Maiorga Ramirez EH Bilduko parlamentariak etxebizitzaren politika orokorrari buruzko interpelazioa egin dio Nafarroako Gobernuari gaurko osoko bilkuran. Bere hitzaldian gogorarazi duenez, “Parlamentuak berak onartu zuen etxebizitza izateko eskubidea, eta erakundeek bete egin behar dute”.

2018-2028ko etxebizitza planak “ezinbestean eguneratu eta, batez ere, zehaztu beharreko datuak” jasotzen zituen. “Baina plan horrek bere diagnostikoan zehazten zuen 10 urteko epean gutxienez 15.000 etxebizitza aktibatu behar zirela eta gehienez 23.000. Plan berean jasotzen zen une horretan 24.500 etxebizitza huts zeudela”.

“Erakuts iezadazu ezin dela egungo etxebizitza beharra bete”, eskatu du Maiorga Ramirezek. Ideia hori “garapen iraunkorrarekin, gure herri eta hirietako berezko nortasunari eustearekin, hurbileko kontsumoarekin eta ingurumen-konpromisoekin lotzen da”.

Maiorga Ramirezek etxebizitza eskubidea betetzeko neurri eta hausnarketa sorta bat aipatu du.

Lehenik eta behin, datu eguneratu gehiago eskatu ditu, daudenak 2016koak eta 2011koak baitira.

Bigarrenik, Maiorga Ramirezek garapen iraunkorraren kontzeptua defendatu du, “baliabideen optimizazioa behar da eta ez berriak eraikitzea”.

Halaber, birgaitzearen alde egin du: “Etxebizitza planean esaten zen neurri bereziak aktibatu behar direla Iruñea ez diren udalerrientzat, birgaitzearen behatoki bat sortzea aipatzen da… hori guztia egiteko dago”.

Laugarrenik, Maiorga Ramirezek egoera demografikoa aztertzea proposatu du.

Bestalde, despopulazioaren arazoa gogorarazi du, eta, ildo horretan, parlamentariarentzat “etxebizitzak non dauden jakiteko politika behar da eta jendearentzat leku horietan bizitzea erakargarria izatea nola lortu aztertu”.

Seigarrenik, etxebizitza mota berriak aipatu ditu. Era berean, hirigintzari eta egungo kontsumo ereduari buruzko hausnarketa egitea eskatu du, arau-esparrua aldatzea eta jabetzaren edo alokairuaren arteko eztabaida eta horren ondorioak aztertzea proposatu du.

Azkenik, Next Generation–en kudeaketari dagokionez aipatu du, “2018-2028ko etxebizitza plan horretarako hasiera ona izan” daitekeela.

Interpelazioari erantzuteko Nafarroako Gobernuak arau aldaketa egingo duela iragarri ostean, Maiorga Ramirezek esan du: “Espero dugu koherentea izatea behin eta berriz etxebizitza eskubidetzat hartzeko egiten den aldarrikapen publikoarekin, eskubide hori aitortzea aurrerapausotzat hartu baitzen, eta orain errealitate bihurtzeko garaia da”.