Martin Aranburu. Eusko Legebiltzarkidea
Estatutua aldatzeko proposamenaren inguruko kontsulta legez kanpokoa zela, parte hartzaileek kode penalaren aurkako falta egingo zutela, Estatuak bere ahalmen guztiak erabiliko zituela kontsulta ekiditeko eta abar entzuten aspertuak ginen Europako txoko honetan. Aldiz, gure arazoa konpontzeko legez kanpokoa, zatitzailea eta diskriminatzailea den kontsulta eginaraziko digute Europako Konstituzioaren inguruko iritzia emateko. Badator. Orain antza Espainiako legediak aurreikusten ditu kontsultak egiteko mekanismoak. Abila gero burua legedian sartu eta erreferenduma egiteko aukera ahalbideratzen duen artikulua topatu duen gizakia! Zaila suertatzen zait Europako Konstituzioko erreferendumean hainbat alderdik izango duten bozkatzeko jarrera ulertzea. Eta Estatu espainolean ulergaitzak baldin badira hainbat iritzi, are eta ulergaitzagoak frantsesaren kasuan.

Espainian logikatik at dago abertzaleek baiezkoa esatea konstituzio horri. Zehazkiago esatearren, Europakoari baiezkoa esaten badiote, zentzurik ez du espainola ez onartzea. Kritikagarriak diren alderdiak zerrendatzen hasiz gero, GARA osoa hartuko banu ere, objektiboa da Espainiako Konstituzioak Euskal Herriaren zati baten eta bere hizkuntza propioaren existentzia onartzen dituela. Halaber, lehenaldian zegozkigun eskubideen onarpen teorikoa ere hor dago. Europakoan aldiz, estatu-nazio kontzeptu jakobinoenean oinarritzen dira eta estatuenak ez diren hizkuntza ofizialak onartzeke geratzen dira Hau da, 50 milioi pertsona eta dagozkigun giza eskubideak Europan onartzeke uzten dira. Eta konstituzionalki estatus horri zilegitasun juridiko osoa emango dion oinarrizko testuari zer eta baietz? Arazo politikoa berdina izango da ba, eskubide ukatzailea non den erreparatu gabe? Niri berdin dit nire nortasun politikoak nork ukatzen dizkidan, kasu guztietan baita salagarria eta eskubide baten ukazioaren kausa.

Estatu frantsesean dialektika berdinarekin dabiltza, nahiz eta bertan, herri desberdinetako abertzaleek kontuan hartu beharreko beste elementu bat duten: Front Nationalaren ezezko boza. Euskaldunak eta katalanak ia osotasunean esaten diogu han ere ezezkoa konstituzio honi, baina gainontzeko herrietakoek baiezkoan daude: bretoiak, korsikarrak, okzitaniarrak eta alsaziarrak. Herri horietan, nire ustez, aukera paregabea galtzen dute errealitate baten berri emateko, zapalduak izateaz gain, La République handi horrek munduaren bistara ezkutatu egiten baititu, existituko ez balira bezalaxe, nahiz eta La France bera baino errealitate aberatsagoa duten. Kostu politiko handiegitzat jo dute Le Pen-ekin bat egitea.

Berrogeita hamar milioi europear onarpenik ez duteneko marko batetan txertatuta. Gero harritu egingo zaizkigu arazoak sortzen direnean!

Jatorria: Martin Aranburu