Etxebizitza eredu berriak sustatzeko ekimena onartu du Eusko Legebiltzarrak gaurko Osoko Bilkuran aho batez EH Bilduko legebiltzarkidea den Maider Otamendiren ekimenez. Beste puntu batzuen artean, etxebizitza kolaboratiboak garatu ahal izateko behar den marko legala definitzeko deia egin dio Legebiltzarrak Jaurlaritzari eta cohousing-ari buruzko informazioa eta aholkularitza indartzea ere eskatu dio.
“Eredu berritzaile horiek jendartearen beharrei beste era batera erantzuteko gaitasuna” dutela esan du Maider Otamendi, EAkideak: “egoera prekarizatuan bizi dien gazteei emantzipaziorako aukera ematen die eta zaharragoei zaintza krisiari aurre egiteko modu alternatiboa, adibidez”.
Izan ere, “etxebizitzarekin lotutako arazoak ugariak” direla gogoratu du Otamendik, “jabetzan zein alokairuan etxebizitza eskuratu eta mantentzea oso zaila da kolektibo handi batentzat, bereziki egoera zaurgarrienetan daudenentzat”.
Konponbide eraginkorrena zein den argi du EH Bilduko legebiltzarkideak: “alokairuko etxebizitza parke publikoa handitzea, baita alokairu prezioaren etengabeko igoerari aurre egitea”. Baina, bizitza proiektua garatzeko horren garrantzitsua den gaian “egiten den guztia ez da nahikoa eta eredu berriak lantzen hastea ere beharrezkoa da”, adierazi du Otamendik, “orain arteko etxebizitza eta bizikidetza ereduek ez baitu askoren beharrei erantzuten”.

Hemen irakurri dezakezu onartutako ekimena:

http://www.legebiltzarra.eus/ic2/restAPI/pvgune_descargar/default/e0320b34-4015-4145-9dfe-139b42037c37