Aste gutxi daramatza Eusko Alkartasuneko presidente gisa, baina talde lanean oinarrituta sozialdemokrazia bultzatzeko prest dago. Martxoko Madrilgo Gorteetarako hauteskundeei begira beste alderdi batzuekin bateginik joatea ez du baztertzen

Urtea ondo hasi duela aitortzen du. “Urteberri egunean, ohi bezala, Gorbeiara igo nintzen koadrilarekin. Ibilaldi hori niretzat erritoa da” dio Eusko Alkartasuneko presidente berriak. Politikak sendi bizitza baldintzatzen badu ere, ez da kexu. “Nahiz
eta kargu berriak hara eta hona ibiltzeko tentsioa areagotuko didan” dio. “Etxean lasaitasuna behar da gero kanpoan lana zuzen egiteko”.

Rodolfo Aresek (PSE-EE), “abertzaletasun erradikalari keinu egitea” eta Leopoldo Barredak “ETAri hegalak ematea” adierazpenekin definitu zuten lehendakariaren eguberrietako diskurtsoa.

Adierazpen publikoen atzean ideiak daude baina PSE-EE eta PPren iritziak aurreikusgarriak izaten dira beti. Ares eta Barredaren hitzak hauteskunde girokoak dira. Hemendik aurrera diskurtsoak gogortu egingo dira botoak irabazteko. Ibarretxe lehendakariak herri-kontsultari garrantzi handia ematen dio. Baita EAk ere. Gure alderdiaren hiru zutabeak, ‘erabakitzeko eskubidea, elkarrizketa eta giza-eskubideei errespetu osoa’ dira. Guretzat, herri kontsulta, erabakitze eskubidearen gauzatzea denez balorazio oso positiboa egiten dugu lehendakariak hartutako bidearekin.

Hirukoa osatzen duzuenok eta Aralar bat etorri zarete bere hausnarketekin. Aurrerantzean, PSE-EE eta PPk zer bide hartuko dute?

Bake prozesua eten izanak baldintzatu ditu jarrera politikoak; ETAk hautsi zuen guztia. Itxaropenetik, aro beltz batera igaro gara. Aurrerantzean, tamalez, ETAk biolentzia ekimenak areagotu egingo ditu ziurrenik gainera. Prozesua apurtu egin zen. Erabat. Hari guztiak hautsita daude. Egoera berri batean murgilduta gaudenez, alderdi eta politikooi dagokigu ikuspegi eta iniziatiba berriak mahairatzea.

2008a, erabakitze eskubidea indarrean jarri behar den urtea dela esana duzu. Hau da, autodeterminazio eskubidearen unea. Baina zein beharko luke izan kontsultaren galderak?

Independentziaren ingurukoa izatea gustatuko litzaidake. Epe ez hain luzean herri honek erantzun beharko duen galdera hain zuzen ere. Konpondu gabeko arazo politiko bat baitago guztiaren muinean. Baina galdeketaren aurretik, elkarrizketa eta akordio proposamena ere mahai gainean daude; Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari
botatakoa. Gure herritar kopuru handi bat ez da eroso sentitzen Espainian, beraz, afera hori konpondu behar dugu. EA elkarrizketaren aldekoa da, ez baiteritzogu zilegi XXI. mendean hitz egiteari atea ixtea. Hau da, Espainiako gobernua eta Eusko Jaurlaritza adostasun batera heltzen badira, primeran. Ez dutela lortzen? Urrian, herri galdeketa.

Eta kontsulta nork hartuko luke beregain? Eta nork bideratu eta egiaztatu beharko luke?
Eusko Jaurlaritzak. Gainontzeko auzi tekniko guztiak, borondate onarekin konponduko dira. Ez diot kontsultari inongo arazorik ikusten, naiz eta bidean zailtasunak azalduko direla uste.

Eta herritarren parte hartzeak kezkatzen al zaitu?

