Euskararen erabilpena eta beraz bere zabalketa euskaldunon erantzukizuna dela esan izan digute beti, eta guk ere hala jardun. Artzeren esaldi famatuak argiki zioen bezala “ Euskara ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik”.
Euskararen aldeko militante gara asko, eta hamaika leloren jabe: “Euskaraz bizi nahi dut, Euskaraz eta kitto, Bai Euskarari…” eta gure egunerokotasunean saiatzen gara ahal bezain beste erabiltzen. Baina…
“En castellano, que no te entiendo”, “ ¿quieres hablar conmigo, o hacer un monologo?” , “Ici on parle français…” erantzuten digute gure lehen hitza euskaraz botatzen dugunean. Eta hau administrazioan gertatzen da gehien bat. Eta erdarara saltoa egiten dugu, ulertuak izan gaitezen. Zertarako da hizkuntza bat ulertuak izateko ez bada? Galdera hori egiten dute mintzaira elkarri informazioa pasatzeko tresna gisa hartzen dutenek, mundua ulertzeko eta berau azaltzeko modu, pentsaera, kultura bat badela ohartu gabe.
Bada garaia administrazio publikoari -hasi Eusko Jaurlaritzatik eta herriko udaltzainetara- euskararen eroale izan dadin ere eskatzeko. Herritarren txingurri lanak gutxirako balio duela administrazioa den elefantea euskalduntzen ez badugu. Bada garaia, gure herrian etxean senti gaitezen.
Hau ere, noski, erabaki politikoa da. Jaurlaritzan egun PSE dago ere, “Euskara en libertad” lemaren egilea. Aste honetan bertan, EAEko aurrekontuak nor eta PPrekin adostu dituzte. Eta benetan uste al dugu bidelagun horiek Euskarari hegoak zabalduko dizkiotela? Tematuta gaude ez ote dioten txantxangorriari hegorik moztuko.
Euskararen normalizazioak ereduak behar ditu; liderrak. Administrazioak beharko luke euskararen abangoardia izan, eta ez euskalgintzaren erritmoa ezin jarraiturik dabilen pakidermo geldoa.
Euskararen indartzeak aurrekontu mardulak behar ditu; inbertsioa. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak beharko lukete euskararen zaindari izan, eta ez euskara bigarren mailakotzat eta “arazo” gisa duten alderdi politikoen portu.
Euskararen osasun onak guztion bultzada behar du; auzolana. Gizarteak beharko luke euskara altxor gisa aprobetxatu, eta ez zama gisa jasan behar duena.
Euskararekiko erantzukizuna hartu dugu. Gobernuek erantzunak eman behar dituzte orain.

Andone Salbarredi
Eusko Alkartasunako Hizkuntza, Kultura eta Hezkuntza idazkaria