkerreko mugimendua izanik eztabaida aberats eta anitza du oinarri eta hori era argian islatzen da alderdiaren norabideaz aritzen diren barne organo guztietan eta aldi oro.

Berriki Eusko Alkartasunan aspaldidanik kezka eta solasaldi zein iritzi-trukaketa anitz sortarazi duen gai bati buruz aritzeko aukera aparta izan dugu. Orain zortzi urte lehen aldiz Eusko Alderdi Jeltzalearekin koalizioan joatea erabakiz geroztik, mota ezberdinetako hauteskundeen atarira iristerakoan formula honen baliogarritasunari buruzko auzia mahaigaineratu da: jeltzaleekiko koalizioa bai ala ez, koalizioa hauteskundeen aurretik ala ondoren. Gure proiektu politikoaren nondik norakoaren inguruko gogoetak, eta abar luze bat, beti norberaren uste onetik abiatuta eta alderdiaren alde egiteko helburuarekin.

Iragan urtarrilaren 21ean Bilboko Euskalduna Jauregian buruturiko Ezohizko Biltzarra ere barne eztabaida horren azken adibidea izan da, behin-betikoa, koalizio horren egokitasuna izan baitzen Euskadiko Batzorde Eragileak berriro ere mahai gainean jarri zuen txosten politikoaren ardatza.

Eztabaida aberasgarria da beti, oraingoan ere bai, eta norberaren jarrerak eta iritziak argitu eta gero, gehiengo zabal batek EAk jarraitu beharreko bidea markatu digu une honetan alderdiaren gidaritzan egotea egokitu zaigunoi. Beraz, maiatzean udal eta foru hauteskundeen erronka handiari aurre egin behar diogula kontuan hartuta, barne eztabaidak indartutako alderdi batekin egingo dugu aurrera. Izan ere, ebatzi beharrekoak ebatzita, demokraziaren ariketa gorena gauzatuta, orain Eusko Alkartasuna osatzen dugun guztiok bat egin behar dugu, eta egingo dugu.

Gure alderdiak bere hogeigarren urteurrena ospatu berri du 2006an. Erraz esaten da, baina 1986ko irailaren 4az geroztik, eta memoria astinduz, EAk Euskal Herrian umezurtz, hutsik zegoen eremu politiko bat bete izan du: ikuspegi sozialetik sozialdemokraziarekin bat eginik, aberri ikuspegi batetik independentzia ozenki aldarrikatuz eta giza eskubide ororen errespetua exijituz. Carlos Garaikoetxea Lehendakariak esan ohi zuen bezala, eta egungo errealitate politikoa ikusirik arrazoi osoa zeukala esan dezakegu, Eusko Alkartasuna egon ez balitz, asmatu egin beharko genukeen; bestela, gizartearen arlo horretako gizon-emakumeak erreferente politikorik gabe egongo lirateke.

Ildo honi jarraituz, aurrera eginez, une gaziak eta gozoak bizitzea egokitu zaigu herri honetan, egoera politikoaren baldintza aldakorrek eraginda neurri handi batean. Eta Biltzarraren berri eman eta berau gauzatu artean ere egoera erabat aldatu da, abenduaren 30eko atentatuak berriro ere jota utzi baitu euskal gizartea. Berriz ere ETAk euskaldunon itxaropenak zapuztu zituen modu justifikaezin zein gaitzezgarrienean: bi bizitzarekin amaituz eta jende askoren bake itxaropenak ere kinka larrian jarriz.

Zoritxarrez, gure herriak ederki daki zer den hau bezalako egoera larriak bizitzea, eta Eusko Alkartasunak, beti bezala, seriotasun osoz eta irmoki erantzuten jakin izan du oraingoan ere, herri honekiko duen konpromisoari jarraiki: indarkeriaren aurrean ‘zero tolerantzia’ adierazteaz gain, gatazkaren erro politikoa azpimarratuz eta herri honi dagozkion eskubideak auzitan daudela eta korapiloa behin-betiko askatzeko tresna bakarra elkarrizketa dela aldarrikatuz, salbuespenik gabe.

Horra hor printzipio argiak. Horra hor edozein hauteskunde formularen gainetik EAko gizon-emakumeok defendatzen dugun abiapuntua. Horra hor gu guztiok batzen gaituena. Eta bat egite horretan Biltzarretik are eta berretsiago, sendotuago atera garela esango nuke, kezkak uxatuta.

Eztabaidak ez dio inori beldurrik eman behar; alderantziz, aberasteko aukera gisa planteatuz gero, gizartearekin batera mugitzeko parada ematen digu, alderdi gisa haziz eta garatuz goazen bitartean. Gainerakoak egun zoritxarrez maiz ikusten dugun gizarte eta politikagintzaren arteko haustura horretan sakontzea ekarriko luke. Eta ordezkaritza demokratikoan benetan sinesten dugunoi ezinezkoa izango litzaiguke gizartearen izenean lan egitea, alderdiaren eta boto-emaileen arteko lotura hori galduz gero.

Horregatik, EAko militantziari zoriontzea besterik ez dagokit, eztabaida lasaia eta errespetuzkoa izan genuelako eta bertan hartutako erabakiak gure alderdiaren eta Euskal Herriaren alde aho batez gure onena ematen jarraitzera bultzatuko gaituelako. Beste hogei urtetan gutxienez.

Onintza Lasa
(Eusko Alkartasuneko Komunikazio Idazkaria)

Jatorria: Onintza Lasa