Parte hartze handia aurreikusten dut. Ez dut inolako zalantzarik. PSOE eta PPri gogorarazi behar zaie Europako Konstituzioaren galdeketan zer nolako parte hartzea
izan zen; urriko kontsulta aipatzen denean, berriz, trabak ipintzen dituzte. Onartzen dut euskal gizartea anitza dela. Agerikoa da hori. Baina demokraziaren arauetariko bat gogora ekarri nahiko nuke: gehiengoaren erabakitze eskubidea. EAk errespetatu egingo du herriak deliberatzen duena, nahiz eta azken emaitza gure gustukoa ez izan. A,
eta ezinekoa da, gutxiengoak, PSE-EEk eta PPk, gehiengoren nahiari baldintzak jartzea.

“Ez ETAk, ezta Espainia eta Frantziako gobernuek ezin dute normalizazio politikoa mugatu, ezta inongo betorik jarri ere” (Unai Ziarreta).

Gizarte plural batean dagoen gutxiengo politiko batek ezin dio gehiengoari ezer inposatu. ETAk, adibidez, ezin du normalizazio politikoa kolokan jarri. Halere ez nator bat buruzagi sozialista batek esan zuenarekin: ‘politika egin behar dugu ETA egongo ez balitz bezala’. Hori ezinezkoa da ETAk estortsio egin eta pertsonak hiltzen baititu. Eta horrek, tamalez, bizitza politikoa baldintzatu egiten du. Ezin diogu ETAri bolantea hartzen utzi.

ETAren aurka, bai, ados, baina aurrera eginaz. ETA ez da arazo bakarra. Ez. ETAk desegin egin behar du; bakean utzi gaitzala behingo batean. Ez gaitu ordezkatzen. Halere ETA jaio aurretikoa den gatazka historikoa konpondu behar dugu: ETA afera horren ondorio lazgarria da.

Beraz, ildo hau defendatzen dugun alderdiok bildu egin behar dugu,
baita antzeko iritzia duten sozialista batzuk ere, euskal gizartea mobilizatu
eta konponbide politiko baten bidean. Hori da EAren erronka 2008rako. Ea aurrera egiteko gai garen.

Data hori heldu aurretik, martxoan 9an Espainiako Gorteetako hauteskundeak
izango dira.

Lehian murgilduta daude batzuk jada; Rajoy versus Zapatero norgehiagoka
agerikoa da. Eta martxoa bitartean hori ohiko dinamika izango da. Ez da erraza bien arteko borroka horretan zirrikituak aurkitu eta lekua egitea. Baina EAk ahaleginak
egingo ditu.

Horrez gain, azken urteotan eskuinak, PPk, izan duen jarrera lotsagarria izan da ETArekin behin eta berriz negoziatu ondoren, gero, hamaika traba jartzen aritu da.

Martxo bitarteko egunak beroak izango dira baina abendua ere ez zen epela izan. Adibidez, 18/98 auziko epaia jakitera eman zen. EAk tratu handia izan du 18/98+
lan taldeko ordezkariekin eta irakurketa oso ezkorra egiten dugu epaileek hartutako erabakiaz. Auziperatuak azken urte hauetan bizi izan duten egoera oso zaila da
azaltzen. Madrilera, epaiketara, astero-astero joan behar izateagatik bada lana utzi behar izan duenik. Ez du erraza izan behar egoera horri aurre egitea; diru eta familia kostu handia ordaindu behar izan dute.

Espainian ez dago botere banaketarik; justizia, askotan, gobernuan dagoen alderdiaren eskutik hartuta ibiltzen baita. PP gobernuan egon zenean eta epaileen aukeraketa zer
nola egiten den ikusita, botere judiziala, Espainiako politika kontserbatzaileenaren
menpe dagoela agerikoa da. Eta PSOE ez da gai izan horri guztiari aurre egiteko. Horren adibide da Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Rodolfo Aresen aurka hartutako neurri judizialak. Herritarrok izan behar dugu bizitza politikoaren epaileak, ez auzitegiak.

18/98 sumarioan jende asko epaitu dute. Eta aniztasuna aniztasun, badira tartean biolentzia eza oinarri politiko gisa dutenak. Desobedientzia zibila tresna izan arren kartzela zigorra ezarri zaie bat baino gehiagori.

EHAK eta EAE-ANVren ilegalizazioa gauzatuko al da?

