«Debekuen gainetik» herri galdeketa sustatu nahi du Eusko Alkartasunak

Eusko Alkartasunako presidente Unai Ziarretak «debekuen gainetik» herri kontsulta egiteko proposamena egin zuen atzo, Forum, Europak Bilbon antolatutako ekitaldi batean. Ziarretaren ustez, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak urriaren 25erako proposatutako herri galdeketa «Francoren heriotzaz geroztik Euskal Herriak biziko duen unerik garrantzitsuena izango da, eta debekuen gainetik galdeketa egiten saiatu behar da», esan zuen. Ziarretak galdeketa «modu batera edo bestera» egitera bultzatzen du, Madrildik «gobernuko debekua edo debeku judiziala» etorriko den arren. Ziarretak uste du debeku horiek etorriko direla. Ustezko debeku hori 2005. urtean EAEko autonomia estatutu berriari Espainiako Kongresuak emandako ezezkoarekin alderatu zuen, baina EAko presidentearen hitzetan «herriak ez du horrelako erantzunik emango». Bide horretan, «Espainiako Estatuarekin eztabaida demokratikoa, instituzionala eta politikoa ahalbidetuko duen esparru bat sortzearen alde» azaldu da Ziarreta. «Etor daitezkeen debekuen gainetik egoten jakin behar dugu, eta galdeketa egin. Modu horretan Europak ikusiko du badagoela nazio bat, euskalduna, estatu izan nahi duena», adierazi zuen. IKUSPUNTU «MODERNOA» EAk independentziaren gainean duen ikuspuntu «modernoak» ez duela mugak sortzea ulertzen baieztatu zuen. EAk independentzia Europako Batasunean eta munduan inoren eraginik gabe erabakitzeko ahalmenarekin lotzen du, Ziarretak esan zuenez. «Espainiaren parte izateak ez dio ezer ere ematen Euskadiri, izan ere, euskaldunok estatuari emandako diru kopuruaren eta guri estatuak emandako kopuruaren artean alde ikaragarria dago; milioi askoren aldea», baieztatu zuen. Herri askorentzat independentzia «gauza politiko bat baino askoz gehiago» dela adierazi zuen. «Herri askorentzat independentzia ongizate maila handitzeko modu bakarra da, behar bat izateaz gain», esan zuen. Kosovoren independentzia aldarriaren gainean ere mintzatu zen Ziarreta, eta «ate bat zabaldu» dela aitortu zuen. Hala ere, Eskoziaren eredua gertuago ikusten duela ere gaineratu zuen; izan ere Ziarretaren ustez, Eskozia Europako parte da eta Kosovo oraindik ez. Horren harira, indarkeria eta independentzia ezin uler daitezkeela elkarrekin esan zuen.

Jatorria: Unai Ziarreta