Martin Aranburu Karrera Artikulu honen edukia beteko duen gaia aukeratzea zaila suertatzen da batzuetan. Gaur, lehendakari berriaren hautaketarako Legebiltzarreko debatea eta Jarrai-Haika-Segi epaiketako sententzia suerta daitezke hizpide nagusi, nahiz eta azken astean gertakari aipagarriren bat gertatu bada, hori ETAk publiko eginiko azken komunikatua izan den, bertan esaten duenagatik eta publiko egiteko erabaki duen mementoagatik. ETAk eginiko komunikatuaren irakurketa lasaiak ondorio nagusi bat ematen digu aditzera: agertoki politikoan aldaketa kualitatibo sakonak gertatu direla azken hilabeteetan.

Agertokian izaniko aldaketak ETAk harturiko erabaki sakon baten zergatitzat aurkezten dira. Hain zuzen, kausa nagusi bat nabarmentzen da nire aburuz: euskal agertoki politikoan bakearen eta normalizazio politikoaren aldeko prozesu politikorako lagungarri den giroa lortzeko paradan dago Euskal Herria. Elkarrizketaren eta konpromisoen aldeko giro horren adierazle lirateke Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren edukia eta plangintza, batetik; eta, bestetik, PSOE egiten ari den estrategi politiko aldaketa, terrorismoaren aurkako ituna baztertu eta urratsak egiteko prest azalduta.

Bake prozesu baten usaina aspaldian dabil Euskal Herriko airean dantzan. Halere, bake prozesu batean murgilduta gaudela esateak ez du baliorik prozesu horren eragile izan behar dutenek hala ikusten ez badute. Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoan Konponketarako mahaia osatzeko helburua zehazten da, eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko debate luze bati aukerak emango dizkion plangintza oso bat eragileen artean hitzartu eta eztabaidatuta. Hitzetatik harago doa OHD. Konpromisoak ere bertan daude. Elkarrizketaren aldeko jarrerak eta konpromisoak biltzen ditu eragile askoren partetik, eta bertan daudenei eta ez daudenei, elkarrizketa sakon eta zintzo bati ekiteko prestutasun politikoa frogatzen die. Prozesuan parte hartu behar duen orok frogatu, konprobatu eta aprobetxa dezakeen prestutasun politikoa.

PSOEren aldetik dator agertokian aldaketak eragin dituen bigarren urrats nabarmena. Azken hilabeteetan PPrekin batera gidatutako konfrontazio politiko bortitzaren dinamika alde batera utzi duela dirudi. Konfrontazio militarra bizi-bizi mantentzen duen artean, politikoki urratsak egin ditu; estrategi politikoan aldaketa bat egin duten seinale. Bake giroa sortzen laguntzen duen bigarren ezinbesteko elementua, beraz. Eragile guztiak mugitu behar dira, ordea. Bake giroa sortzea ez da nahikoa, giro horrek apurka denen mugimenduak eragiten ez baditu. ETA mugitu da azkena. Sakontasun askoko urratsa egin eta sortzear dagoen bake giro horri bultzada lagungarri bortitza emanda. ETAren jardunaren oztopoa hein batean desagertu egin da, elkarrizketarako beharrezkoak diren baldintzak sortzen lagunduta. Beste batzuk mugitu behar dira orain. Eta egin ezean, mugitu direnen artean aurrera, honezkero herri honen ehuneko handi batek mugimenduak egin baititu.
Jatorria: Martin Aranburu