ETAk egin ditzakeen ekintzek asko baldintzatuko dute hori, nahiz eta jada ilegalizazioaren bidean gobernuak pauso batzuk emanak dituen. EHAKren ilegalizazioa, zorionez, ez dut uste gauzatuko denik. PSOEren kalkulu politikoa dago erabaki horren atzean.

EAJk eta EAk abenduaz geroztik presidente berria dute. Iñigo Urkullurekin (EAJ) egoteko aukerarik izan al duzu?

Bai, aspaldiko ezaguna dut Iñigo gainera. Pertsona abegitsua da eta harreman ona eta zuzena dut berarekin. Baita EAJko beste hainbat kiderekin ere. Josu Jon Imaz ez
nuen hainbeste ezagutu. Begirune handia diot Imazi, nahiz eta biok ikuspegi politiko ezberdinak ditugun.

Harreman horiek kontutan izanda eta Nafarroa Bai (NaBai) koalizioa osatzen duzuenok Erreinu Zaharreko parlamenturako hauteskundeetan lorturiko emaitzak ikusita, Madrilgo Gorteetarakoen inguruan antzeko zerbait egiteko asmorik?

Ez dut batere baztertzen bide hori. Eusko Jaurlaritzak azken 20 urteotan egin duen proposamen garrantzitsuena mahai gainean dago, eta gure etorkizunaz erabakitzea, giza
eskubideen errespetua eta elkarrizketa oinarritzat ditugun alderdiok, gai izan behar dugu proposamen hori, bateginik, sendotasunez azaltzeko. Espainiako gobernua eta Eusko
Jaurlaritzaren arteko elkarrizketa dago guztiaren atzean. Beraz, hiru oinarri horiek babesten ditugunok zentzuzkoa litzateke batuta Espainiako hauteskunde orokorretara
aurkeztea. Hots, batasun horren isla izateko. EAk beste alderdiekin izan dituen tokian tokiko kontaktuak ez dira batere txarrak izan, baina nahiz eta martxoa gertu egon
guztiok bateginik zerbait egiteko garaiz gabiltza.

Opari ona ekarri al zizun abenduaren 16an Olentzerok? EAko presidentzia.

Oparia baino erantzukizuna ekarri zidan. Poztekoa da, alderdiak, hau da, jende multzo batek, ni aukeratu izana zuzendaritzaren kargu gorenean, EAren proiektua aurrera eramateko.

Sektore ofizial eta kritikoen arteko ika-mikak baretuko al dira EAn?

Alderdietan sentsibilitate ezberdinak daude. Guzti-guztietan. Besteetan gurean baino orekatuagoak izaten dira eztabaidak, antza; Eakoak hedabideentzat gozoak izaten dira oso. Halere batzarraren aurretik zerrenda bateratua osatzeko egin zen esfortzua izan da emaitzarik onena.

EAko bi joeren arteko negoziaketak gogorrak izan al ziren?

Ez. Egun ez dago ez kritikorik, ez eta ofizialik ere. Orain denok bat gara; sentsibilitate guztiak baitaude zuzendaritza nazional berrian. Bateginik arraun egiteko une da. Ezin dugu une oro bizpahiru gaien inguruan eztabaidatzen aritu; hamaika gai garrantzitsuri irtenbidea aurkitzen ahalegindu behar dugu. Hala eskatzen ari zaigu herria gainera. Izan ere, nola kudeatuko dugu gizartea gure etxeko arazoak konpontzeko gai ez bagara?

Auzi hori argi eta garbi bizi berri du bere larrutan EAJk. Eta ekiditeko, normaltasun erlatibo batekin konpondu du arazoa: itxurazko adostasunarekin. Nahiz eta etxea, dagoen bezala egon…

Zure hautagaitzak alderdikideen %66,23ko babesa jaso zuen.

Alaitzeko moduko datua da, EAko azken bi batzarretan inork ez baitu halako babesik jaso. Baina hori ez da garrantzitsuena. Lorpenik handiena zerrenda bakar bat lortu izana
da; azken zortzi urte hauetan erdietsi ez duguna. Hau da, aurreko dinamika kaskarra apurtu, adostasunezko zuzendaritza osatu eta sentsibilitate guztiak biltzea.

