Eusko Alkartasunako kargu publiko eta kargu publiko izandako ia 300 lagun bildu dira Euskal Herria Bilduri bere babesa agertzeko.

Eusko Alkartasunako kargu eta kargu izandako ia 300 lagunek agerraldia egin dute, alderdiaren militante historikoekin batera Euskal Herria Bilduri babesa agertzeko. Eusko Alkartasunako idazkari nagusia, Pello Urizar, gazteleraz, eta Esther Larrañaga, euskaraz, izan dira militantziaren bozemaile.

Gaur hemen gauden kargu publikook, bai eta kargu izandakook ere, Eusko Alkartasunako militantzia osoaren izenean agertzen gara Euskal Herria Bilduren proiektuaren aldeko gure konpromisoa adierazteko eta Laura Mintegi gure lehendakarigaia buru duen hautagai-zerrendari babesa emateko.

Euskal Herria Bilduren oinarrian Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak 2010eko ekainean sinatutako akordioa -Lortu Arte akordioa- dago; abiapuntu horretatik bakarrik errealitate bilakatu ahal izan da. Eusko Alkartasunak sortutako proiektua da, horren alde lan egin dugu, eta ilegalizazioaren zentzugabekeriaren arriskua eta guzti onartu genuen horren alde. Indar subiranisten batasuna definitu eta gogoz bultzatu egin dugun proiektua da, ziur geundelako horixe zela Euskal Herriko puzzle politikoan falta zen zatia autodeterminazio eskubidea gauzatze aldera nahi dugun aurrerapausoa eman ahal izateko.

Euskal Herria Bilduren proiektuan parte hartzea bat dator zeharo Eusko Alkartasunaren betiko printzipioekin. Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen defentsa sutsua; irizpide aurrerakoietan oinarritutako gizarte justuago bat eraikitzeko proposamen bat; pertsona guztientzako giza eskubide guztien defentsa; helburu politikoak lortzeko bide demokratikoak soilik erabiltzeko konpromisoa. Horiexek dira Euskal Herriaren Bilduren lau oinarri, eta horiexek dira baita ere Eusko Alkartasunaren sorrera inspiratu zuten lau printzipioak.

Adostasun horren oinarriak izan dira, era berean, herri honen eskenatoki politikoan aldaketa eman dadin posible egin dutenak. Aldaketa normalizazio politikoa lortzeko eta, batez ere, hainbeste behar genuen bakea eskuratzeko.

Eta halaxe nabarmendu behar dugu Aieteko Adierazpenak lehenengo urteurrena ospatu berri duenean, konferentzia hura, besteak beste, Eusko Alkartasunaren konpromisoari eta lanari esker posible izan zelako. Gogoan izan behar dugulako 2010. urtean zehar EAJk eta PSEk, eta noski, PPk ere bai, publikoan zein pribatuan esaten zutela ez zela beste bake prozesu bat egongo. Eta gogoan izan behar dugu urte hartan eta hurrengoan Eusko Alkartasuna korrontearen kontra ibili zela, prozesuaren kontrako interesen jomuga izan zela etengabe.

Gainera, 1986ko irailean jaioz geroztik Eusko Alkartasunak indar abertzaleak batu beharra defendatu du beti, aldarrikapen horiek guztiak lortzeko bidea zelakoan. Batasun abertzalea, polo subiranista, ezkerreko indar subiranisten batasuna, berdin dio nola deitu, hori izan da gure helburua gure alderdia sortu genuen Kongresuaz geroztik. Indarrez lan egin dugu horretarako, eta beti ondorio guztiak onartuz.

Ondorioak mota askotakoak izan dira. Bozak galdu ditugu, ilegalizazio mehatxuak pairatu eta barne zatiketak ere. Dena hartzen dugu gure gain, gure historiaren parte delako eta garena bihurtu gaituelako. Ibilbide horri esker Eusko Alkartasuna indar kohesionatua da, inoiz baino biziago dagoena, eta beti gure helburu bakarra izan denaren diseinuan, hau da, Euskal Herriaren etorkizunaren diseinuan, aktiboki parte hartzen ari dena.

Eusko Alkartasunako kide konprometitu bezala, Euskal Herria Bilduren proiektua defendatzen dugu gure herria eta gure gizartea dauden une erabakigarri honetan sinesgarritasuna merezi duen eta konfiantza ematen digun bakarra delako.

Gure historia hurbilean lehen aldiz, independentismo osoa biltzen duen indar bat lortu dugu, erritmorik, eperik eta ñabardurarik gabe definitzen den independentismoa, hain zuzen ere. Eta indar horrek, herriaren borondatean oinarritutako prozesu subiranista batekiko konpromisoa duenak, hauteskundeak irabaz ditzake Autonomia Erkidegoan, horrek Euskal Herri osoan izango lukeen eraginarekin.

Aukera honek arduraz jokatzera behartzen gaitu, gure militantzia abertzalearekin koherenteak izaten erantzuteko, egoera honek eskatzen duen neurrian erantzuteko.

Pairatzen ari garen, gure inguruko milaka lagun pairatzen ari diren krisi ekonomikoak eredu sozioekonomikoa errotik aldatu behar den ustea hedatu eta orokortu egin du. Aldaketa horrek ekarri beharreko guztiarekin: zerga arloan, azpiegituren ereduan, herri antolamenduan, euskal banku publikoa sortzeko proiektuari berriz ere heltzeko, gizarte ekintzak pisu handia izan dezan. Hitz batean esanda, gizarte justuago bat eraikitzen hasteko oinarriak jartzeko.

Egoera nazionalari begira, haizea alde dugu eta ez dugu aukera alferrik galtzen utziko; autonomismoaren 30 urte hauek amaitutzat emateko unea heldu da. Independentzia haizea dator: Quebecetik printzipio demokratikoan oinarritutako mugimendua iristen zaigu; Eskozian independentziari buruzko erreferenduma prestatzen ari dira; espainiar Estatuan bertan, Katalunian, alegia, errepika daiteke hori, CiUk bere erabakiari eusten baldin badio; Estatu erreformari heldu beharra sektore soziopolitiko zabal bat onartzen ari dela dirudi.

Eta honi guztiari Euskal Herrian mugimendu independentista indartsu eta egituratuta dagoela, babes sozial ukaezina lortu duela gehitzen badiogu, aukera historiko baten atarian gaude.

Abertzaleok gure alde jotzen ari den haizea hartu behar dugu, eta bultzatu behar dugu prozesu subiranista bati berme guztiekin ekiteko. Horixe da Euskal Herria Bilduk bakarrik egingo duena.

Horregatik, Euskal Herria Bildu Eusko Alkartasuna osatzen dugun gizon-emakume guztion aukera da. Igandean gure bozka Euskal Herria Bildurentzat izango da, eta Europan Euskal Herri burujabea nahi duten abertzale guztiei eskatzen diegu Euskal Herria Bilduren aldeko bozka eman dezatela. 

Jatorria: Eusko Alkartasuna