Eusko Alkartasunaren ordezkaritza batek igandean Lekeition 2018ko Euskal Eskola Publikoaren jaiaren ekitaldietan parte hartuko du, euskal hezkuntza sistema publikoa, kalitatezkoa eta unibertsala, babesteko, hori baita haur guztiek aukera berdintasuna izango dutenaren bermea.

Azken hilabeteetan dagoen egoerak mobilizazioak eta grebak sortu ditu eta hezkuntza sistema publikoak une delikatua bizi du. Horren aurrean, Eusko Alkartasunak ezbairik gabeko apustua egiten du hezkuntza publikoa Ongizate Estatuaren oinarrietako bat izan dadin eta horretarako beharrezkoa den aurrekontua izan dezan.

Zalantzarik gabe, Ongizate Estatuak orokorrean jasan dituen murrizketek hezkuntza sistemari ere eragin diote, horrek herri baten etorkizunean dituen ondorioekin. Horregatik, Lekeitiora joango da Eusko Alkartasuna, Euskal Herrirako curriculum propioa garatzeko gaitasuna duen hezkuntza sistema publikoa, kalitatezkoa eta unibertsala, euskalduna, integratzailea eta berdintasuna jorratzen duena babestera.