Joseba Azkarraga, botoen %45,7ko babesarekin idazkari nagusi izendatu zuten afiliatuek.

Alderdikideek botoari esker bere preferentziak adierazteko aukera izateak batzuek besteek baino boto gehiago eskuratzea suposatzen du. Ez diot datu horri aparteko garrantzirik ematen. Eztabaida eta aniztasuna dira gure alderdiaren oinarriak.

Batzarraren azken egunean Pernando Barrenaren oholtzaratzeak sortu zuen polemikak…

…harrituta utzi ninduen! Ezker abertzalea, beste alderdi batzuk bezala, batzarreko amaiera saiora gonbidatu izan dugu. Beti gainera. Jendearen jarrera erabat ulergarria
da, ez baikara une oso eroso batean bizi. EAko kargudun bat baino gehiago mehatxatu egin dituzte; herri bat baino gehiagotan jazarriak izaten ari dira. Eta bere herriaren alde lanean ari den alderdikide batek hori jasatea, onartezina da. Egunero-egunero mafioso batzuen presioa sumatzen dute. Batzuk ez dira oraindik ohartu politika inor mehatxatu gabe egiten dela. Halere, Pernando Barrena era horretako ekintzak egiten dituztenekin
identifikatzea ez zaidanez zilegi iruditzen, batzarrean bere aurka egin zutenekin ez nago ados. Protesta egiteko beste era batzuk daude; hitz egiten ari zenean aretorik irtetea… Baina gonbidatu batekin ados egon ez arren, lehenik eta behin, ez da adeigabea izan behar.

Orain lau urte, ezustean, idazkari nagusi izendatu zintuzten. Urteek heldutasun politikoa eman al dizute?

Punta-puntan egoteak asko janzten du, noski. Nire erreferentzia politiko bakarra, EA izan da. Duela lau urte erantzukizun bat hartzeko aukera aurkeztu zitzaidan, eta ezetz esatea nekeza egiten zaidanez, onartzea erabaki nuen. Orain, EAko presidente izatearen erantzukizuna beste erronka bat da niretzat.

21 urte igaro dira EAJren zatiketaren ondorioz EA jaio zenetik…

…bereizketa behin eta berriz aipatzeko batzuek duten joeraren inguruan, nolabaiteko interes ‘berezi’ bat antzematen dut. Ez dakit zergatik. EAko zuzendaritza nazionala
osatzen dugunon %80 inguru ez da EAz gain beste inongo alderditan egon. Zatiketa erabat gainditua dago.

EAk euskal sozialdemokrazia aldarrikatzen du. ‘Ideologien krisia’ deritzan aro honetan zer leku betetzen du zure alderdiak?

Herria, bake irrikitan bizi da; ea lehen bai lehen lortzen dugun. Heltzen denean beste eskema batzuen barruan egingo dugu politika. Etorkizun batean, esaterako, jatorri
espainiarreko eta jatorri euskalduneko, ezkertiarrok, gauza batzuetan bat etortzea aproposa litzateke. Ongizatearen estatuaren nortasuna urtzen ari dira enpresa multinazionalak egunetik egunera duten indar are eta handiagoari esker. Badira,
gobernu batzuk baino indar gehiago izatera iritsi direnak. Eta bide batez gizartea norabide jakin batera bultzatzen ari dira: pribatizaziora, konpetitibitatera…

Sozialdemokrazia modernoak horri guztiari aurre egin diezaiokeelakoan nago. Europako iparraldea da gure erreferentzia. Ez Ameriketako Estatu Batuak (AEB); Suedia, Norvegia, Danimarka… baizik. Hau da, gastu sozialean asko inbertitzen
duten herriak.

EAEko probintzia bakoitzak bere sozietateen zerga izatea ez ei da zure gustukoa.

Gurea, herria oso txikia da eta ez du zentzurik kilometro gutxi batzuen bueltan bakoitzak bere sozietateen zerga izatea. Horrek ez dauka ez hanka eta ez bururik.
Lurralde Historikoen Legearekin probintzia bakoitza bere lurraldetxoa eraikitzen ari da. Zentzutasunaren bidean, Eusko Legebiltzarrak auzi honetan zeresan handiago izan beharko luke. Gauzak behar den bezala egin behar ditugu. Nolabaiteko deszentralizazioaren aldekoa izan arren, ez du zentzurik alor berbera kudeatzeko,
nekazaritza sailburu eta nekazaritza diputatu bana izatea. Egoera hori arrazionalizatu egin behar dugu.

