Mikel Irujo. EAren Bruselako bulegoko idazkaria Galduta zegoen turista batek Esloveniako bi poliziari
norabide bat galdetu zien ingelesez; poliziak ez zioten ulertu. Turista orduan
frantsesez, alemanez eta italiarrez saiatu zen, baina poliziek ez bat ez beste
ez zuten ulertzen. Turistak orduan bere bidea jarraitu zuen, nora zihoan jakin
gabe. Polizia batek aipatu zion besteari hizkuntzak ikasteko beharra, baina
besteak lasaitasunez erantzun zion: «Zertarako? Begira zenbat hizkuntza
zekizkien turistak eta zertarako balio izan dio».
Esloveniako Atzerri Arazoetarako ministroak txiste
bezala kontatu zuen hori konferentzia batean, baina Pedro Pegenautek, Nafarroako
Gobernuko Hizkuntza Politikako zuzendari nagusiak Euskaldunon Egunkarian (2000-10-24)
egindako elkarrizketa batean zentzu berean jo zuen euskara ez zuela ikasi behar
«nirekin hitz egitera etortzen diren guztiek, zorionez, primeran dakite
gaztelaniaz» adierazterakoan. Baina, badakigu, Nafarroa da Europan atzera
egin duen kasu bakarra.
Baina foruen mugetatik urruntzen bagara, Europan
aniztasun handi batekin topo egiten dugu. Gaur egungo Europako Batasunean 40
hizkuntza hitz egiten dira, gutxi gorabehera, eta EBko erakundeetan horietatik
11 dira hizkuntza ofizialak soilik. Estatu bakoitzaren esku dago erabakitzea
zeintzuk diren hizkuntza ofizialak. Gure kasuan, estatu espainol eta frantsesek
aukeratu dute gaztelania eta frantsesa ofizialak izatea soilik. Horrek esan
nahi du dokumentu guztiak 11 hizkuntzatara itzuli behar direla eta interpretazio
guztiak 11 hizkuntzatan egiten direla, hau da, eurodiputatu guztiek beren estatuan
ofiziala den hizkuntzan jarraitzen dituzte eztabaida guztiak. Ofizialki horrelakoa
da sistema, hau da, hizkuntza guztien parekotasuna.
Eguneroko lanean, dena den, nahiko garbi dago
hizkuntza batek duela lehentasuna, ingelesak. Interpretaziorik gabe egiten diren
bileren %90etan ingelesa erabiltzen da. Portzentaiekin jarraitzen badugu, beste
%9k frantsesez egiten dute eta %1 utziko dugu beste hizkuntzentzat. «Suediar,
holandar eta daniar batekin esertzen bazara, ingelesez hitz egingo duzu»,
esan zuen behin alemaniar diputatu batek. Europako Komisioaren web orri gehienak
ingelesez daude bakarrik, nahiz eta diru laguntzen informazioa hiritar guztiendako
zabalduta egon. Hala ere Komisioaren Itzulpen Zerbitzuak urteoro milioi bat
orrialde eta 11.000 bilera itzultzen ditu. Europako Parlamentuko zerbitzuak
ia zenbaki berak aurkezten ditu.
Joan den irailean argitaratutako Eurobarometroaren
arabera, gaztelera Europako Batasuneko biztanleriaren %11k hitz egiten dute
bakarrik, hau da, Estatu espainolean katalan hiztunen portzentaiak baino gutxiagok.
Pirinioetatik at, %5ek soilik dakite gaztelara, hau da, bigarren hizkuntza bezala.
Pentsa dezagun ingelesa bigarren hizkuntza dela EBko hiritarren %32rentzat.
Baina EB ekialdera zabaltzen bada beste 100 milioi biztanle gehituko dira, eta
gaztelera biztanleriaren %8 baino gutxiagok hitz egingo du Europa mailan. Hau
da, Europa herri bat bezala kontuan harturik, gaztelera hizkuntza gutxitu bat
izango da, Europako Kontseiluaren definizioa jarraitzen badugu. Baina Estatu
espainola beti gogor atera da gaztelania hizkuntza ofizial bezala defendatzen.

Gainera, zabalketarekin beste 10 hizkuntza ofizial
gehituko dira EBra. Esloveniak, adibidez, bi milioiko biztanleriarekin, argi
utzi du bere hizkuntza ofiziala izango dela EBko kidea izaterakoan. Eta hor
dago gakoa. Estatuak ezin dira behartu bere hizkuntza ofiziala ez izatera. Gaur
egun estatuek erabakitzen dute zein hizkuntza diren ofizialak. Gorka Knörrek,
Nicole Fontaine- rekin (Europako Parlamentuko presidentea) izandako bilera batean
gal- detu zion katalanaren edo euskararen erabilerari buruz, eta presidenteak
esan zion ofizialtasun falta hori, bere herriak estatu bat osatzen ez zutelako
zela. Bakoitzak bere ondorioa atera dezala.
Zein argudioren izenean mantentzen da EBn horrelako
sistema bat, 11 hizkuntza ofizialekin? Hiritarrek EB aurrean bere hizkuntza
erabiltzeko daukaten eskubidearenean. Herri gastuaren edo diruaren argudioa
ez da kontuan hartzen, «demokrazia berez oso garestia da», errepikatzen
dute behin eta berriro finlandiarrek Parlamentuan, eta haien ustez hizkuntza
politika zabala «demokraziaren kostua» da. Noski, argumentu horren
alde nago, baina demokraziari buruz hitz egiten badugu, esplikaezina da nola
5 milioi daniar edo finlandiarrek, 11 milioi katalanek baino eskubide gehiago
duten.
Zabalketa burutzen denean, galdetu beharko dugu
zergatik 2 milioi esloveniarrek 700.000 euskaldunek baino eskubide gehiago duten.
Horrez gain, galdetu beharko diogu Nafarroako Gobernuari ea hain zaila den Nafarroan
administrazio elebidun bat izatea, EBn 11 hizkuntzako sistema mantentzen denean.

Elebakartasuna laster desagertuko da Europan.
Viviane Reding, Europako Kultura eta Hezkuntza komisarioak, Luxenburgo, bere
herria, ipintzen du adibide bezala. Nahiz eta 400.000 biztanle izan bere hizkuntza,
luxenburgera mantentzen dute «beren hizkuntza delako». Horrez aparte,
Luxenburgoko biztanleriaren %92 elebiduna da. Eta argi dago bere hizkuntza mantentzea,
nahiz eta hiztun kopurua oso txikia izan, ez doala elebitasunaren kontra, justu
kontrakoa baizik. Europako beste zenbait estatu adibide onak dira. Finlandian
adibidez, suediera hizkuntza ofiziala da, nahiz eta biztanleriaren %6 soilik
suediarra izan.
Hizkuntzak ikaste- ak beti aberasten du, baina
hori bai, nahiko esfortzua suposatzen du. Baina hizkuntzen babesa eskatzen dugunean,
ez dugu bakarrik aberastasunean pentsatu behar, baizik eta hiztunen eskubideetan.
Hiritar guztiok gure hizkuntzan bizitzeko eskubi- de osoa daukagu, administrazioa
barne delarik. Europako Batasunak 11 hizkuntza ofizial mantentzeko printzipioa
errespetatzen du, nahiz eta hizkuntza gutxituen 40 milioi hiztun kanpoan utzi.
Dena den, Xouse Pablo Gonzalez, Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako zuzendari
nagusiaren esanetan «hizkuntza aniztasunak aberastu egiten du, ez pobretu.
Hizkuntzak kultura igortzen du, eta kulturak norta-suna».
Jatorria: Eusko Alkartasuna