Martin Aranburu, legebiltzarkidea
Iragan igandean, ekainak sei, Eskola Publikoaren jaia ospatu zen. Eguraldia primerakoa. Egitaraua ere erakargarria. Horrelako ekitaldietan izaten den jende uholdeaz gain, ohiko kargu politikoak ere bertaratu ziren, derrigorrezko agurrak eta diskurtsoak egiteko. Horietako diskurtso batean gertatu zen jarraian azaldu nahi dudana, kritika kutsuaren ordez aldarrikapen zentzu batez janzteko intentzioarekin betiere.

Hezkuntza sailburuak hitza hartuta, eskola publikoaren euskalduntzea aldarrikatzen zuen gazte talde antolatu bat inguratu zitzaion eta aldarrikapen hori idatzita zuteneko paperak erakutsi zituzten. Hiru urteetan gai horren inguruan egin diren esfortzuak kontuan hartuta bidegabea iruditu zitzaidan kritika, baina zalantza-ezina da ezen kolektiboak bere iritzia plazaratzeko eskubidea duela edozein gairen inguruan, hori baita politikoki bizirik dagoen gizarte baten ezaugarri. Beraz, kritikak entzun, eta kito. Halere, kritika horien harira hausnarketa bat egin nahi dut, irakurle askori gustatuko ez zaiola aurrez baldin badakit ere.

Eragile politiko bat kritikagarri izan daiteke jardunagatik eta jardun ezagatik; hau da, arazo bat konpontzearren neurriak hartzen ez dituelako edo egikaritu nahi diren neurriak ez zuzenak direla uste delako. Baina badira beste hainbat kasu non kritika egiteko zilegitasuna duten eragile askoren isiltasun bera kritika motibo bihurtzen den. Azaltzen saiatuko naiz.

Hezkuntzaren euskalduntzea prozesu luze eta gogorra izan da. Nahi baino denbora gehiago exijitu duena, eta irakasle askoren partetik esfortzu handiak eskatu dituena, administrazioak helburu hori lortzearren bideratu dituen errekurtso itzelak alde batera utzi gabe. Euskalduntze horren lorpenean hizkuntza perfilek ezinbesteko papera izan dute, hizkuntza gaitasunaren lorpenaren baitan zegoelarik hezkuntza administrazioan langile bakoitzak zuen lekuaren mantenua. Gaitasun horren lorpen zaila errazteko asmoz, administrazioak baliabideak eta denbora-epeak hitzartu izan ohi ditu. Objektibotasunez aztertuz gero ukaezina da irakasleria neurri handi batean euskalduntzea lortu dela, nahiz eta, zer esanik ez, esfortzuak egiten jarraitu beharko den.

Dena dela, euskalduntze baldintza horiek bete ezin dituzten irakasleekin erabaki gogorrak hartzea suerta daiteke, adostutako epe eta baldintzen marko orokorrena errespetatuz. Euskalduntze helburua duen prozesu baten ondorioz hartzen diren erabaki hauen alde nor azaltzen da, ordea? Non egoten dira euskalduntzearen exijentziaz hedabide asko hitz potoloekin betetzen dituzten hainbat eta hainbat talde? Euskalduntzearen ondorioz hartzen diren erabaki zailek ez dituzte normalean bidelagun askorik izaten, hain aldarrikatua den euskalduntzearen baitan badira ere. -
Jatorria: Martin Aranburu