Azkenaldian nahikoa zeresan ematen ari da Abiadura Handiko Trena (AHT). Adibidez, ELA sindikatua aurka azaldu da; baita hirukoaren kide den Ezker Batua ere.

Gurea, herria oso txikia da eta ez du zentzurik kilometro gutxi batzuen bueltan bakoitzak bere sozietate zerga izatea. Horrek ez dauka ez hanka eta ez bururik “
Eztabaida aberatsa da. Baina auzi honetan ere ezin dugu ETA ahantzi. Hau da, bortxakeria eta mafiaren faktorea. Eusko Legebiltzarrean alderdi bakoitzak bere iritzia
emateko aukera izan du eta eztabaidatu ondoren, gehiengo zabala AHTren alde azaldu da.

ELAren jarrera? Aurkeztu dadila hauteskunde batzuetara eta bere ildoa defenda dezala. Orain erabakitakoa errespetatzea dagokigu guztioi; ingurumenari ahalik eta kalte txikiena eraginez noski.

Alderdien egoitzen aurkako erasoak ez dira eten eta ETA ere ez da isildu.

Lehenik eta behin ETAren azken komunikatuan ageri diren pertsonei nire elkartasuna adierazi nahi diet. Bertan esaten direnak ezin dira txantxetan hartu eta. ETA errealitatetik at bizi da eta ez du euskal herriaren borondatea ordezkatzen. Bere asmo politikoak alderdi baten esku utzi eta desagertzea eskatzen diot. ETAren estrategiak mina eta sufrimendua besterik ez dio eragin herri honi. Hain maiz ezker abertzaleak aldarrikatzen dituen giza eskubideen defentsa une oro defendatu behar dira; baita ETAk bi Guardia Civil hil edota lehergailu bat ipintzen duenean ere. Guztiok egin behar dugu gure ekarpena.

Euskal Herriak eta Kataluniak futbol partida bat jokatu berri dute. Euskadi edo Euskal Herria?

Horren atzean antolatu den eztabaida, erabat antzua izan da. Euskadi kontzeptu politikoa da; Euskal Herria, berriz, kulturala. Nik, Euskadi, zazpi herrialdeekin erlazionatzen dut, eta ez batzuk bezala, hirurekin. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) osatzen duten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin. Ni, Euskadiren aldekoa
naiz.

Lau hilabete barru 40 urte beteko dira ‘Maiatzaren 68tik’. Parisen oihukatu zen eslogan bat ‘Irudimena boterera’ izan zen. Politikak imajinazioaren premiarik ba al du?

Bai. Azken 30 urte hauetan euskal politikoek hamaika irtenbide jarri dituzte mahai
gainean eta estatuaren erantzuna beti berbera izan da. Beste alde batetik alderdietako buruzagitzetan gaudenok jende berria sartzen ari gara eta Trantsizio garaiko politiko handiaren irudia, adibidez, Carlos Garaikoetxea, desagertzen ari da. Egun, pertsonalismoak alboratu eta talde lana da nagusi.

Mungiarra baina Larrauri auzokoa.

Hala da. Larraurik pertsonalitate propio edo berezia du; nolabaiteko errepublika
independentea da.

Garai batean musika talde bat baino gehiagotan gitarra joa zara.

Musika zale amorratuak gara etxean; arrebak biolina jotzen zuen, anaiak pianoa eta
ni rock zalea nintzenez, hasieran guitarra klasikoa eta gero elektrikoa. Bolada batean
berbena taldean jotzen aritu nintzen. Ondoren zarata ateratzeari ekin nion Cervical, Cojonia… taldeetan. Ramonesen musika laket dut oso; baita RIPena ere.

Motor zalea ere bazara: Rossi, Pedrosa…

Rossi! Halere rallyak dira gehien gustatzen zaizkidana; koadrilarekin bide bazterrean
ikustea oso gustuko dut.

Fuente: Unai Ziarreta