Pello Urizarrek pasa den ostiraleko Iñigo Urkulluren eta Espainiako Erregearen arteko bilera hizpide izan du gaur Legebiltzarrean. EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak “Kataluniak bezala, Euskal Herriak ere ibilbide propioa egiteko zilegitasun osoa” duela gogorarazi dio lehendakariari, eta zilegitasun hori baliatzera dei egin dio. Adierazi duenez, “aldebikotasuna zilegi eta desiragarria den arren, Espainia parean daukagun bitartean ameskeria ere bada” eta, horren ondorioz, burujabetzaren aldeko bide horretan “alde bakarrez egiteko obligazioa dugu”. Horren ildotik, EH Bilduren babes osoa eskaini dio Jaurlaritzari, norabide horretan aurrera eginez gero.

Ez da hori, ordea, Urizarrek antzematen duena, EAJ aldarrikapen maila jaisten ari baita. Dioenez, “lehen Euskadiren nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea marra gorri bezala zituen eta orain erabakitzeko eskubidetik galdeketa egiteko eskubidera pasatu da”. Hori horrela, EAko idazkari nagusiak kritikatu du EAJk “gure herriaren eskubideak ukatuko dituen Konstituzio berri baten osaketan parte hartzeko borondate gogotsua” adierazi izana, hori “atzera egitea” delako.