Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko dekretua bere osotasunean aplikatzeari uko egitean, PSEk eta PPk euskaldunen eskubideak errespetatzeko borondaterik eza agerian utzi dute, salatu du EAk.

PSEk eta PPk gaur goizean Legebiltzarrean onartutako legez besteko proposamenaren aurka azaldu da EA, sozialistek eta popularrek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko 123/2008 Dekretua betetzen ez duten enpresak ez zigortzea erabaki baitute. Jesus Mari Larrazabalek ezin izan du eztabaidan parte hartu bajan dagoelako, baina hartutako erabakia kritikatu du, “PSEk eta PPk euskaldunen eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko borondaterik eza agerian utzi dutelako”.

Larrazabalek 123/2008 Dekretuaren balioa aldarrikatu du, “euskararen erabilpena merkataritzan ere bermatzea ezinbestekoa delako euskara hezkuntza eta kultura arloetara ez mugatzeko eta lan eta gizarte hizkuntza izateko”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna